Yolanda Martinez eta Elena Sarasola

«Bezeroak etxean baleude bezala sentitzea nahi izan dugu beti»

Yolanda Martinezek eta Elena Sarasolak Bilboko Badulake saldu dute. Garai bateko isun oldea gogoratu dute, baita bezeroen epeltasuna ere.

Sarasola eta Martinez Bilboko Badulake LGTBI tabernako jabe ohiak. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
2023ko azaroaren 10a
13:26
Entzun

Mito bat da, kasik: LGTBI pertsonentzako aisialdiko lokal erreferentziazkoa bilakatu da Bilboko Badulake taberna, 23 urte eskasean. “Nekeagatik”, lokala saldu egin dute Yolanda Martinez (Burgos, Espainia, 1955) eta Elena Sarasola (Bilbo, 1963) sortzaileek, eta festa mordo batekin ari dira agur esaten: larunbatean Sinsorga kulturgunekoekin batera antolatu zuten, eta hilaren 25ean egingo dute azkena. Bizipenak ere mordoka pilatu dituzte urte hauetan guztietan: “Badulaken momentu txarrak pasatu ditugu, baina baita oso onak ere”, esan du Sarasolak.

Militantziatik zatozte…

ELENA SARASOLA: Ni 19-20 urterekin hasi nintzen irteten, Bizkaiko Emakumeen Asanbladara batu nintzen, eta feminismoa ezagutzen hasi nintzen. Eta militantea izan naiz, lanak utzi didan bitartean. Izan ere, 1980ko urteen krisiaren ondorioz, Bilbotik joan izan behar genuen, ez baikenuen lanik. Orduko hartan, Bilbo borborka zegoen: mugimendu sozial pila zeuden, eta haietan parte hartzen genuen; ez bakarrik mugimendu feministan, baita ekologismoan ere, internazionalismoan… 2000n, Bilbora itzuli ginen, eta militantziari berriro heldu genion, guk nahi genuen negozio eredu baten bidez: gaueko taberna bat, gune seguru bat izango zena emakumeentzat, lesbianentzat, gayentzat…; mundu guztiarentzat.

Bilbon, Badulake zabaldu aurretik, bazeuden gune seguruak? Nora joaten zineten?

YOLANDA MARTINEZ: Bizitza eta Lamiak tabernak zeuden, Zazpikaleetan. Baina 01:00ean ixten zuten. Haietatik, Enigmara joaten ginen, Hernani kalearen kale paralelo batean zegoen. Lokal oso dibertigarria zen, LGTBI mundu guztia egoten zen dantzan.

Badulake San Frantzisko auzoan dago. Proiektuak ugaritzen hasiak ziren ordurako?

MARTINEZ: Garai hartan, oso bazterreko eremu bat zen.

SARASOLA: Inork ez zuen negoziorik ipintzen zubiaren bestaldean, oso zaila baitzen.

MARTINEZ: Baina Zazpikaleetan lokalak oso garestiak ziren, eta han baino ezin genuen jarri negozioa. Hasierako bezeroak Gorte kalera zihoazenak ziren. Gogoan dut behin tipo batek labana atera zuela pistan; gerturatu nintzaion, labana kendu nion kontuz, eta kanpora nirekin irteteko esan nion, trankilago hitz egiteko. Esan zidan kartzelatik atera berria zela, eta lekuz kanpo sentitzen zela.

SARASOLA: Kasu gogorrak genituen. Beste egun batean, bi talde etorri ziren, eztabaidatzeko ea nork bereganatuko zuen gune hori; hau da, gure lokala. Ika-mikan zebiltzan, whiskia hartzen zuten bitartean. Gogoan dut Yolanda bi buruen artean jarri zela: “Taberna hau nirea da, ez zuena; alde hemendik!”.

Noiz joan zineten bestelako publikoa erakartzen?

MARTINEZ: 2002an, jada ilara oso luzeak genituen tabernara sartzeko. Baina jendeak ez zuen kontsumitzen, kanpotik edaria ekartzen zutelako. Gertatu izan zaigu barran lau lagun egotea zerbitzatzeko, eta elkarri begira egotea.

SARASOLA: Sarrera kobratzen hasi ginen, neurri hura inoren gustukoa ez zen arren.

