GIDa PraKTIKoa
Nola iritsi: Cuscora iristeko modurik zuzenena Limara hegazkinez iritsi, eta handik Cuscora beste hegaldi batean joatea da. Prezioaren arabera, ordea, beste aukera batzuk ere azter daitezke; esate baterako, Txileko Santiagon Sky Airlines konpainiaren Aricara arteko barne hegaldiak hartu (denborarekin hartuz gero, ez da garestia), eta handik autobusez iritsi Cuscora. Gauza bera egin daiteke Boliviako hiriburu La Pazetik. Kontuan hartu behar da, ordea, autobus bidaiak luzeak direla (12 ordutik gora hiri handi batetik bestera), eta atseden hartzeko aprobetxatu nahi bada, merezi du gehiago ordaintzea eserleku zabalagoak edukitzeko. Perun lapurretak ugaritu egin dira errepideetan azken urteetan, eta Poliziaren ohiko kontrolez gain, ez harritu autobusera igotzeko orduan bideokamera batekin bidaia guztiak grabatzen badituzte.
Non lo egin: Zaila da Perun lo egiteko leku bat aholkatzea. Onena bertara joan eta ikustea da, ohiko hotel garestietatik ihes egin nahi bada behintzat. Autobus geltokian edo aireportuan jende asko ibiltzen da ostatuentzako lanean, eta beraiek azalduko dizute non egin daitekeen lo. Erne egotea komeni da, eta lotsarik gabe zer nahi duzun zuk erabaki. Gertutasuna aintzat hartu behar da, eta ur beroa duten galdetu, ez baita guztietan nahi adina izaten. Merkea eta erosoa da, esate baterako, San Blas ostatua, izen bereko kalean (katedralaren atzealdean).
Non jan: Armen Plazan jateko aukera asko dago, bai jan tradizionala baita atzerrikoa ere (pasta eta haragia, tartean).
Jakingarriak: Cusco eta inguruak ondo ezagutzeko hobe da bidaia agentzi handien eskaintzarik ez hartzea. Litekeena da, bestela, Cuscoko katedralean ordu eta erdiko bisita egitea. Badira beste bidaia agentzia txiki batzuk, eskaintza pertsonala egiten dutenak, nahi duzun tokira eramango zaituztenak, eta Peruren, historiaren eta turismoaren beste kontzeptu bat dutenak, berriagoa. Horietako bat da Choquequirao New World familia enpresa. Oso jende atsegina, eta gertuko harremana. Auto batekin nahi duzun lekura eramaten zaituzte, eta bidaiaz gain, edozein gauzatan laguntzeko prest daude beti.
Nazca, basamortuko marrak
I. G. / A. E.1946. urtean, Maria Reiche kasualitatez iritsi zen Nazcara. Betiko gelditu zen. Bizitza Nazcako basamortuan lurrean marraztuta dauden marrak aztertzen eman zuen, baina gaur egun oraindik inork ezin du frogatu nork eta zertarako egin zituen marra horiek. «Ziurrenik guk inoiz ezagutuko ez dugun teknologia zerabilten antzinakoek. Kontu handiz ezkutatu zuten, baita euren jakinduria ere. Hau izango da inork kendu ezin izango dien altxorra», esan zuen Reichek.
Hainbat dira marrazkiak, batzuk animalia itxurakoak (tximua, kondorra, kolibria), beste batzuk geometrikoak, eta gizaki baten itxura duen bat ere badago. Estralurtarrek egindakoak direla esan izan dute batzuek, eta ideiak ez hanka eta ez buru ez duen arren, egia da marrak ikusteko leku onena zerua dela. Nazcako aerodromoan dago horretarako aukera. Pixka bat itxaron behar den arren, merezi du. Hegazkin txikiak dira, sei bidaiarirentzat, eta hegazkinei beldurra dienak hobe du bi aldiz pentsatu, nahiz eta ikuskizuna zoragarria izan. Pilotuek batera eta bestera mugitzen dituzte hegazkinak marrak ikusteko.
Hipotesi nagusietako baten arabera, izarrek zeruan sortzen dituzten formen isla dira marrak lurrean. Izarren mugimendua zehazteko balio zutela pentsatzen dute askok, eta ereite, euri edo uzta garaiari dagozkiela. Irudi geometrikoek ere funtzio hori omen zuten. Mistikoek diotenez, energia positiboa ematen dute, eta hurbiltzeko Panamericana errepideak zeharkatzen duen lekura joan behar da. Mistikoen arabera, energia horrek zurrunbilo txikiak sortzen ditu marren gainean, eta horri esker mantentzen dira garbi, hondar eta harririk gabe.
Marrak ez dira inken inperioaren garaikoak. Nazca zibilizazioak eginikoak dira. Garai berekoak dira Chauchillako nekropolia eta lur azpiko ur kanalak. Nekropolia ere basamortuan dago, eta lapurrek ateratako momiak ikus daitezke bertatik bertara, euren apaingarri eta ile motots luzeekin. Bertara heltzeko taxi bat hartu behar da, autobusik ez baitago. Egun-pasa polita egin daiteke marrak, nekropolia eta ur kanalak ikusten, baina taxiaren prezioa aurretik zehaztea hobe. Ura eraman behar da. Gaur egungo herriak, gainerakoan, ez du gau bat bertan pasatzeko eskaintzarik.