Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Oporretan beti leku berera joateak badu bere xarma. Beti bide beretik abiatzen dira batzuk, lehendik ezagutzen dituzten herrietara edo paisaietara. Arrazoiak askotarikoak izan daitezke, baina, errepikapenaren errepikapenez, oroitzapenak pilatu eta gozamena sentitzen dute helmugan.
Toñi Fariña arbasoen lurraldera joan ohi da oporretan: Extremadurako (Espainia) bi herriren artean banatzen du egonaldia. Jose Ignacio Alonso Euskal Herriko hiririk handienetik ehun biztanle ere ez dituen herrixka batera joan ohi da lasaitasunaren bila. Edorta San Martinek, berriz, ekialdera egiten du; Mediterraneorantz. Handik ezagutzen ez duen hiriren baterantz egiten du hegan bikotekidearekin.
1 | Toñi Fariña
«Amaginarrebarekin asko joan gara herrira. Harentzat ez zegoen bere herria bezalakorik»
Mundua herria dutenen eta ez dutenen artean banatzen dela esatearen txantxa maiz entzuten da. Ez dira gutxi Extremaduran (Espainia) pueblo-a duten euskaldunak. Toñi Fariña (Matiena, Abadiño, Bizkaia, 1968) gurasoak jaio ziren lurraldera joan ohi da oporretan: «Olivenzan jaio ziren biak. Lau ahizpa gara eta bi zaharrenak han jaio ziren. Ahizpetako bat han ezkondu zen. Landa eremuan etxe polita dauka, igerileku eta guzti, eta hogei lagun inguru elkartzen gara han. Ilobak seme-alabekin joaten dira orain».

Concepcion amona bi seme zaharrekin etorri zen Extremaduratik Euskal Herria: «Gero denak etorri ziren. Amaren bi anaiak baserri batera etorri ziren. Tximingo zen baserriaren izena. EITB bertan egin zutenean bota zuten. Gero denak etorri ziren. Ni hemen jaiotakoa naiz».
Fariñak dioenez, gurasoek gosetik ihesi emigratu zuten: «Han ez zegoen lanik, ez zegoen ezer. Amak asko sufritu zuen gerraostean. Gosea pasatutakoa zen, eta ez zitzaion gustatzen hara itzultzea. Oroitzapen latzak zituen. Hamar urterekin hasi zen neskame lanetan jauntxoen etxe batean».
«Udan bero handia egiten du han, dena lehor-lehor dago, baina udaberrian oso ederra da, berde-berdea. Aste Santuan joan nahiago izaten dut»
TOÑI FARIÑA
Hurrengo belaunaldiarentzat samurragoa izan da dena. Quintana de la Serena eta Puebla de Obando herrien artean ibili izan da familia oporretan. Fariña Durangon (Bizkaia) bizi da egun, eta, gauzak zer diren, gurasoak extremadurarrak zituen gizon batekin ezkondu zen: «Amaginarrebarekin asko joan gara herrira. Alzheimerra du orain, baina harentzat ez zegoen bere herria bezalakorik. Quintanar de la Serenak bi kale baino ez ditu, baina bere bi kaleak dira. Haurrak txikiak zirenetik joan izan gara, koinatuen seme-alabekin. Lagunak egin zituzten han. Nire semea hara joan da bizitzera bertakoa den bikotekiarekin».
Fariñak irribarrez aitortu du askok «inbidia» izan diotela «pueblo-a» duelako. Haren hitzetan, «erraza» da oporretan beti leku berera joatea. «Etxea daukazu, eta horrek dena errazten du. Udan bero handia egiten du han, dena lehor-lehor dago, baina udaberrian oso ederra da, berde-berdea. Aste Santuan joan nahiago izaten dut. Caceres oso polita da». Ahizparekin olibak jasotzen ere ibili zen behin. Dena den, beste leku batzuetara ere joan izan da: «Asturias eta Galizia ere asko gustatzen zaizkigu. Eta Pirinioak ere bai. Asko mugitzen gara, baina abuztuan herrira goaz beti».
2 | Jose Ignacio Alonso
«Hemen, lasaitasuna erabatekoa da. Bilbon, autoarekin nabil egun osoan, estresatuta»
Bilbo eta Esprontzeda (Nafarroa) bi mundu dira. Bi ordu eskas baino ez daude batetik bestera autoan, baina erritmoa zeharo ezberdina da, paisaia eta eguraldia ere bai. Jose Ignacio Alonsok (Bilbo, 1979) lau urte daramatza bide bera hartzen oporretan joateko.
«Hemen lasaitasuna erabatekoa da. Bilbon autoarekin nabil egun osoan, batetik bestera, estresatuta, eta hemen lasai-lasai egoten naiz. Indarberritu egiten naiz». Markinezenea landetxean hartzen dute aterpe urtero. «Urtean bitan, lagunekin landetxeren batera joaten gara. Hainbat lekutara joan izan gara, mendi zeharkaldiak egitera, adibidez. Neguan egiten dugu irteera bat, eta udan bestea, eta, garaiaren arabera, etxeak tximinia edo barbakoa izatea nahi izaten dugu. Behin hona etorri nintzen lagunekin, eta oso gustura egon ginen. Orduan erabaki nuen amarekin etortzea».

