Eduard Toda Herrialde Katalanetako lehen egiptologoa izan zen. Antoni Gaudiren laguna zen esploratzaile katalan eta katalanista hari buruzko erakusketa bat egin berri dute Espainiako Museo Arkeologiko Nazionalean, Madrilen. Erakusketa hartako katalogoa etxeko egongelan dauka haren birbilobak, Teresa Toda kazetariak (Porto Alegre, Brasil, 1950). «Nik uste dut haren gene dezente jaso ditudala. Kazetaria zen, nazioarteko gaiekiko interesa zuen, komunikatzeko gogoa... Oso mugitua zen, eta ni oso mugitua izan naiz beti». Munduko txoko ugaritan bizi izan da, eta Euskal Herria du etxe azken hamarkada luzeetan. «Elkarrizketa non egin dezakegun? Egin-en egoitzan egin behar genuke, baina ja ez dago». Kazetari gisa duen ibilbide luzean Todak etxe bat izan badu, Egin izan du. Itxi zuten arte.
Haurtzaroa da gizakiaren benetako aberria?
Bai. Haurtzaroa toki batetik bestera pasatu nuen, aita diplomazialaria zelako. Orduan, asko mugitzen ginen. Nahiko zirkulu txikian igaro nuen haurtzaroa. Eskolara joaten ginen, baina ez ginen kalean jolasten. Familian bizi ginen. Aita jatorriz katalana zen, eta ama, Valladolidekoa; oso harreman berezia izan dut nik amarekin.
Txilen, Brasilen, AEBetan eta Erresuma Batuan pasatu zenuen haurtzaroa. Horrek eduki du eraginik zugan?
Bai, eragin positiboa eta negatiboa. Positiboa, zeren aukera eman dit oso txikitatik bestelako jendearekin egoteko. Beste mundu batzuk ikusi nituen, eta konturatu nintzen mundua ez dela bakarrik bizi zaren tokia. Eta negatiboa: 10 urtetik gora asko kostatzen zitzaidan toki batetik joatea, justu laguntasun harremanak lantzen ari nintzelako. Eta apurtu egiten ziren. Min ematen zidanez, erabaki nuen, agian inkontzienteki, mugitzen ginen heinean harremanak moztea. Gero, nerabezaroan eta helduaroan beste modu batean lantzen ditugu harremanak.
«Gehien gustatu zitzaidana zera izan zen, Neil Armstrongi, Ilargira joan zenari egin nion elkarrizketa. Ingelesez jakitea beti izan da lagungarria»
Euskal Herrira noiz iritsi zinen lehenengo aldiz?
Meliton Manzanas hil eta hiru egunera. Ingalaterran geunden; unibertsitatean hasi behar nuen, eta gurasoek pentsatu zuten Opuseko unibertsitatera bidaltzea [Nafarroako Unibertsitatera]. Zergatik ote? [barrez] Kazetaritza ikasten hasi nintzen, komunikatzeko beharra neukalako, eta mundua ulertzeko eta azaltzeko gogoa. Urtebete egin nuen, bota egin baikintuzten.
Noiz politizatu zinen?
Ni 68ko belaunaldikoa naiz, bete-betean. Baina, hori baino lehen, gogoan ditut Kennedy hil zuten eguna, jende beltzaren lehenengo erreboltak, Vietnamgo gerra, Irlanda... Gurasoengandik jaso duzuna zalantzan jartzen hasten zara. Estatu Batuetan, emakume judu bat etortzen zen eskolara gure bila, eta behin esan zigun Hitlerrek Franco babestu zuela, eta guk, noski, nola sinetsi! Guretzat Franco ona zen, eta nola izan daiteke... Orduan, halakoek galderak sortzen dizkizute. Euskal Herrira iritsi nintzenean, justu Melitonena gertatu, eta Iruñean banituen lagunak euskaraz aritzen zirenak, Katalunia, Euskadi... Bai, galderak.
Zergatik bota zintuzten unibertsitatetik?
Mugimendu handia zegoen unibertsitateetan. Itxialdi bat egin genuen, kide batzuk atxilotu zituztelako; berrogei bat burutzat jo gintuzten, eta unibertsitatetik bota. Kristoren liskarra etxean... Ingalaterran geratu nintzen lan egiten, eta, ondoren, Madrilera joan nintzen, ikasketak bukatzera. Praktikak Abc egunkarian egin nituen. Pentsa: Abc pixka bat erregimenaren kontrakoa zen, Juan Carlosen aitaren aldekoa zelako. Garai hartan ez zegoen prentsa askatasunik.
Nolakoa zen kazetari izatea?
Anekdotikoa! [barrez] Gauza batzuk erregimenarekin oso lerrokatuta zeuden; adibidez, gogoratzen dut huelga hitza ezin genuela erabili. Erreportaje askorekin hornitzen zen. Lola Floresi elkarrizketa egin nion, adibidez. Gehien gustatu zitzaidana zera izan zen, Neil Armstrongi, Ilargira joan zenari egin nion elkarrizketa. Ingelesez jakitea beti izan da lagungarria.
Gero, Bartzelonara.
