Bi aurpegiak azaleratu dira

Sexu erasoen inguruko salaketak ugaritu dira, baina herritarrek zein erakundeek erantzun irmoa eman dute. Bisitari kopurua txikitu denez, lasaitasuna irabazi dute sanferminek

Sexu erasoen aurkako bi protesta jendetsu egin dira azken egunetan. Argazkian, astelehenekoa, Gazteluko plazan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2016ko uztailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arrakastaren erpinean egotera ohituta, sanferminek halako gainbehera bat adierazi dute aurten; era berean, festaren bi aurpegiak azaleratu dira. Batetik, Iruñera etorri diren bisitarien kopurua handia izanagatik beste urte batzuetakoa baino apalagoa izan da nabarmen. Ostiraleko eta larunbateko jende oldea salbu, etxeko giroa eman diote festei, eta lasaitasuna irabazi dute jaiek. Bestetik, askoz ere kezkagarriagoa izan da sexu erasoen salaketen gorakada. Errealitate lazgarri horren aurka gizarteak emandako erantzun irmoa etorkizunean benetako festa eredu parekide baterako oinarria da. Sanferminak amaituta, balantzea egiteko ordua heldu da. Gaur egingo du Iruñeko Udalak berea.

SEXU ERASOAK

Erantzuna da aldaketa
Festak gaizki hasi ziren: gazte madrildar batek lehen gauean salatu zuen bost gizonezkok bortxatu zutela. Haatik, erasook ez zuten etenik izan. Gutxienez, halako beste hiru salaketa jarri ziren, eta horiek ikertzen ari dira oraindik. Zalantzarik gabe, festek atzean utzitako orbanik handiena da. Larrialdi zerbitzuen arabera, gainera, sexu ukituekin erlazionatutako beste hamar salaketa egon dira gutxienez. Salaketak handitzearekin batera, atxiloketak handitu egin dira. Guztira, hamabost lagun atxilotu dituzte.

Zenbaki handiak badira ere, orain gutxira arte ezkutatu egiten zen errealitate hori. Arazoa iraganeko jarreretan zegoen. UPNren garaian, sexu erasoen salaketen inguruan, Iruñeko Udalak maiz hiriaren irudia kaltetzen zuela argudiatu eta errealitate lazgarri horri ez zion behar besteko arretarik eman. Enrique Maiaren agintaldi amaieran, gutxienez, hasi zuten erasoen aurkako kanpaina, eta oraingo udal gobernuak nabarmen indartu du kanpaina hori. Aurten, salaketen ugaritzea ikusita, gizarteak irmotasun handiz erantzun du, festetan izandako bi elkarretaratzeek adierazten duten legez. Etorkizunera begira, abiapuntu ona da, baina jai ereduari buruzko gogoeta ere egin behar dela erakusten du. Erasook jasaten dituzten emakumeak dira egiazko biktimak, baina hiriak ere berea ordaindu du. Nahiz eta zenbait iruindar hiriak emandako irudiarekin kezkatuta azaldu, iraganean festak orotariko gehiegikeriekin lotu izanaren ondorio da gertatutakoa.

ENTZIERROAK
Klasikoak eta modernoak

Orotariko entzierroak utzi dituzte aurtengo sanferminek. Lasterketarik motzena Victoriano del Rio ganadutegiko zezenek egin zuten (2.11 minutu), eta luzeena bezain arriskutsuena, Cebada Gagoko zezenek. Bigarren entzierro horrek 1980ko hamarkadako lasterketa kutsua hartu zuen, uneren batean lau zezen, bakoitza bere aldetik ibili baitzen. Haietako bik ibilbidean atzera egin zuten, eta arrisku une handiak eragin zituzten. Hala, ospea berretsi zuen Cebada Gagok, eta bost adarkatu utzi zituen, sanferminetan izandakoen erdiak.

Iaz, Jose Escolarren zezen bat ospetsu egin zen ukuilura itzuli zelako, eta, aurten ere, gauza bera gertatu da. Haatik, aurtengoak korrikalari japoniar bat adarkatu du. Bi lasterketarik berezienak izan dira, klasikoak, entzierroen arrisku biziari buruzko ohartarazpenak. Besteak entzierro modernoak izan dira: azkarrak eta taldeka, gehienbat.

KALEKO GIROA
Beste ukitu bat

Nafarroako Ostalaritza Elkarteak nabarmendu du, asteburuan salbu, hoteletan ohe libreak bazeudela. Datu horrez gain, kaleetako argazki orokorretan argi geratu da bisitari kopurua jaitsi egin dela. Oraindik orain, sanferminak urrezko arrautza dira erdiguneko eta alde zaharreko ostalarientzat, baina, era berean, arrautza horrek ez du iraganeko distirarik.

Barcinaren garaian jazarriak eta Maiaren garaian zokoratuak, Herri Sanferminek espazioa bereganatu dute festaren bihotzean. Errekoleta, San Jose eta San Francisco plazetako guneekin txoko berria bereganatu dute festek. Era berean, jaien jatorria eta bultzada nagusia batik bat herrikoia izanagatik, euskal musikak eta bertsoek presentzia handiago izan dute egitarau ofizialean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.