Victoria pozarren dago landetxeko portxean: «Aurten 91 urte egin ditu. Hemen oso gustura egoten da. Herritik paseotxo bat ematen du, eta, bestela, hementxe egoten da, telebista ikusten, irakurtzen, mendiei begira… Aita hil zenetik urtero egiten dugu astebete hemen elkarrekin».
Colorin izeneko txoritxoa da familiako hirugarren kidea: «Ninfa bat da, gandor hori ederra dauka, eta bera ere pozarren egoten da». Esprontzedak ehun biztanle inguru baino ez ditu, eta bilbotarrak hitz onak besterik ez du herritarrentzat eta landetxekoentzat.
«Hemen hamar egunetik bederatzitan ona egiten du. Lehen, Asturiasera joaten ginen. Urte batean sekulako hotza pasatu genuen han: sua ere piztu behar izan genuen»
JOSE IGNACIO ALONSO
«Oso jatorrak dira. Eta etxea polita izateaz gain, txukun-txukuna dago». Solairu bakarreko etxea da, eta hori lagungarria dela dio: «Eskailerarik ez dagoenez, ama erraz ibiltzen da batetik bestera». Eguraldia da helmuga erabakitzeko ama-semeek aintzat hartzen duten beste faktorea: «Hemen hamar egunetik bederatzitan ona egiten du. Lehen, Asturiasera joaten ginen. Urte batean sekulako hotza pasatu genuen han: sua ere piztu behar izan genuen. Hemen, ordea, beti dago eguzkia».
3 | Edorta San Martin
«Erosoa da beti leku berera joatea; badakizu non afaldu, non jan izozkia, non edan garagardo bat»
Mediterraneo aldera jotzen du uda guztietan Edorta San Martinek (Iruñea, 1967). «Emaztearen ahizpak apartamendu bat dauka Calafellen. Uda guztietan astebete pasatzeko uzten digute etxea, eta seme-alabak txikiak zirenetik joan izan gara hara. Aurten Ander ere etorri da, semea. Garazi alaba ez; orain Kuban dago».

Hondartzatik paseatzen dutenetarikoak dira senar-emazteak: «Ez zaigu gustaten eguzkitan egotea, baina paseo ederrak ematen ditugu. Aurten sanferminetan joan gara. Uztailean oso ondo egoten da, oso lasaia da; abuztuan, berriz, jende gehiegi dago». Garai batean, ekainean joaten zen familia Calafellera. Iruindarraren hitzetan, garai hori oso polita da: «San Joan suak egiten dituzten garaian joatea ederra da. Mediterraneoan oso zabalduta dago ohitura hori».
Kantaurizaleagoa da San Martin. Mediterraneoan, ordea, bermatuta dauka eguraldi ona: «Hendaiara [Lapurdi] joaten bazara, hiru egunetatik bitan txarra egiten du».
«Emaztearen ahizpak apartamendu bat dauka Calafellen. Uda guztietan astebete pasatzeko uzten digute, eta seme-alabak txikiak zirenetik joan izan gara hara»
EDORTA SAN MARTIN
Haren ustez, beti leku berera joateak badu xarma. San Martinentzat, gauza onak eta txarrak ditu, baina onak zerrendatu ditu: «Erosoa da; badakizu non afaldu, non jan izozkia, non edan garagardo bat».
Bidaia bakarrean bi helmuga izaten ditu azkenaldian bikoteak. «Bartzelonatik oso gertu gaudenez, hondartzan astebete egin ostean, autoa aireportuan utzi eta hegazkin bat hartzen dugu. Hiruzpalau egun egiten ditugu hiriren batean». Aurten Vienan egon da bikotea. «Europako hiriren bat aukeratzen dugu beti. Iaz Krakovian [Polonia] izan ginen, eta duela hiru urte Berlinen».