Kale Nagusia, Andre Mari, Dato, Maiatzaren 2, Foruen plaza, Groseko harresia, Iparragirre, Pozas, Urkixo, Kontxa, Andre Zuria, Ledesma edo Fermin Calbeton. Kale horietan guztietan doako wifi sare kolektiboa eskuragarri dago. Edo hala dio, behinik behin, Euskaltelek komunikabideetan hasi duen publizitate kanpaina berriak. Doako wifi sare kolektiboa Euskaltelen bezeroentzat da, eta konpainia horretako bezeroen eskutik dator zerbitzua. Bezeroek, bezeroentzat. Euskaltelen erabiltzaileek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 128.000 gunetan konektatu ahal izango dute euren sakelako telefonoa wifi sarera, eta datu horrek bat egiten du telefonia konpainiak hiru lurraldeetako etxebizitzetan dauzkan ADSL router eta zuntz optikoen kopuruarekin. «Euskaltelen zuntz sareari esker, etxeetan Interneteko konexiorik onena duten lurraldeetako bat izateaz gainera, Euskadik kalean doako wifi estaldurarik handiena izango du hemendik aurrera». Euskaltelen bezeroentzat behintzat hala izango da, Koldo Unanue konpainiako Marketin zuzendariaren arabera.
Zerbitzu hori eskaintzeko beharra ikusi dute Euskaltelen, eta horregatik hasi dute asmo handiko ekinbide hori. «Gero eta jende gehiagok du smartphone bat, eta gero eta gehiago erabiltzen dugu; batez ere etxetik kanpo gaudenean eta Interneteko gure konexio finkoa ez dugunean. Sakelako telefonoen tarifen barnean dauden datu zerbitzuei esker, gauza asko egin ditzakegu, eta toki askotan, baina kostuak erabilera mugatzen du». Muga hori gainditzeko, beraz, wifi sare zabal bat eskaintzen hasi da Euskaltel, horretarako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen presentzia aprobetxatuz.
Erabiltzaile askori interesgarria iruditu zaio zerbitzua, baina erabakiak zeresana izan du sarean. Ez zerbitzua bera eskaintzeagatik, bezeroen baliabide teknikoak erabiltzeko garaian eman dituzten azalpenengatik baizik. Aitzol Naberan Codesyntaxeko kideak publizitate kanpainari begiratu dio hori arrazoitzeko. «Publizitate kanpainan badirudi 128.000 sarbide puntuz osatutako sare berri bat osatu dutela, eta ez da horrela bezeroen baliabideak erabiltzen ari dira. Gutxienez hori aitortu beharko lukete».
Baina kalean eta hedabideetan egiten ari diren marketin kanpainaz harago doa Naberanen kritika, eta hala idatzi zuen Sustatu atarian Euskaltelek zerbitzua martxan jarri berritan: «Baliabideak partekatzearen aldekoa naiz ni. Nire adostasuna eskatu eta garbi jokatu izan balute, ez nuke arazorik izango zerbitzuarekin, baina ez dute horrelakorik egin, eta ez zait batere gustatu. Ez zait gustatu publizitate kanpaina, ez zait gustatu azalpen teknikorik eman ez izana, eta eman dutenean garbiak ez izatea. Finean, ez zait gustatu galdetu ez izana». Alegia, kalean doako wifi sarea eskaintzeko, bezeroei horretarako baimenik eskatu ez izanak haserretu ditu Euskalteleko bezero asko. Eta ondotik, sare sozialetaneta teknologiari buruz eztabaidatzeko Interneteko foroetan, telefono konpainiaren erabakiaren aurkako hainbat iritzi irakurri ahal izan dira. Eta gehienak ildo horretatik joan dira.
Kontratu aldaketa
Euskaltelek doako wifi sarearen eskaintza zabaldu aurretik, ordea, bezeroei kontratuan aldaketa batzuk egin zizkien. Legeak zehazten du zerbitzuan aldaketa bat egin behar denean horren inguruko informazioa hilabete lehenago eman behar dutela, eta hala egin zuen telefono konpainiak ere, Unanuek azaldu duenez. «Zerbitzu berri bat plazaratzen denean, ohikoa da kontratuak eguneratzea, hori egin ezean ilun jokatzea litzatekeelako. Jakina, kontratua eguneratzeak ez du funtsean bezeroak aldez aurretik kontratatuak dituen zerbitzuak aldatu behar». Eta wifi zerbitzu berriarekin «aurretik kontratatutako zerbitzuetan ez dago aldaketarik, ezta prezioan ere». Beraz, konpainiak egin beharreko urrats guztiak egin dituela dio Unanuek.
