Ohiko motxilarekin igo dituzte Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek Jakintza ikastetxeko (Ordizia, Gipuzkoa) aldapa eta eskailerak, baina aulkiak zirkulu itxuran topatu dituzte ikasgelan. «Parte hartzeko gogoz etorri zarete?», galdetu die Garazi Inesek, EHUko Lehen Hezkuntzako Graduko ikasleak. Garazi Intxausti eta Beñat Izagirre ikaskideak alboan ditu, eta gelako irakasleen lekua hartu dute gaurkoz. Baiezko ozen batekin erantzun diote ikasleek. Badakite gaurko eskola desberdina izango dela, album ilustratu bat baitute eskuetan. Hasi da Bidaia album ilustratuaren lanketa (Ttarttalo).
Izenburua paper zuri batekin estali dute irakaslegaiek: «Azala eta kontrazala ikusita, zer izenburu jarriko zeniokete albumari?», galdetu die Izagirrek. Berehala iritsi da lehen erantzuna: «Bidaiatzen». Ez daude alferrik marraztuta azaleko txoriak, maletak eta pertsonak; ezta kontrazaleko dozenaka maletak ere. «Gertu ibili zarete: Bidaia du izenburua».
Pianoaren doinu instrumental bat hondoan jarri, eta Ines hasi da albuma irakurtzen. Isiltasuna nagusitu da gelan. «Gure familia bizi ginen hiria ez zegoen itsasotik oso urrun. Horrexegatik, asteburu askotan, txangoa egiten genuen hondartzara. Hala ere, pasa den urtean, gure bizitza aldatu egin zen, bat-batean». Orria pasatu du, eta jarraitu: «Gerra hasi zen. Egunero, gure inguruko munduak zoritxarren batekin harritzen gintuen. Harik eta dena nahas-mahas utzi zuen arte». Haurrak buru-belarri sartu dira kontakizunean, eta adi-adi daude liburura begira.

«Hutsune bat dago gaur egun eskoletan, Lehen Hezkuntzan batez ere: gai gatazkatsuak ez dira lantzen. Eta beste hutsune bat da irakasleek ez daukatela gaitasun literarioan trebatzeko formakuntzarik». Amaia Serranorena da azalpena, EHUko Hezkuntza eta Literaturaren Didaktikako irakaslearena. Duela hiru urte sortu zuen, proba pilotu moduan, irakaslegaiekin gai gatazkatsuak lantzen dituzten albumak kontatzera ikastetxeetara joateko proiektua, Ursula Lunarekin batera. Hezkuntza berrikuntzako proiektu baten bitartez, Gatai izenpean eramaten dute aurrera orain. Aurten, Gipuzkoako sei ikastetxetan izan dira; ehun ikasgelatan, gutxi gorabehera: Ordiziakoez gain, Tolosako Samaniego herri ikastetxean, Itsasondoko Urkipe herri eskolan, Donostiako Amara Berri eskolan eta Beasaingo Alkartasuna lizeoan.
Hain zuzen, gai arantzatsu ugari lantzeko aukera ematen dute album ilustratuek, eta horregatik erabaki zuten bi arloak uztartzea. Gizarte Zientzien Didaktikako irakaslea da Luna, eta gaur egungo munduarekiko jarrera kritikoa izateak azken urteetan garrantzia hartu duela dio, orain arte hori «helduen kontua» zela uste bazen ere: «Ustez, heldua izan behar duzu halako gai tabuen inguruan hausnartzeko. Ezin dugu pentsatu 0-12 urtera artekoek ez daukatela ikuspegi kritikoa lantzeko gaitasunik, eta bat-batean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan sartzen direnean, orduan bai. Ez gaude ados horrekin; etengabeko entrenamendu bat da hau».
