Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Arabako lurraldean barrena ibiliko da bidaztia oraingoan. Nahi izatera, ametsezko bidaia bat egingo du iraganera, XVI. mendera. Literatur lana besalagun, pasarte zirraragarriak bizitzeko gogoz abiatuko da hala, mantso-mantso, ibilera zazpi begiz zainduta. Balizko zeharkaldian, pausu hartuko du Arratzua-Ubarrundiko udalerrian. Eta, gero, ostatu Betolatza herrian. Agian, garai batean altxatutako dorretxe lirain batean iltzatuko du soa; akaso, zubi altxagarriaren ondoko gotorlekuan. Batek daki. Micaela Portillaren ikerketari esker, badakigu Betolatza herri handi bat izan zela Erdi Aroan. Garrantzi handikoa, demografiari dagokionez. Izan ere, Arabako Lautada zeharkatzen zuen harbide mataza batean zegoen.

Eszenatoki honetan kokatu beharra dago Joan Perez de Betolatza doktore, elizgizon eta idazlea. Doctrina Christiana en Romance y Bascuence izeneko liburuxka Bilbon argitaratzera eman zuen 1596an. Mendebaldeko bizkaieraz idatzita egoteak zer pentsatua eman zien hasieratik hizkuntzalariei: Bilboko hizkeraren lekukoa izan zitekeen, batzuen ustetan; Arratia (Bizkaia), Orozko (Bizkaia) eta Laudioko euskalkien hizkera, beste batzuentzat. Ordea, gauzak beste modu batean ikusteko aukera egon zen 1986an, Henrike Knorr hizkuntzalariak Betolatza elizgizona hizpide artikulu bat argitaratu zuenean. Begirada kanpora eraman gabe, Betolatza herrian bertan bilatzea otu zitzaion Knorri. «Odon de Apraiz zenari gauza bera entzun nion behin baino gehiagotan», Knorrek aitortu zuenez. Testuaren egilea 1556aren eta 1560aren artean jaio zen, Betolatza herrian, Araban. Eta XVII. mendea hasi gabe hil zen, 40 urte inguru zituela. Herriko elizgizona izan zen hainbat urtez, eta, gero, Gasteizen kanonigo izateko aukera galdu ostean, Santo Domingo de La Calzadako (Espainia) katedralaren apaiza izateko kargua hartu zuen. Zoilo Calleja ikerlariak dioenez, Errioxa partean (Espainia) ibili zela badakigu, harik eta izurrite gaiztoak bazterrak astindu zituen arte.

