Atzekoz aurrera

Betiko azoka dute gogokoen

Ogia, euskal pastela, erroskillak, anis opila, kordel bedeinkatuak... Betikoek izan dute arrakasta aurten ere Abadiñoko San Blas azokan. Ekoizleek argi dute: «Azoka garrantzitsuenetako bat da».

Bezeroak kordelak eta erroskillak erosten, gaur, Abadiñoko San Blas azokan. GORKA RUBIO / FOKU
Bezeroak kordelak eta erroskillak erosten, gaur, Abadiñoko San Blas azokan. GORKA RUBIO / FOKU
amaia igartua aristondo
Abadiño
2026ko otsailaren 3a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Heldu eta berehala atera dituzte eskuak poltsikoetatik: berotzeko, nahiago dituzte taloak. Opilak ahurretan estututa daramatzate, eta 10:00etarako minutu eskasen faltan txosnetan gotortuak dira asko Abadiñon (Bizkaia). Gosaltzen ari dira; ezohiko armosu bat gaurkoan: artoa, txorizoa eta edalontzi bete sagardo. Leire eta haren lagunek ere hurrenkera horretan ospatzen dute San Blas eguna: lehenik eta behin indarrak hartu, ondoren saltokiak miatu. «Urteroko plana da, goizpasa etortzen gara». Eguna hasi berri dute, taloak bero-bero eta dastatu gabe dituzte oraindik, eta ezarrita dauzkate hurrengo helburuak: abereak ikusi; kordela eta ogia erosi, baita, beharbada, gazta tarta edo San Blas opila ere; beste talo bat jan; eta, azkenik, beharrera. Asteartea da aurten San Blas, laneguna, baina tradizioa ere bada lagun taldearentzat, eta bi zeregin konplitzeko asmoa dute andreek.

Tradizio usaina du Zornotzako (Bizkaia) Roskogintza gozotegiaren postuak ere. Erroskilla festa bat da Ana Amelibiaren txokoa: bainu bakarra edo bikoitza, txikiak, frijituak... Aniztasuna, bai, baina gauza ezagunak betiere. «Azoka gehiagotan egoten gara, besteetara produktu gehiago eramaten ditugu, baina hemen jendeak ohikoak nahi ditu, ez dute beste ezer ametitzen», azaldu du Amelibiak, irribarretsu. Erroskillak eta anis opilak, beraz. Eta, «nola ez», kordelak. Kolore anitzeko dantza bat saltokiaren sabaian. Bedeinkatuta ote dauden galdetzen dio askok. «Bilboko San Nikolas elizara eramaten ditugu», argitu ohi die.

Askok talo batekin hasten dute San Blas eguna. GORKA RUBIO / FOKU
Askok talo bat janez hasten dute San Blas eguna. GORKA RUBIO / FOKU

Orozkoko (Bizkaia) Ana Añibarrok ere ederto daki zer gura duten Abadiñoko bezeroek. Euskal pastela saltzen du gehien, betikoa, klasikoa. «Jendea hori eskatzera etortzen zaigu». Badute txokolatezkoa ere, eta gazta pastela. Badituzte ogiak: hazidunak, artozkoak, mahaspasekin eta intxaurrekin gozatuak. San Blas azokara bertaratzen diren gozogile mordoetako bat da, baina, konpetentzia gorabehera, beti saltzen dute ondo, Añibarroren esanetan, eta aurtengoari ere itxura ederra hartu dio.

Izan ere, eguraldiak asko baldintzatzen ditu salmentak, Galdakaoko (Bizkaia) Erdikoetxe upategiko Oihane Oiangurenek nabarmendu duenez. Zeru urdin garbiak eta eguzki epelak are hobeak bilakatu dituzte aurreikuspenak. «Guretzat, azoka garrantzitsuenetako bat da». Hamar urte baino gehiago daramatzate bertaratzen, eguraldia kaskarra dela zenbaitetan, elurra ari duela ere urteren batean, baina salmentak «oso onak» izaten dira beti. Tarte horretan, azokak betiko izaerari eutsi dio, betiko indarrari. Jendeari oraindik gustatzen zaio txakolinarekin eta sagardoarekin borobiltzea eguna, esate baterako.

«Arabako Errioxan, olibondoak erromatarren garaitik daude, baina asko abandonatuta geratu ziren mahastiek garrantzi handia hartu zutenean»

HECTOR ERASO Olio Live markaren sortzailea

Halakoetan, baina, itxurak itxura, likido guztiak ez dira izaten alkohola. Ogiz, opilez, pastelez, pate latez, ezti potez, gazta multzoz eta barazkiz gainezka dauden erakusmahaien artean, atentzioa ematen du Olio Liven postuaren soiltasunak: botila pare bat, erretilu txiki bat olioz bustitako ogi pusketekin, eta mendeak atzera egiten duen istorio bat horri guztiari bermea ematen. «Arabako Errioxan, olibondoak erromatarren garaitik daude, baina asko abandonatuta geratu ziren mahastiek garrantzi handia hartu zutenean», esplikatu du Hector Erasok. Oliba ekoizpena berreskuratzen ari dira, eta Erasok urtebete darama bide horretan: aita erretiratu ostean familiaren lurrak oinordetzan jaso zituen Moredan, eta nekazaritza birsortzaileari ekin zion. «Ingurumena errespetatzen duen eredu bat da; etorriko direnei oinordetza hobea utzi nahi diegu, guk aurkitu duguna baino hobea». Pozik dago azoketan daborduko egin dioten harrerarekin. «Ia-ia produkzio guztia saldu dugu».

Ganaduaren faltan

Zenbait ogi mardulekin aldendu dira Iratxe eta Maialen Mañekoren postutik. Kordelak erostera doaz orain, eta beharbada aspaldian ikusi ez duten ezagunen batekin egingo dute topo bidean. «Agian oraindik goiz delako izango da, baina ohi baino jende gutxiago dagoela iruditzen zait», esan du Iratxek. «Edo agian behi faltagatik izango da». Urte asko dira azokara datozela, eta animaliak ikustera joaten dira aurrena. Aurten, ordea, zaldiak, behorrak, pottokak eta astoak baino ez daude. Jendea etengabe ari da kaiolen arteko bidexkan, askok haurrak eraman dituzte, zorura begira dauden animaliak begira ditzaten. «Goazen aurrera, aurpegia ikusteko», bota dio gizon batek bere lagunari; sakelakoak abereengandik metro erdira ipinita, argazkiak ateratzen ari dira pare bat gazte. Bat ziztuan hurbildu da pareko behorrari burua laztantzera, eta ziztuan gelditu da orobat, lagunak kartelaz ohartarazi dionean: «Debekatuta dago animaliak ukitzea». Arauak arau, neskatxa bat hesira igota dago, gorputza eta beso bat luzatuta.

Bi emakume animalia bati begira. GORKA RUBIO / FOKU
Bi emakume animalia bati begira. GORKA RUBIO / FOKU

Ardiak ere badira, baita sinbolikoki ere. Izan ere, Euskal Herriko ardi moztaileen selekzioa aurkezteko ere baliatu dute San Blas azoka. Aurten munduko txapelketan parte hartuko du lehen aldiz. Zazpi moztailek parte hartuko dute norgehiagokan, martxoaren 4tik 7ra, Zeelanda Berrian. «Moztaileok Euskal Herri osoaren ordezkari izango gara, lehen sektorearen, gure balioen, ondarearen, jakintzaren, nortasunaren eta identitatearen erakusleiho bilakatuta nazioartean», adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.