MARTINEZ: Baina asumitu zuten. 2008ra arte, olatu betean egon ginen; 2008ko krisia apur bat beranduago igartzen hasi ginen.

SARASOLA: Krisi ekonomikoen alabak gara: Yolanda aktorea da, eta ni, argazkilaria; beraz, beste lan bat topatu behar izan genuen. Ostalaritzara jo genuen bizirauteko, ideiarik ere eduki gabe.

Bakioko La Bodeguilla gaueko taberna gobernatu zenuten Badulake baino lehen. Zer moduz joan zen?

MARTINEZ: Bakion erakutsi egin ziguten. Ez zen gauza askorik gertatzen. Inoiz gatazkarik zegoenean, bazter-nahasleen gurasoengana joaten ginen. “Aizu, zure semeak billarra apurtu digu!”. Bost urtez egon ginen han, baina bizitza kulturalera ere itzuli nahi genuen, eta hori Bilbon zegoen, batez ere.

Badulaken ere islatu duzue kulturarekiko interesa: arte eszenikoak programatu dituzue, Las Fellini egoten dira astero…

SARASOLA: Hasieratik argi genuen, lokalaren diseinutik hasita. Aurretik, altzari denda bat zen, eta arkitektoari agertoki txiki bat eskatu genion, azpian hutsune batekin aulkiak gordetzeko eta butaka patio txiki bat egiteko.

MARTINEZ: Gauza asko egin genituen. Monólogos de la vagina, esaterako [Baginaren monologoak]. Garai hartan, Eve Enslerren baimena lortu behar zen [AEBetako antzerkigile eta aktibista feminista, baginaren monologoen sortzailea], eta lortzen zenuen dirua tokiko andre talde bati eman behar zenion: guk Mujeres del Mundo Babeli eman genion, emakume migratzaileen aurrenetariko elkarteari. Hiru aldiz egin genuen: bi saio Badulaken, eta bat Arriagan. Operación Travesti ere egin genuen, zazpi aldiz, Las Fellinirekin, La Terremoto de Alcorconekin, La Prohibidarekin…

SARASOLA: Eta antzerki talde bat ere bai, Las Txirenitas: Maribel Salas, Loli Astoreka, Sol Maguna, Gemma Martinez, Vito Rogado eta Yolanda zeuden.

Nola aldatu da Bilboko gaua?

MARTINEZ: Azkunaren garaian [Iñaki Azkuna, Bilboko alkatea 1999tik 2014ra arte], suntsitu egin zuten. Lehen, Bilboko gaua interesgarria zen, orain ez bezala, eta Badulake erreferentziazko taberna zen. Jendea etortzen zen Kantabriatik, Burgostik [Espainia], edozein tokitatik, Bilbon asteburua igarotzera, baina, batez ere, gaua bizitzera. Galtzen joan zen hasieran tontakeriak ziruditen neurriekin. Krisia etorri zen, tabernetan erretzeko debekua, COVID-19aren pandemia…

SARASOLA: Ostalaritza mundu konplikatua da, eta gaua, are gehiago. Pandemiaz geroztik, agresibitatea orokortu da, jendea ziztuan oldartzen da. Guk heziketa lan hori aspaldi genuen eginda, baina orain berriro egin behar izan dugu.

Zer-nolako giroa egoten da Badulaken?

SARASOLA: Bezeroak etxean baleude bezala sentitzea nahi izan dugu beti. Aspaldiko bezeroak eta berriak ezagutzen dira; sare antzeko bat sortu dugu.

MARTINEZ: Beti ipini dugu abesteko moduko musika. Ez komertziala, aldian aldikoa, baizik eta markatzen zaituena, sentimenduekin lotuta dagoena. Horrek giro atseginagoa sortzen du.

SARASOLA: Inoiz eskatu digute: “Jarriko duzu Bisbalen zerbait?”. “Ez, hori ez dugu jartzen”.

Bisbal asko eskatu izan dizuete, ala?

SARASOLA: Hasieran, asko eskatzen zizkiguten Operación Triunfo-koen abestiak. Orain, reggaetonen aurka borrokatzen ari gara.

MARTINEZ: Reggaetona eboluzionatzen joan da, baina hasieran oso gogorra zen, letra hain matxista eta biolento horiekin. Luzarorako etorri da, baina gu libratu gara.