Bai. Ezkondu nintzen, Kataluniara joan bizitzera, baina nahiko azkar banandu ginen, eta Bartzelonan geratu nintzen. Lana aurkitu nuen CCOOren prentsa bulegoan, 1979tik 1981era. CCOOn bizi izandakoa oso interesgarria izan zen. Langile mugimendua oso indartsua zen. Era berean, MCko [Mugimendu Komunistako] kidea nintzen, eta estatu kolpetik hilabete batzuetara Madrilera joan nintzen, MCren aldizkarian lan egiteko. Orduan proposatu zigun Egin-ek berriemaile izateko. Orduan, ba... kito. 1984a zen.
«Alcala hotelekoa da nire bizitzako gertaerarik gogorrena, markatu nauena; fisikoki sentitzen dut eragina oraindik»
Auzitegi Nazionalean ibiltzen zinen asko.
Bai, garai hartan lan asko egiten nuen Auzitegi Nazionalean; egunak pasatzen nituen han. Behin hasi nintzen kalkulatzen zenbat epaiketaren kronikak egin nituen, eta seiehun edo zazpiehun izan ziren. Garai hartan, egunero zeuden erorialdiak, eta epaiketak oso luzeak ziren. Epaiketa pila bat izaten ziren. Hango kazetariekin harreman onak sortu nituen.
Hala ere, ez zen erraza izango Egin-eko kazetaria izatea Madrilen.
Hasieran bai, hasieran ez zen oso zaila izan. Oso onartuak geunden. Harremanak nituen Auzitegi Nazionaleko funtzionario batzuekin, hor mugitzen ziren kazetariekin —denak nahiko gazteak ginen—, eta elkarlanean aritzen ginen. Halako batean, ETAk Tagle fiskala hil zuenean, denek moztu zuten harremana. Gainera, Corcuera [Jose Luis, Espainiako Barne ministroa] hasi zen esaten «la señora Toda señala...» [Toda andereak seinalatzen du...], eta harremana pila bat aldatu zen. Kazetari batzuek bizkarra eman zidaten, eta giroa gaiztotu zen. Tagle hil eta gutxira gertatu zen Alcala hotelekoa...
Zu hor zeunden.
Han nengoen. Nire bizitzako gertaerarik gogorrena, markatu nauena; oraindik ere, hartaz hizketan hasi, eta fisikoki sentitzen dut eragina. Gainera, Josu [Muguruza] laguna neukan, ez lankide bakarrik.
Kazetaria zen Egin-en, eta diputatu kargua hartu berri zuen hil zutenean...
Egun berean, bai. Kargua hartu zuten, eta denok elkarrekin afaldu genuen Alcala hotelean... Eta gertatu zen gertatu zena. Eta Iñaki Esnaola larri zauritu. Hori ere gogoratu behar da. Gogoratzen dut hurrengo egunean Kongresura joan nintzela kronika egitera... Oso gogorra izan zen.
Muguruzaren hilketa izan eta gero, Euskal Herrira etorri zinen.
Han oso ezaguna nintzen ordurako, eta egunkarikoek planteatu zidaten hobe zela hona etortzea.
Zeure burua babesteko?
Bai.
Nolakoa zen Josu Muguruza?
Oso alaia zen, eta buru oso argia zeukan. Oso pertsona irekia zen: balio asko zeuzkan, buru oso ona, eta gai zen jendearekin hitz egiteko.
Euskal Herrira etorri zinen.
Egin berritzen hasi ginen: kolorea, diseinua... Bestela ere bai. Koadernotxoak lantzen hasi ginen gazteentzat, igandeko gehigarria... Igandeko lehen gehigarria gurea izan zen. Bultzada bat eman behar zitzaion. Bultzada bat, ez normalizatzeko, baizik eta egunkaria erakargarri egiteko. Beti izan da egunkari oso konprometitua eta militantea, baina harago joan behar genuen: jendeari gauza gehiago azaltzeko, gai gehiago jorratzeko... Irekitzea, begirada zabaltzea, planteamendua zabaltzea. Salutregi [Jabier, Egin-en zuzendaria] izan zen bultzatzaile nagusia, beste ideia jasa bat. Jende dezentek hartu genuen parte, eta azkenean atera zen egunkaria.
«Batzuetan, pisu handiagoa zeukan ni hemengoa ez izateak, emakume izateak baino. Hori aipatuko nuke»
Egin-ek zer ekarpen egin zion euskal gizarteari?
Hemen sinisten badugu prentsa askatasuna dagoela, iritzi guztiak behar dira. Egin-ek bere iritzia zeukan. Nire ustez, ekarpena handia izan zen, hasieratik: herritik sortu zen, ekarpen askoren bitartez. Gero, bere eboluzioa izan zuen, akats gogorrak ere izan ditu... Hor dago hemeroteka.
Oztoporik izan duzu kazetari lanean emakume izateagatik?
