Jaiak. Irun

Betti Gotti taldearekin jai giroan bazkaltzera

Milaka irundar bilduko dira bihar Betti Gottik antolatutako kuadrilla olinpiadetara eta herri bazkarira

2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bihar 09:30etik aurrera hasiko da jai giroa Irunen, Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak antolatutako kuadrilla olinpiadekin. Ondoren, hirugarren urtez, antolatzen duten herri bazkaria egingo dute Ficoban. Elkarteko Oihana Lucasek esan duenez, «urtez urte geroz eta jende gehiago animatzen da bertara, eta aurten 1.200 lagun elkartuko dira».

Kuadrillen olinpiadak hasi baino lehen gosaria egingo dute, kuadrillek indarrak har ditzaten. Urdanibia plazan izango dira gosaria eta olinpiadak. Olinpiadetan jolasak egingo dituzte: «Ez dira kirol gogorrak, festa giroan sartzeko ekintzak izango dira, besterik gabe». Iaz hiru kuadrillek parte hartu zuten, eta aurten zortzi izango dira, bakoitzean zortzi partaiderekin.

Betti Gotti elkartea 2004. urtean sortu zen. Irun herrian, handia izatean haur asko udalekuetatik kanpo gelditzen ziren, eta «udaleku itxi bat sortzeko gogoa geneukan», aitortu du Oihana Lucasek. Haien helburu nagusia da «haurren artean, euskararen inguruko ekintzak egitea», baina herri jaietan ekintza polit bat egitea eta herri giro bikaina sortzea dute helburu, «egun osoan ekitaldi ugari izateko, eta ez gaueko festak bakarrik».

Taldearen ekitaldirik garrantzitsuenak, berriz, abuztuan umeentzat antolatzen dituzten udalekuak eta herri bazkaria dira. Horietan lan boluntarioa egiten dute; orain urte batzuk haurrak izandakoak dira begiraleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.