Jaiak. Loinatzak Beasainen

Bi asterako heldu dira jaiak

Hasi dituzte Loinatz jaiak Beasainen, eta datorren asteburura bitarte haur, gazte eta helduentzako ekitaldiak prestatu dituzteAstelehenean Kuadrilla Eguna izango da; larunbatean, berriz, Mozorro Eguna

Mozorro Eguna izaten da Beasaingo Loinatz jaietako egunetako bat. GOIERRIKO HITZA.
Maite Alustiza.
2011ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Festetan murgilduta dago Beasain (Gipuzkoa) atzo eguerditik.Loinatz jaiak dituzte herrian, eta bi astez jaietan jarraituko dute beasaindarrek. Asteburuetan ez ezik, aste barruan ere ekitaldi ugari antolatu dituzte. Astelehena eta datorren larunbata egun bereziak izango dira, Kuadrilla Eguna eta Mozorro Eguna antolatu baitituzte, hurrenez hurren.

Atzo gaua amaitu bezala hasiko dute eguna gaur beasaindarrek, musikarekin. 09:00etarako diana irtengo da kalera, eta eguerdi aldera haurren danborradak ibilbidea egingo du Ezkiaga auzotik abiatuta. Arratsaldean, haur eta gazteentzako jarduerak antolatu dituzte: segway-ak, jumping-ak eta Wii eremua; 17:00etan irekiko dute, Urbialde plazan. Horiez gain, pailazoen emanaldia, patata tortilla lehiaketa eta sagardo dastatzea egongo dira herriko hainbat txokotan. Helduen danborradako konpainiak 18:30ean aterako dira; dena den, desfile nagusia 22:30ean egingo dute. Konpainien azken joaldia gauerdian entzun ahal izango da, Loinazko San Martin plazan.

Gauerako kontzertu ugari prestatu dituzte: Egurra ta Kitto eta Demo Mode taldeek 23:00etan joko dute, txosnetan; Sorkun eta Nahixan taldeek, berriz, 00:00etan, Bideluze plazan. Kupelak trikiti doinuak eramango ditu Loinazko San Martin plazara, 00:30ean. Biharko ere eskaintza zabala dute prestatua. Bigarren mailako aizkolarien txapelketa, Afrikari eskainitako gunea, su festa eta Golden Apple Quartet taldearen kontzertua dira egitarauaren parte.

Astelehenean Kuadrilla Eguna izango da. Halere, guztiek parte hartzeko moduko ekintzak prestatu dituzte egun osorako. Andre Maria Zeruratuaren elizatik prozesioa egingo dute, 09:00etan, Loinazko San Martin baselizaraino. Meza egin eta gero, erromeria eta hainbat produkturen dastatzea izango dira baselizaren inguruan. Haurrentzako gunea ere prestatu dute, eta zabalik egongo da goizean eta arratsaldean, Urbialde plazan. Kuadrillak han elkartuko dira, 13:00etan, Oria eta Incansables txarangekin batera. Bazkalostean, kuadrillen arteko herri olinpiadak antolatu dituzte txosnetan, 18:00etan. Egan taldeak girotuko du Bideluze plaza arratsalde eta gauean.

Asteartean ere izango da zer egin herrian. Urteko aparteko azoka 10:00etan hasiko da, eta barazki lehiaketa, abere eta hegaztien erakusketa, talo dastatzea eta eskulangileen azoka antolatu dituzte Urbialde plazaren inguruan. Sokadantza aurreskua dantza ikuskizuna ere ikusi ahal izango da, baita bertso saioa ere. Ostirala bitarte musika eta antzerki emanaldiak izango dira Beasainen.

Mozorro Eguna, larunbatean

Datorren asteburuan ere izango da festara biltzeko aukera. Larunbatean mozorroak aterako dituzte kalera beasaindarrek, eta askotariko ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute: sukaldaritza lehiaketa, toka eta igel txapelketa eta xake txapelketa prestatu dituzte. Gauean, berriz, Oihan Vega eta Bull DJen musikak hartuko dituzte Bideluze plaza eta txosnak. Loinatz jaien azken egunean, Iturengo joaldunek esnatuko dute herria. 09:00etan helduko dira, eta Beasaingo dantza topaketari ongietorria emango diote. Goizetik arratsaldera bitarte, herriko hainbat auzotan dantza saioak eskainiko dituzte hainbat dantza taldek. Gernika pasealekua dantzarien bilgune izango da 12:30ean. Arratsaldean, berriz, Loinazko San Martin plazan bilduko dira dantza saioa eta kalejira egiteko. Dantza ikustearekin batera, dantzatzeko aukera ere izango da igandean. Dantzaokea eta playback saioak prestatu dituzte Bideluze plazan. Horrekin batera, Izan Izar abesbatzaren emanaldia eta herri kirol jaialdia ere jarraitu ahal izango dira arratsaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.