Baina bestelakoa da Naberanen iritzia. Izan ere, haren esanetan, kontratuan egingo ziren aldaketak bidali bai, baina horrek ondoren zer eragin izango zuen ez zuen zehazten Euskaltelek. «Gainera, normalean inork irakurtzen ez dituen kontratu aldaketa horietako bat bidali zuten, eta ezezkorik eman ezean aldaketa hori ontzat ematen zuen konpainiak». Alegia, aldaketa bidali bai, baina erabiltzaileen router eta zuntz optikoekin egin asmo zuten erabilerari buruz ez dutela ezer esan dio. Hori da Naberanen kritika. Edozein modutan, Euskaltelek egin dituen aldaketak legezkoak dira, edo kontratuan bertan baimena ematen dio bere menpeko routerretan aldaketak egiteko. «Legezkoa da, noski, baina, erabiltzaile naizen aldetik, izan duten jokabidea ez zait zuzena iruditzen».
Adierazpen horietan jarrera oldarkorragoa erakutsi du Koldo Nabaskuesek, EKA kontsumitzaileen elkarteko lehendakariak: «Erabiltzaileei ez die aldaketaren berri behar den bezala eman, eta hori egin duten momentutik, botere gehiegikeriaren zantzuak ikusten ditut nik». Hura ere Euskaltelen erabiltzaile den aldetik, zerbitzu berriaren inguruko azalpenak prentsa bidez jaso dituela adierazi du. «Nire etxean daukadan routerra gainerako bezeroei zerbitzua eskaintzeko erabiltzen ari dira. Beraz, hasteko, erabiltzaileari horren inguruan zeukaten asmoaren berri eman beharra zeukaten, eta, horrez gain, zerbait gehiago eskaini. Azken finean guk ordaintzen dugun argindarretik eskaintzen ari dira zerbitzu hori».
Salatu duten informazio gabezia horrez gain, Naberanek Euskaltelek auzi honetan izan duen jarreran beste puntu bat gehiago salatu du: router edo zuntz optikoan egindako aldaketak urrunetik egin izana. «Aukera beti egon da, bai. Routerrak bezeroei alokatzen dizkie, eta urrunetik kontrola ditzakete. Baina zerbitzu tekniko bat eskaintzeko izaten da normalean, eta une puntualetan erabiltzeko dira». Baina kasu honetan ez da horrela izan, urruneko kontrola «masiboki» erabili baitute wifi sarea kalean eskaintzeko. «Aldaketak egiteko aukera daukate, kontratuak ere aukera hori ematen dielako, baina ez dute fin jokatu horretan». Nabaskuesek ez bezala, botere gehiegikeria adierazpidea baztertu nahi izan du, baina prozesu guztia gaizki egin dela uste du.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, zenbait bezerok Euskaltelen zerbitzu berria kritikatu dute sarean, eta konpainiatik erantzuna iritsi da. Hona hemen Unanueren hitzak: «Ez gaude ados bezero batzuen nahiarekin, zerbitzu berrian erabiltzaileek eurek erabakitzeko aukera izan dezatela eskatzen baitute. Ikuspegi horrekin, nekez plazaratu ahal izango zen zerbitzu berriak eskaintzen duen garapena». Edozein modutan, horien iritzi eta kritikak «errespetatzen» dituztela adierazi du konpainiak, eta, horregatik, etxean instalatutako gailutik kalera wifi seinalea bideratzen duen zerbitzua kentzeko aukera eskaini die hala nahi dutenei.
Hala ere, aukera hori bera ere kritikatu du Naberanek. «Horrelako zerbitzuek abiapuntuan desaktibatuta egon beharko luketela uste dut. Ondoren, bezeroari azaldu diezaiokete zein diren abantailak, eta berak nahi badu aktiba dezala. Aldiz, kontrakoa egin dute. Defektuz aktibatu, eta, ez baduzu nahi, eskatu desaktibatzeko».
Aurrekari gatazkatsuak
Euskaltelek doako wifi kolektiboa aurkeztu berri du, baina ez da lehenengoa izan halako eskaintza bat plazaratzen. Galizian, esaterako, R konpainiak bere bezeroei baimena eskatu zien euren routerren bidez wifi sare bat sortzeko. Neurriak ez zuen aparteko zalapartarik sortu, baina ondoren iritsi ziren Ono eta Telecableren adibideek bai. Izan ere, aurretik behar bezala jakinarazi gabe bezeroen router eta zuntz optikoak erabili zituzten wifi sare zabal bat sortzeko asmoarekin. Adibide horiek agerian uzten dute, Unanueren ustez, wifi sareen hedapena joera bat dela Europako eta AEBetako zuntz optikoko operadoreen artean. Hala ere, ez du uste Euskaltel Onoren eta Telecableren bidean erori denik. «Kontuan hartu ditugu bi adibide horiek, eta, horregatik, Euskaltel hedabide guztietan egiten ari den komunikazio kanpaina beste operadore horiek egin zutena baino handiagoa da». Edozein modutan, Euskaltelek hartu dituen neurriek zeresana sortu dute sarean. Wifiak, hala ere, kalean jarraituko du.
Bezeroek, bezeroentzat
Euskaltelek doako wifi sare zabal bat abiatu du bere bezeroen routerrek eskaintzen duten seinalea aprobetxatuz. 128.000 gunetan jaso ahalko da seinalea. Hainbat bezero, ordea, kexu azaldu dira, zerbitzuaz baino gehiago aldaketak egiteko moduaz, informaziorik ez dielako eskaini.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu