Bideojokoak beti egon dira presente Lander Unzueta Lekerikabeaskoaren (Gernika-Lumo, Bizkaia,1991) bizitzan. Txikitatik ezarri du bideojokoen eta bizitza errealaren arteko marra gorria, baina, haren ustez, askorentzat ikusezina da marra hori.
Non dago narratiban indarkeria erabiltzeko beharraren eta hura goraipatzearen arteko marra?
Nire ustez, bideojokoen narratibetan ez da indarkeria nabarmen goraipatzen. Ezin dugu esan biolentzia goraipatzen denik. Badago alderdi bat, tiro eta borroka jokoetan, non indarkeria den jokoaren ardatza, non xedea den zure aurkaria kolpatzea edo hiltzea. Hor agian zailagoa da marra hori irudikatzea, eta kontuan hartu beharreko zerbait da. Batez ere gazteenengan da nabaria arrisku hori.
Bideojokoek errealitate propioa sortzen dute pantailen barruan. Arriskurik ba al dago gazteek bideojokoen errealitatea mundu errealarekin nahasteko?
Bideojokoen oinarria gaur egungo gizartea da. Gure errealitatetik sortutako egiturak dira. Bizitza errealean debekatuak dauden gauzak bideojokoetan egiteak plazera eragin dezake edo asebete egin dezake jendea, baina, halere, oso garbia da bien arteko ezberdintasuna, eta bideojokoetan aritzen den orok badaki hori.
Ba al dago ebidentzia zientifikorik frogatzeko bideojoko biolentoek jarrera oldarkorrak eragiten dituztela?
Ikerketa seriorik ez dago. Denok ibili gara bideojokoetan tiro ematen, baina, ondoren, bizitza errealean ez dugu halakorik egin. Baina badira ikerketak frogatzen dutenak bideojokoek erlaxatzeko balio dutela. Gaur egun, arrakastatsuenak diren arren, ez ditugu soilik tiro edo borroka jokoak. Bizitzako edozein arlo bideojokoetara eraman dute jada. Baditugu kozinatzeko jokoak, eraikuntzan aritzekoak, familia bat sortzekoak... denetarik dago. Bideojokoak gune seguruak dira askorentzat, eguneroko arazoak atzean utzi eta aurrera egiteko eremua.
Tiroak egitea eta erlaxatzea uztartu daitezke?
Gure gurasoek beti esan izan digute hori, ea nola den posible. Baina, azken finean, beste ikuspegi batetik begiratu behar da. Gaur egun, helduak eta gazteak aritzen gara bideojokoetan, eta pentsamendu hori aldatuz joan da.
Bideojoko enpresek edo instituzioek erregulatzen al dute indarkeria?
Sailkapenak badaude. Hemen, PEGI sailkapena dugu. Adina hartzen du kontuan, aztertuta bideojokoa norentzat pentsatua dagoen. Horrez gain, jokoaren edukiak ere iragarri egiten dira. Bideojokoen mundua asko hedatu da azken urteetan. Gaur egun, jokoek sarera egin dute salto, eta hor kontrola askoz ere zorrotzagoa da. Orain, sarean dauden eduki sortzaileak ikusten dituzte gazteek, eta hor, haien edukia baino arriskutsuagoa izan daiteke sortzailea bera. Hark mezu eta jarrera misoginoak baditu, adibidez, hori gazteei iristen zaie, eta, bideojokoa baino gehiago, pertsona bera da arriskua.
Bideojokoen munduan betidanik egon da jazarpena?
Bideojokoak beti izan dira bekatariak. Munduan zerbait txarra gertatzen bada, gu gara beti errudunak. AEBetako eskola batean tiroketa bat izaten denean, beti aipatzen da bideojokoetan aritzen zela eta segur aski horrek eragingo zuela dena. Munduan dauden arazoak ez dira bideojokoetara mugatzen: askoz sakonagoa da dena. Bideojokoak gazteen kontua izan dira duela gutxi arte, eta gazteak asko estutu izan dira beti. Horrek eragina du, eta, horrez gain, bideojokoen industria gaztea da, eta, oso handia izan arren, agian ez dauka hainbesteko indarrik. Instituzio askorentzat, bideojokoei errua botatzea izan da betidanik bide errazena.
Azken denboraldian, eskuin muturraren gorakada dela eta, bideojokoen mundua gazteak erradikalizatzeko tresna bat bilakatu da?
Zentzu batean, zoritxarrez, kontrol gutxi ezartzen da bideojokoetan. Gaztez beteriko esparru bat da, baina online jokoetan edozein aritu daiteke. Askotan ez dakizu pantailaren beste aldean duzuna gaztea ala heldua den. Azken hilabeteetan, eskuin muturrarekin zerikusirik ez duen arren, pedofilia kasu asko argitaratu dira gaur egun pil-pilean dagoen joko batean. Horregatik, gaztetxoentzat ezinbestekoa da gurasoen kontrola.
LOTSABAKO
Bideojoko bat? The Legend of Zelda: Ocarina of Time.
Bideojokoak arriskutsuak dira? Erabileraren arabera.
Jokatzeko momenturik onena? Afalostea.
Euskal Herriko txoko bat? Mundaka [Bizkaia].