Urduri iritsi da elkarrizketara Begoña Divar (Gasteiz, 1970), halaxe ibili ohi baita jai garaian. Eta aurten, gainera, suziria bota duela kontuan hartuta… ba pentsa. Dena dela, lasaituz joan da pixkanaka, eta berehala hasi da hitz egiten, garbi eta xume, pasioz beterik.
Gasteizko Udal Musika Bandako klarinete jotzailea da. Ez edonolakoa: banda horretan sartutako lehen emakumea izan zen, baita inoiz izan den musikari gazteena ere: 10 urterekin hasi zen klarinetea jotzen, aitaren bultzadari esker. Ordutik 45 urte igaro dira, eta, haren ibilbide luze eta emankorra aintzat hartuta, Urrezko Zeledon saria eman diote aurten. Horrez gain, hiriaren festetan ohore handienetakoa izan du: suziria botatzeko aukera. Osasun arazoengatik bajan badago ere, festak beste ikuspegi batetik gozatzen ari da. Lasaitasunez, baina, beti bezala, ilusioz eta pasioz beterik.
Urrezko Zeledon izendatu berri zaituzte, eta, jarraian, festetako suziria botatzeko deitu dizute. Nola hartu duzu halako aitortzak horren segidan egitea?
Ba... zorabioa izan da, egia esanda. Urrezko Zeledon izendatuko nindutela esan zidatenean, ez nuen sinesten. Urte asko daramatzagu horrelako omenaldiei musika jartzen, eta beti pentsatzen duzu «ea noiz den nire txanda». Baina tokatzen zaizunean? Ez duzu sinesten, eta emozioa itzela da. Eta jarraian suziriarena! Justu aurten, jo ezinik nagoela; triste nengoen horregatik. Opari bat izan da.
Zure ibilbidea esanguratsua da. Bandan sartutako lehen emakumea eta kide gazteena izan zinen. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Orain sinestezina iruditzen zait. Hamar urte nituen. Banda oso tradizionala zen: gizonezkoak eta adinez nagusiak, soldaduska egindakoak. Baina zuzendari berria etorri zen, Bernabe Sanchez, eta esan zuen: «Gazteak eta emakumeak nahi ditut». Nire aita eta anaiak bandan ziren, eta aitak esan zuen: «Nire alaba txikiak klarinetea jotzen du». Proba bat egin zidaten, eta barrura! Gogoratzen dut jendea harritu egiten zela, baina oso ongi hartu ninduten. 10 urteko neska bat gizon helduen artean ez zen ohikoa, baina ni nire saltsan nengoen, jotzen.
Klarinetea jotzen zenuen. Orain ez da oso instrumentu ohikoa. Zergatik aukeratu zenuen?
Garai hartan klarinete jotzaile asko geunden, gehiago agian saxofoi jotzaileak baino. Oso ohikoa zen, moldakorra eta erosoagoa. Gero, aukera asko ematen dizu: txaranga, banda...
Bizitza guztian egon zara musikarekin eta hiriarekin lotuta. Zer izan da zuretzat suziria botatzea?
Beti jartzen naiz urduri Gasteizko jaietan; pentsa aurten, txupinera izanik... Niretzat ohore handienetakoa da. 45 urtez bizi izan dut momentu hori plazan, plaza jendez beterik ikusten, eta guztia lehen eztandarekin hasten da. Aurten, alderantziz izan da: ni egon naiz goian, nire kideekin batera festa horiei hasiera ematen. Bideoak ere ikusi ditut, ondo egiteko [barrezka]. Gasteiztar batentzat, hemen jaioa, bizi eta lan egiten duen norbaitentzat, benetako pribilegioa da.
Gauza bat argitu nahi zenuen. Suziria botatzeak ez duela zerikusirik zu Urrezko Zeledon izendatu izanarekin.
Hala da. Horrek ez dauka zerikusirik suziria botatzearekin. Aurten, kasualitatez, hiru Urrezko Zeledon gaude tartean.
Aurten ez zara bandarekin aterako, eta bestela bizitzen ari zara festak…
Bestela, bai, erabat. Normalean, abuztuaren 5ean goizeko zortzietan elkartzen ginen lagunekin, kafetxoa, bederatzietan diana, hamarretakoa, zezenak… eta hamabi orduko maratoi bat izaten zen. Aurten, bajan nagoenez, nire egitarau propioa egiten ari naiz. Kontzertuak ikusiko ditut, lehen bizi ezin nituen gauzak bizitzen ari naiz... Iaz, adibidez, lehen aldiz joan nintzen su artifizialetara! Umetan bai, baina bandan sartu nintzenetik, ez nintzen itzuli. Aprobetxatu nahi dut horrelako gauzak egiteko.
Baina itzuliko zara bandara, ezta?
Bai, noski! Ahoan ari zaizkit tratamendu batzuk egiten, eta hori enbarazu handia da haize instrumentu bat jotzen dugunontzat. Pentsatu nuen epe laburrekoa izango zela, baina luzatzen ari da. Baina bueltatuko naiz, faltan sumatzen dut eta.
Zer helburu dauzkazu oraindik betetzeko?
Asko! Ni beti naiz erronkak hartzen dituzten horietakoa. Orain, adibidez, bateria ikasten hasi naiz, bajan nagoela aprobetxatuz. Udal Bandan, bestalde, astero erronkak ditugu: errepertorio berriak, kolaborazioak, ikus-entzule zorrotzak… Gehiago nahi dugu, eta horrek bizirik mantentzen gaitu. Entsegu bakoitza erronka bat da.
Presio horrek ez dizu eragiten?
Ez, alderantziz. Lan honetan ezinezkoa da errutinak harrapatzea. Aste bakoitza ezberdina da: kontzertuak, proiektu entretenigarriak… Kirolarien modukoak gara: berotu, entseatu, zaindu… Eguneroko lan etengabea da.
Nola ikusten dituzu bandan sartu diren gazteak?
Gazte prestatu asko sartu dira, gogoz. Bat-batean, konturatzen zara jada ez zaudela lehenengo aulkietan, eta hori ere ondo dago. Esango nieke maita dezatela egiten dutena, eman dezatela guztia; egiten dugun lana zoragarria baita, eta zaindu beharrekoa.
lotsabako
Klarinetea ez den instrumentu bat?
Bateria. Ikasten hasi naiz.Zer zaindu behar du klarinete joleak?
Ahoa eta eskuak.Ametsetako oholtza?
Dagoeneko bete dut, New Yorkeko Carnegie Hallen jo bainuen. Baina benetan garrantzitsuena edozein tokitan jotzea da.