Ez asko. Batzuetan, pisu handiagoa zeukan ni hemengoa ez izateak, emakume izateak baino. Hori aipatuko nuke. Batzuetan, hori sentitu izan dut pixka bat. Ez bakarrik Egin-en. «Zuk ez dituzu gauzak ulertzen besteok bezala, ez zarelako hemengoa». Momentu batzuetan sentitu nuen, bereziki hasieran. Madrildik nentorren, eta ardura neukan egunkarian.
Euskal gatazka puri-purian zegoen.
Oso urte gogorrak ziren, eta oso gaizki pasatu genuen Egin-en. Ertzainak sartu, Guardia Zibilak Fernando Alonso eta Andoni Murga atxilotu… Gauza pila bat. Eta mehatxuak jasotzen genituen.
Zuk ere bai?
Bai, gutunen bidez.
Eta 1998an egunkaria itxi zuten.
Ni, eszedentzia hartuta, LABen nengoen, eta lanean nengoela jakin nuen. Berehala joan ginen. Ni sumarioan sartuta ere banengoen… 18/98+ sumarioa. Bozeramaile izan nintzen, eta beste dinamika batean sartu nintzen.
Horrek markatu zituen zure bizitzako hainbat urte.
Pila bat. Lehenengo urteak, zain. 18/98koak aukera sortu zuen alderdiekin beste harreman mota batzuk sortzeko. Besteekin hitz egiteko jarrera eta borondatea izan ditut beti; ondo moldatzen naiz ezberdinen arteko hizketan. Gure epaiketaren zain geundenean, Lizarra-Garazi etorri zen, eta garai hartan zinegotzi egon nintzen Urnietan. Gero, Udalbiltza. Gu epaiketan zentratuta egon ginen… Eta gero espetxera. Espetxetik ateratzean, aukera izan nuen Saren aritzeko, eta, gero, Foro Sozialean. Bizitza militantea bukatzeko, Foro Soziala esperientzia oso ona izan da. Lan egiteko moldeak, zer ekarpen egin genuen gatazkaren konponbide prozesuan. Lan ederra egin zuen biktimekin, alde batekoekin eta bestekoekin, elkarri entzunez. Nire ustez, Foro Sozialak oso eragin handia izan zuen bere garaian.
Diskrezio handikoa, gainera.
Oso garrantzitsua izan zen diskrezioa, eta nola eutsi zitzaion. Hor sortu ziren harreman politikoak mundu guztiak errespetatu ditu. Hori oso berezia da, hemengo negoziazio prozesuetan filtrazioak eta interesak egon direlako Aljeriatik hona egin diren guztietan. Ordurako beste giro bat zegoen, eta lortu zen eustea. Presoen alde ere asko egin eta lortu zen, eta hori ere oso diskretua izan zen.
«Bizitza militantea bukatzeko, Foro Soziala esperientzia oso ona izan da. Nire ustez, Foro Sozialak oso eragin handia izan zuen»
Kazetari moduan kostatu zitzaizun?
Ez. Aljerkoaren garaian ere nik banekizkien gauza batzuk, eta ez nituen kaleratu. Hori ez zait kostatu.
Informazio asko gorde duzu zuretzat?
Informazio batzuk bai.
Zergatik?
Kalte egin dezaketelako. Hala ere, adibidez, sakabanaketa garaian espetxe funtzionario batek kontatu zidan zer zegoen horren atzetik: zer-nolako kaltea egin nahi zuen garai hartako ministroak. Hori 1989an izan zen. Kalte egin nahi zien, bai presoei, bai haien familiei. Hori horrela zen, eta hori kontatu nuen erreportaje batean, iturriak aipatu gabe. Torturaren inguruan ere bai: nola ikusten zenuen jendea, eta nola ateratzen zen Auzitegi Nazionaletik.
Sei urte egin zenituen espetxean. Hori ere ez zen batere garai samurra izango.
Ez, baina pila bat ikasten da kartzelan. Zenbat miseria dagoen munduan, adibidez. Ikusten duzu gizarteak berak nolako kaltea egiten dion jende zaurgarriari. Espetxea bera ikusi nuen: lau ordu patioan, eta beste guztia ziegan. Euskara gehiago lantzeko baliatu nuen.
Orain zein da zure egunerokoa?
Ba, 70 urte nituenean, zera pentsatu nuen: nire bizitza publikoa bukatu da, beste belaunaldi batzuen garaia da, eta gauza puntualetan agertuko naiz. Bereziki, Palestinaren alde, presoen alde, eta hemen, Hernanin, Amher elkartearekin kolaboratzen dut. Eta argazkigintza! Orain denbora daukat nire zaletasunak lantzeko, eta argazkiekin oso gustura nabil. Eta mendizale amorratua naiz! Astero-astero joaten naiz mendira, lagunekin. Asko ez zait geratzen; orduan, zeure burua ere zaindu behar duzu, zure bizitza. Eta urte hauek hori egiteko dira.
Atzera begiratuta, zer etortzen zaizu burura?
Zelako bizitza izan dudan! Ez naiz damutzen. Gauza puntual batzuk hobeto egin nitzakeen, baina beste batzuk ondo egin ditut. Motxila kokatu behar da, asumitu.
Eta jantzita eduki?
Bueno… Momentu batzuetan, hor utzi, kamera hartu eta kalera atera!