Beste pauso bat, kanpo eskeletoari esker

Hiru urtez dirua biltzen aritu ondoren, Nafarroako Esklerosi Anizkoitzeko Elkarteak exoeskeletoa lortu du

inesmateoexoeskeleto
Ines Mateo, artxiboko irudian, exoeskeletoa probatzen. JUAN LARRETA
itsaso jauregi 2
2023ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

«Ilusio handia dugu». Hitz horiekin laburbildu du Silvia Lorea Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteko presidenteak exoeskeletoa Nafarroara iritsi izana. Bidaia hau 2020ko urrian hasi zen; kanpo eskeleto gisa funtzionatzen duen asmakizuna hamar pertsonak probatu zuten Nafarroan, eta, emaitzak onak zirela ikusita, exoeskeletoa erosteko behar zen dirua lortzeko mobilizazioak hasi zituzten. Txokolate solidarioa egitasmoari esker, 60.000 tableta baino gehiago saldu zituzten, eta diru horrekin 140.000 euro balio duen aparatua erosteko aukera izan du Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak. «Eskerrak eman nahi dizkiegu lagundu diguten guztiei. Emandako babesari esker lortu dugu exoeskeletoa Nafarroara ekartzea», esan du Loreak.

Exoeskeletoa edo jantzi robotikoa armazoi moduko bat da; mekanikoa eta motorizatua dago, eta gorputzaren kanpoaldetik kokatzen da. Erabiltzaileari eusteko kortse mekanizatua izango litzateke, eta ibiltzeko edo objektu astunak jasotzeko erabil daiteke. Juan Larreta Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteko kideak exoeskeletoa ibiltzen laguntzeko erabili du, esklerosi anizkoitza baitu: «Zure gorputzean jartzen duzun armazoi moduko bat da, eta mugitzeko arazoak ditugunontzat lagungarria da ibiltzeko».

Exoeskeletoak erabiltzailearen gorputzaren zati bat edo gorputza osorik estaltzen du, eta motor elektrikoak, sentsoreak eta sistema hidraulikoak ditu, mugitu ahal izateko. Kanpo eskeletoak sentsore biometrikoak ere baditu, erabiltzailearen mugimenduak gidatzeko, seinale elektronikoei esker. Sentsore horiek kontrolatzeko pantaila bat dago egitura horren atzean, erabiltzailearen bizkarrean jartzen dena. «Pertsona espezializatuek kudeatzen dute; exoeskeletoa erabiltzeko zaila delako eta erabiltzaile bakoitzaren gorputzaren parametroak gailuan jarri behar direlako», azaldu du Loreak.

Gorputzaren memoria

Giharrek eta hezurrek memoria dutela esan du Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteko presidenteak; iraganean egindako mugimenduak ongi gordetzen dituzte barnean. Hala ere, batzuetan oroitzapen horiek galdu egiten dira bidean, esklerosi anizkoitzaren ondorioz, adibidez. «Guk zailtasunak ditugu ibiltzeko, eta exoeskeletoari esker ibiltzeko modua aldatu egiten da; tenteago gabiltza. Burmuinak, ustez, berriro ikas ditzake ahaztutako patroi batzuk», esan du Larretak. Exoeskeletoa 2020an probatu zuen Larretak lehendabiziko aldiz, eta esperientzia «izugarria» izan zela esan du: «Beti makilen eta gurpil aulkien mende egon naiz, baina, exoeskeletoari esker, ordu erdiz ibiltzeko aukera izan dut, adibidez. Urte asko ziren ez nintzela ordu erdiz ibiltzen».

Helburu nagusia mugitzeko gaitasuna mugatua duten pertsonek ahaztutako pausoak berreskuratzea da, exoeskeletoaren laguntzarekin. Horretarako erabiltzaileak exoeskeletoak egiten dituen urratsak barneratu behar ditu, bereak egin, eta, ahal bada, ahaztutako urratsak gogoratzeko. «Exoeskeletoa kentzen dutenean, ikasitakoa norbere kabuz egiten saiatu behar da; markatu dituen pausoak jarraitu behar izaten dira», azaldu du Loreak.

Nafarroara exoeskeletoa iritsi bezain laster, bilera bat antolatu zuten Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartean, asmakizun berria nork probatuko zuen erabakitzeko; izan ere, edonork ezin du erabili kanpo eskeletoa, Larretak azaldu duen bezala: «Gorputz enborra kontrolatzea ezinbestekoa da. Enborraren kontrolik ez duen jendeari exoeskeletoak ez lioke ekarpen handirik egingo, lan guztia makinak egingo lukeelako. Mugitzeko arazoak izan arren, enborra kontrolatu dezakeen jendearentzat da». Gainera, erabiltzaileek 1,60 eta 1,95 metro arteko altuera izan behar dute, eta gero medikuek aukeratzen dute pertsona hori makina erabiltzeko egokia den ala ez.

Tresna bionikoa iristearekin batera, Loreak autoestimuaren hazkundea nabaritu du kasu askotan: «Ahaztuak zituzten pausoak gogoratzeak izugarrizko eragina izan du erabiltzaileen autoestimuan eta gogoetan». Hasieran, «urduritasuna» nabari zen exoeskeletoa probatu behar zuten 50 pertsonen artean: zalantzak zeuden haiekin funtzionatuko ote zuen, haiengan eraginik izango ote zuen, baina urduritasuna desagertu egin zen exoeskeletoa kendu eta haien urratsak arinagoak zirela ikusi zutenean.

Badago exoeskeletoaren bidea oztopatzen duen elementu bat, ordea: prezioa. Makinak 140.000 euro inguru balio du; beraz, jende gutxiren esku dago. Exoeskeletoak Gizarte Segurantzaren esku egon beharko luke, jende guztiari laguntzeko; baina, oraingoz, ez da hala izan», esan du Larretak. Gaur-gaurkoz, bakarra dago Nafarroan, baina gehiago iritsiko diren zurrumurruak entzun ditu Larretak Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartean.

Gainerako exoeskeletoak iritsi bitartean, Loreak «ahalik eta gehien» ikertu nahi du makina; terapietan erabili, zer aplikazio dituen ikusi, eta mugitzeko gaitasuna mugatua duten beste paziente batzuekin ere erabil daitekeen ikertu. Larretaren arabera, oraindik lan handia dago egiteko, eta asmakizuna guztien esku jartzea izango litzateke lehendabiziko urratsa; baina, momentuz, exoeskeletoaren laguntzarekin ibiltzeko gogoa duela esan du: «Exoeskeletoa erabiltzen dudanean, nekatuta egoten naiz, baina, behingoz, zerbaitegatik nekatzen naiz. Ohetik jaikitzen naizenean, nire gaixotasunarengatik jada nekatuta egoten naiz. Ibiltzen naizelako egoten naiz nekatuta orain, eta sentsazio bikaina da; ezin da hitzez azaldu lehen egiten nituen gauzak berriz egiteak zer sentsazio eragiten duen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.