Bi gunetan, bi eredu

Donostiako Aste Nagusia tenperatura beroekin hasi da. 'Allí abajo'-ko aktoreak izan dira protagonista kanoikadan. Bi errefuxiatuk jaurti dute Piraten suziria

Artillero kantarekin dantzan aritu ziren Allí abajo telesaileko aktoreak, Eneko Goia Donostiako alkatea eta beste hainbat lagun. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
O. Iraola - A. Zaragueta
Donostia
2016ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Eguzkiak gogor jotzen zuen atzo Donostian, baina tenperatura altuek ez zuten jendea kikildu Aste Nagusiari hasiera emateko. Kanoikada arratsaldeko zazpietan izan arren, Koro Cascante bere ahizpa Guadaluperekin Alderdi Ederreko banku batean zegoen eserita ordubete lehenago. Ahizpak urtero etortzen dira, eta biziki maite dute unea: «Suekin batera, unerik hoberena da kanoikada». Udaletxe aurrean lehen ilaran ere, han zen Maria Concepcion Amago. Donostiarra da bera, baina Asturiasen (Espainia) bizi da: «Festetara bueltatzen naiz ahal dudan guztietan; niretzat magikoa da».

Bisitari fidel, casteller eta batukada hotsen artean iritsi zen Ilunbe musika banda Alderdi Ederrera, kanoikadarako. Aurten Alli Abajo telesaileko aktoreak izan dira aukeratuak agindua emateko: Ane Gabarain, Maribel Salas, Ainhoa Aierbe, Oscar Terol, Iker Galartza, Iñigo Salinero eta Gorka Aginagalde. Terolek prestatua zuen ezustekoa, eta hiru irrintzi bota zituen. Udal korporazioa ere batu zitzaien aktoreei, kanoikada baino lehen. Eneko Goia Donostiako alkateak festara animatu zituen donostiarrak; festak «errespetuz» bizi behar direla gogorarazi zuen alkateak. Eskola abesbatzakko kideek, aktoreekin eta udaleko ordezkariekin batera, Artillero abesteari ekin zioten, eta Gero Axular eta Eureka taldeak izan zituzten lagun dantzan. Artzainez eta flamenkoz jantzita, euskal dantza eta flamenkoa nahastu zituzten. Terolek eta Galartzak festa zoriontsuak opa zizkieten bertaratutakoei: «Aste hau gozatzeko eta zoriontsu izateko da», esan zuen Terolek. Gastronomikako Luis Mokoroa artillari nagusiak eman zion festei bultzada, kanoikadarekin. Bigarren kanoikadarekin, urdinez bete zen Alderdi Eder. Zortzi egunetako festaren hasiera emanez.

Piratak, errefuxiatuekin bat

Kanoikada bainominutu batzuk lehenago, kaian eman zioten jaiei hasiera Donostiako Piratek. Urtero gai bat hartzen dute, omenaldi bat egiteko eta gizartean presentzia nabarmentzeko. Aurten aho batez onartu dute errefuxiatuei tartea eskaintzea, eta Saharako Hassanna Aalia eta Ukrainako Kateryna Kirsanova izan dira protagonistak. Kirsanovaren laguna da Yuliana Homes (Ukraina, 1989), eta kaian zen Piraten ekitaldian: «Kirsanovak badaki zer lortu nahi duen eta borrokatuz helmugara iristea lortzen du beti. Etxea txikitu diote, non bizi ez zuen, eta orain hemen dago, laguntza eskatuz». Lander Arbelaitz Piraten koordinatzaileak azaldu zuen errefuxiatuen gaiari tartea eskaini beharra zegoela: «Ez da oraingo kontua bakarrik». Europako Batasunaren eta Mendebaldeko gobernuen jarrerak kritikatu zituen Arbelaitzek.

18:15erako bete zen Flamenka ingurua. Uretan zegoen jendea kanpora atera zen; laster zetozen piratak. Geroz eta jende gehiago zetorren, eta, tartean, elkarrekin iritsi ziren Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakarigaia eta Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako zerrendako bigarrena.

Pirates of the Caribbean filmaren doinuekin iritsi ziren piratak kaira; Aste Nagusi Pirata irekitzeko unea zen. Aalia eta Kirsanova errefuxiatuek irakurri zuten mezua, euskaraz: «Poliziaz, bidegabeak diren legeez eta bazterkeriaz jositako lurraldeak gurutzatzea lortu dugu gutxi batzuek, eta hona iritsi gara. Zuen ateak ireki dizkiguzue, eta gureak ere ireki dizkizuegu. Eskerrik asko!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.