Esan duzue Bilboko gaua suntsitu egin zuela udalak…

MARTINEZ: Lehen, Bilbok beste estetika bat zeukan, gatazka sozial mordo bat zegoen… Hala da, bai. Baina, gauez, bizirik zegoen. Baina neurri mordo bat hartu zuten.

SARASOLA: Barrenkalen [Zazpikaleetan], lokalak intsonorizatzeko eskatu zuten, eta isun mordo bat ipintzen hasi ziren. Badulake zabaltzera joan baino lehen, Barrenkalen hartzen nuen kafea, eta Erriberatik Bizitza tabernara joateko hamar minutu luze behar nituen, kalea lepo egoten baitzen. Isunak ugaritu ziren; taberna asko itxi egin ziren, ez zeudelako intsonorizatuta, zegokien ordua baino beranduago ixten zutelako… Urte askotan, Santiago katedralaren plazan, ertzainak egon ziren paseatzen, txakurrekin; egoera basatia zen.

Zuei nola eragin zizuen giroak?

MARTINEZ: Zarata egiten ari bazara, logikoa iruditzen zait musikaren bolumena jaitsi behar izatea, baina formak oso desegokiak izan ziren. Jende batek erreformak egin zituen lokala egokitzeko, baina dagoeneko ezin zuten ordutegia luzatu… Guk ordutegi zabalagoa genuen, baina isunak ipintzen zizkiguten, beste gune batzuetan permititzen zituzten gauzak egiteagatik. Uste dugu Zazpikaleetako giroa apaldu nahi zutela, beste gune batzuk indartzeko. Abokatu bat genuen soilik isunak kudeatzeko. Ezin sinetsizko egoerak ziren.

Adibidez?

MARTINEZ: Ixten zenuen taberna, jada ez zegoen bezerorik, eta barruan geunden garbitzen eta kutxa egiten. Hala ere, isuna jartzen ziguten berdin-berdin, barruan egoteagatik. Udaltzainek esaten ziguten: “Itxiera orduan, lokaletik desagertu behar duzue”. Eta noiz egin behar genuen kutxa, orduan? Abokatuari esker, isun gehienetatik libratu ginen, ez baitzuten logikarik. Baina presio bat ezarri zuten, azpiegitura bat suntsitu arte. Jendea asko mugitzen zen lokal batetik bestera: ibilbide hori zapuztu egin zuten.

Azken urteetan, presioak behera egin du?

MARTINEZ: Jada ezin zenean lokal barruan erre, jendea kanpora atera zen erretzera, eta zarata eragiten zuten. Orain ikusita, nazkagarria zen orduko egoera: lokala kez beteta, hormak nikotinaz blai… Baina, ostean, auzokideak molestatzen hasi ziren. Jendea hezi behar duzu, ez daitezen hasi abesten kalera irten eta berehala, 03:00etan… Beirazko edalontziak ere jada ezin dira kalera atera…

Inoiz pentsatu duzue lokala aldatzea, leku handiago batera joateko, edo hainbeste presiorik gabeko gune batera?

MARTINEZ: Garairik arrakastatsuenean, esaten ziguten beste lokal bat irekitzeko. Baina gu ez gara izan ostalari anbiziotsuak. Bakarrarekin nahiko izan dugu: lortu dugu langileak zoriontsuak izan daitezen, ahal den neurrian, behintzat; lortu dugu izan ditzaten soldata onak, oinarrizko beharrak betetzeko… Hori izan da gure interes nagusia. Ez da nahi genuen bizimodua, baina bide eman digu nahi genituen gauzak egiteko, eta eroso bizitzeko.

Hemendik aurrera, zer bide hartuko du Badulakek?

MARTINEZ: Nekeagatik utzi dugu. Ni erretiratuta nago, Elenak bakarrik darama pandemiaz geroztik.

SARASOLA: Nire bizitzako urterik gogorrenak izan dira.

MARTINEZ: Pozik gaude gaua utziko dugulako, eta zaletasunei helduko diegulako, jada kezkarik gabe. Libre egongo gara abenduaren 1etik aurrera. Uste dugu hurrengo jabeek jarraipena egingo dutela: izena berbera izango da —prestigioa badu—, Las Fellinik ere jarraituko dute…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.