Irakaslegaiak trebatzen
Baina haurrak trebatzeko, irakasleak trebatzea ere ezinbestekoa da. Eta hori ere barne hartzen du Gataik: unibertsitateko ikasleak —irakaslegaiak— trebatzen dituzte, eta baita eskola irakasleak ere. «Album horiek irakurtzeko gaitasunean trebatzen ditugu. Irakurri esaten dugunean, ez gara bakarrik literarioki ari: irudien irakurketaz ere ari gara», kontatu du Serranok. Hala, curriculumeko zenbait gaitasun barneratzeko aukera ematen diete: sinboloen interpretazioa, pertsonaien garapena, genero ikuspegia... Laburbilduz, literatura irakurtzeko gaitasun kritikoa lantzen dute, gero hori haurrekin lantzeko.
Hain zuzen, album ilustratuak kontatzeko ez denez denbora luzerik behar, irudien interpretazioa lantzeko aukera ere ematen du proiektuak, ordu eta erdi inguruko saio batean. Eta, literaturaren bidez, errealitatearekin lotura egitea ere lortzen dute ikasleek, Serranok azaldu duenez: «Literatura gizarteko beste adierazpide bat den neurrian, iruditzen zaigu oso aproposa dela literaturaren bidez gerturatzea gai horietara, eta gero fikzioaren eta errealitatearen arteko lotura horiek egin ahal izatea».

Istorioaren barru-barruan sartzen baitira, eta bertan gertatzen ari dena ikusten baitute, kontalaria bera desagertzeraino. Orduan sortzen da magia, eta orduan lortzen dute errealitatearekin bat egitea. Baita enpatia lantzea ere, Serranoren hitzetan: «Momentu hori probestuz, pertsonaiekin enpatizatzen dute, pentsatzen baitute haur hori beraiek ere izan zitezkeela».
Baina magia ez da haurrengan soilik sortzen; irakaslegaiek ere hartzen dituzte sorpresak. Izan ere, haurrak albuma ulertzeko gai izango diren ala ez zalantza izaten dute batzuetan, eta, kontrara, erakusten diete uste baino lotuago daudela errealitatearekin: «Horrek ere erakusten du zer irudi daukagun haurren inguruan: oso infantilizatuta dauzkagu batzuetan, eta pentsamendu kritikorik ez daukatela uste izaten dugu; irudi horrekin apurtzeko balio izan die proiektuak gure ikasleei», esan du Serranok.
«Ezin dugu pentsatu umeek ez daukatela gaitasunik ikuspegi kritikoa lantzeko. Etengabeko entrenamendu bat da hau»
URSULA LUNAGatai proiektuaren arduraduna
Usteak erdi ustel baitira, eta teoriak teoria. Baina ikasgelako praktika izaten da sarri benetako azterketa eta ikasgaia. Arlo teorikoa landu ondoren, irakaslegaiak denbora luzez izaten dira kontaketak eta ondorengo jarduerak prestatzen. Saioak, gainera, grabatu egiten dituzte, gero autokritika egiteko. Hala azaldu du Lunak: «Orain, saio hori analizatu behar dute. Autokritika egin zenbait irizpideren arabera, jakiteko zerk funtzionatu duen eta zergatik funtzionatu duen ondo, haurren erantzunen arabera».
Deserosoa izan liteke, baina merezi du, arduradunen ustetan. Irakaspen ugari jasotzen baitituzte denek: eskolek, irakaslegaiek, haurrek eta irakasleek. Zubi lana da, fikziozko irakaskuntzatik errealitatekora. «Iruditzen zaigu gizarteratze lan bat badagoela, eta unibertsitatearen, eskolen eta orokorrean gizartearen arteko zubiak eraikitzeko modu bat dela. Ez da gelditzen maila teorikoan».