Koldo Mitxelena hizkuntzalariak Betolatzaren obraren inguruan idatzi zuen XVI. mendeko katixima edo dotrina hura dela itzultzaileak berak erabiltzen zuen hizkeraren ispilu, baita inguruan bizi zirenena ere. Horren harira, Andrea Navagiero italiarrak lekukotasun hauxe utzi zuen garai hartan Araba zeharkatu zuenean: «Bitorian gaztelaniaz hitz egiten da, baina euskara ere ulertzen da, eta inguruko herri gehienetan hizkuntza horixe erabiltzen da».
Betolatzaren testuak, beraz, errealitate zabal eta konplexu bati buruzko zirrikitu bat irekitzen zuela idatzi zuen Mitxelenak: euskararena berarena, garai eta leku guztietan.
Lamiturri aldera
Betolatza herrian emango dio hasiera ibilbideari oinezko grinatsuak. Eliza ondoan abian jarri, eta Kale Nagusiari men egingo dio, Aldatxa kalea ezkerraldean utzita. Bidebanatzean, Lamiturrira doan kaleari muzin egin, eta plaza txiki batera helduko da. Mendia eta Laguntza kaleek bat egingo dute han. Betolatza herriko ondarearen eta elementu arkitektonikoen berri emango dio iturri ondoan jarritako informazio gune xumeak. Informazioa soseguz irakurtzea merezi du, betiere herriko ondareaz bapo jantziko bada. Laguntza kalea bazter eginda, aurrera egingo ditu urrats geldoak, eta goratasuna galdu gabe jarraituko du. Sei zenbakia daraman etxearen parean, kaleari jarraipena ematen dion nekazari bidetik ekingo du. Hala, noranzkoari eutsi eta aldats xumea gainditu ostean, San Juan muinora helduko da. Talaiaren koordenatuetan kokatuta, panoramika zabala izango du bisean bis: Isasiko etxeak, Ziriobasoko hariztia eta Nafarrate herriko elizaren horma garaiak, besteak beste. Gertuago, akaso, Laminabeko sakana bistaratuko zaio, Lamiturri hezegune sonatuaren kokagune ederra.
Lamiturriko ibarrari begia kendu gabe ibiliko da txangozalea, muinoaren ertz-ertzetik. Desbideratzerik hartu gabe, beraz, Isasiko basetxera helduko da ziztuan. Erkametzek lagunduta, magala urratzen jarraituko du, eta, azkenik, Sisardi eta Saimendi muinoen arteko lepora iritsiko da. Talaia honetatik aukera izango du Meneako bazterrak eta Nafarratebizkarreko muinoaz gozatzeko, baita Urrunaga urtegiko bazter umelez ere. Lepoan eskuinera hartu eta aldapari muzin eginda, zehar-zehar doan xenda lehenetsiko du. Sisardi muineko iparraldeko magalean barrena jarraituko du baratx-baratx, hatsetan ibili gabe. Basotik irtendakoan, bihurgunean bertan, alanbre bat agertuko zaio zidorraren ondoan. Alanbrearen paraleloan doan bidexkari jarraituko dio orduan, eta goratasuna apurka-apurka galduz joango da. Nafarrate herriko baserri eta etxeak bistaratuko zaizkio berehalakoan. Hara joko du ibiltariak, pauso baldarrik eman gabe. Etxaburu muinaren azpiko lepo zabalera iritsiko da landaretza trinkoan sigi-sagaka ibili ostean. Belardi zabalaren ondoan induskaturiko xendari segika, Nafarrate herrian sartuko da.
Letxagagana, urtegiko behatokia
Kale banantzean, ezkerrera egingo du. Elizara doan zidorra supituan ikusiko du. Harriak eta horma maiztuak erakusten dituen tenplura hurreratuko da isil-misilka. Izan ere, Nafarrateko bazterrok zerikusi handia dute Memoria Ibilbidearekin. Herriko historiari buruzko aipuak dakartzan mural ttipia ikusiko du han. Txangozaleari jakingura zolituko zaio bat-batean; atzera bidaia noiztik behin egiteak onurak baino ez dizkio ekarriko. Behialako pasadizoez bapo jantzita, beraz, tenplutik jaitsi eta eskuinera egingo du kalean. Urrunagara doan bidearekin bat egitearen kariaz, ekialdera begira jarriko da ziztuan. Kurtzegan muino paretik doan basabide nabarmena hartu gabe, ordea, herriko azken etxearen parean behera doan Memoria Ibilbideari jarraituko dio. Berehala alanbre bat gurutzatu, eta zuzen jarraituko du magalari gortea egiten. Letxagaganara igotzen den bidean aurrera egingo du, hariztia besalagun. Basotik irtendakoan, Bekoiturritik igotzen den belardi zabal batera iritsiko da. Belardi amaigabe hura zeharkatu, eta tapizean gora egingo du, harik eta Letxagaganako erpin geodesikora iritsi arte.

Tontorretik ekialdera jaisten hasiko da, leun eta bigun. Urrunagako urtegiari begira dagoen behatoki batera helduko da ziztuan. Ertza korritzen duen bidexka lagun, sigi-sagaka basoan barrena jarraituko du. Memoria Ibilbidea lagun, Arankosakoneko badiara jaitsiko da berehala, txorien xuxurlak aditzen dituen artean. Urtegiko emaria geldiarazten duen harrizko horma sendoa gertu ikusiko duelarik, harantz bideratuko ditu pausoak. Presako horma ezin baita gurutzatu, aldamenean igaro, eta Urrunaga eta Nafarrate herriak lotzen dituen errepide estura iritsiko da laster. Ezkerrera egingo du errepidetxoan, eta, Santa Engrazia ibaiaren gaineko zubira heldu aurretik, eskuinera joko du Betolatzara doan bide zaharra hartzearen karietara. Astigarrak, lizarrak eta haritzak gogaide ibaiaren ondoan jarraituko du pinpirin-panpirin.
Tanpez, bide zaharrak eskuinera egingo du, eta, harri zapalak bistan direla, goratasuna hartzen hasiko da gurdi astunek garai batean egingo zuketen moduan. Bergaraganatik hurren dagoen lepora iritsiko da magalean barreneko osteratxo polita osatu ondoren. Bide nagusiak lepotik behera egingo du gero, mantso-mantso. Lamiturriko hezegunetik irristatzen den ur emaria igarota, Betolatza herrian emango dio amaiera ingurubirari.