Ehun urte igaro dira debekuak feminismoa isildu eta isilarazi zuenetik. Ehun urte, eta herrialde askotan isilean dago oraindik. Debekuaren gainetik, askatasunerako bidea egin zuten feminismoan aitzindari izandakoek, hala nola Clara Campoamorrek, Virginia Woolfek, Maria Zambranok eta Coco Chanelek. Eta debekuaren gainetik, ez zuten beren ahotsa sekula isilarazi.
«Jazz abeslariez baliatu ziren haien iritzia emateko, baina bereziki, maitasun gutunak idazteko». Ehun urteko bidaia egin du Omar Ayyashi argazkilariak, eta 36 argazkiz osatutako erakusketa aurkeztu du gaur Donostian: Jazzaren alabak. «Jazza zen euren iritzia emateko bide bakarra. Hortik dator erakusketaren izena. Gainera, jazzaren urrezko garaia izan zen», azaldu du. 1920ko eta 1930eko hamarkadetan aitzindari izan ziren —eta isilarazi zituzten— emakumeen testuei argazki bat, gorputz bat eta ahots bat eman die. Irudiak entzun, sentitu eta imajinatu. Hori eskatu du Ayyashik, «esperientzian gehiago murgiltzeko». Entzuteko erakusketa bat da; izan ere, argazki bakoitzaren ondoan QR kode bat dago, argazkiko aktoreak interpretatzen duena.
Hamazazpi emakume aktorek interpretatu dituzte testuak, bakoitzak bere erara. Honako aktore hauek parte hartu dute: Hiba Abouk, Leticia Dolera, Marta Etura, Clara Galle, Cayetana Guillen Cuervo, Maria Hervas, Miren Ibarguren, Clara Lago, Victoria Luengo, Olivia Molina, Lola Rodriguez, Ana Rujas, Aitana Sanchez-Gijon, Milena Smit, Cecilia Suarez, Manuela Velasco eta Natalia Verbeke.
Proiektuaren ideiaren inguruan honako hau azaldu du: «Proiektu honetan pentsatzen hasi nintzenean, neure buruari galdetu nion: 'Nola hitz egin dezaket 1920ko hamarkadako emakume haietaz eta askatasunerako bidea egiten hasi zireneko garaiaz?'. Ez nuen nostalgia ariketa bat egin nahi». Erakusketa gaurtik irailaren 28ra bitarte egongo da ikusgai, Zurriolako pasealekuan.
Ayyashik Palestinako genozidioari keinu egin nahi izan dio, eta nabarmendu du «ezin garela ahaztu» hango egoeraz: «Nire aita palestinarra zen, beraz, sustrai horrek beti lagundu izan dit. Erakusketa honetan emakumeen askatasunaren inguruan hitz egiten dut, baina begirada Gazan jarria dut. Han, emakumeek, gizonek eta bereziki, haurrek, ikararen erdian bizitzari eusten diote. Benetan sinesten dut, aitzindari izan diren emakume hauek askatasunaren bidea egin zuten modu berean, Gaza eta Palestinako herria ere, egunen batean, libre izango direla. Hemendik diot, Donostiatik, Zinemaldia jaialditik, non gizakiek disfrutatzen duten: mesedez, gelditu genozidioa Gazan. Babestu bizitza, eta egin bakearen alde».