Liburutik errealitatera
Jakintza ikastolan egin dutenaren antzera, Urdaneta eskolako (Ordizia) ikasgela batean dute saioa Naia Kerejeta eta Ibon Larios irakaslegaiek. Mexique. Itsasontziaren izena (Txalaparta) kontatzera joan ziren hara otsailean, eta, gaurkoan, Refugiada (La Galera) kontatzera joan dira. Gazteleraz emana da liburua, baina euskarara itzulita kontatu dute. Ipuina kontatu osteko lanketarekin hasi dira: «Entzun duzue inoiz errefuxiatu hitza?». Hitzak zer iradokitzen dien galdetu diete, zerekin lotzen duten. Erantzunak: «Afrikarrak pateretan etortzea»; «Trumpi ez zaizkiola gustatzen».
«Pasarte bat hartu, eta mila detaile ikus ditzakezu, lehenengo begiratuan ikusten ez dituzunak»
NAIA KEREJETALehen Hezkuntzako Graduko ikaslea
Bigarren saioa izanik, erosoago sumatu dituzte haurrak; baita beren burua ere: «Espero genuen gaur parte hartze handiagoa egotea; azkenean, ezagutzen gaituzte, eta erantzun dezente jaso ditugu», esan du Lariosek. «Gainera, ez gaude ohituta gai horiei buruz hitz egitera, eta haurrekin hori lantzea interesgarria izan da», gehitu du Kerejetak.
Munduan 43,7 milioi errefuxiatu daudela kontatu diete bi irakaslegaiek, eta baita errefuxiatuen eta migratzaileen arteko desberdintasuna azaldu ere. Galdetu diete ea bidaia hori erraza izango den pertsona horientzat: «Ez, dena berria izango delako, eta ez dutelako ezer ere ezagutzen», jaso dute bueltan. Eta ezagutzen ote dute inguruan halakorik bizi duen inor? «Hemen ere gertatzen da... Nire amaren lagun bat flotagailuan etorri zen».

Begiak eta belarriak zabalik baitituzte haurrek, eta askotan uste baino gehiago konturatzen baitira inguruan gertatzen direnez. Onintza Sadaba da gelako tutorea, eta adi aztertu du nola parte hartu duten haurrek: «Gaia interesekoa izateak ere badu eragina. Ikasleek badute interesa ingurukoen artean edo komunikabideetan entzuten dituzten gaien inguruko hausnarketak eta ekarpenak egiteko».
Aitona-amonen pasadizoak kontatzen ere animatu da baten bat, 36ko gerrari edo Francoren diktadurari buruzkoak, batik bat. Hain zuzen ere, irakaslearen arabera, elkar hobeto ezagutzeko parada ere ematen diete horrelakoek: «Azkenean, gelan aniztasun handia daukagu, eta, gelako testuinguruan, badirudi denok berdin gaudela. Baina ez, bakoitzak atzetik daukagun istorioa, nondik gatozen, familiarengandik jaso ditugun bizipenak eta testigantzak... desberdinak dira».
«Ikasleek badute interesa inguruan entzuten dituzten gaiei buruz hausnartzeko»
ONINTZA SADABAOrdiziako Urdaneta eskolako irakaslea
Zuku hori guztia atera dute, album ilustratu batetik abiatuta. Hamar minutuan irakur bailitezke bertako hitzak eta istorioa, baina askoz denbora gehiago behar baita kolore, arrasto eta forma guztiak aztertzeko, Kerejetak esan duenez. «Pasarte bat hartu eta mila detaile ikus ditzakezu, lehenengo begiratuan ikusten ez dituzunak. Eta interpretazio pila bat egin daitezke pasarte beretik, gainera. Hitz egiten dena ere bai, noski, baina ilustrazioak ere oso garrantzitsuak direla ikusi dugu». Are gehiago, irakasleek Gataiko arduradunei esan diete gaur egun gehiago nahiko lituzketela, lanketarekin jarraitzeko. Liburuaren xehetasunetaranzko bidaia bera behin eta berriz egiteak bidaia aberasten baitu. Elkar entzuteak, are gehiago.