Maratila. Aurelia Arkotxa

Bideoklipa

2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Yurri ibilbidea Lizarran. Bar bat. Oren bata aldera. Hiru bezero. Salaren iskinean den gizona, txanpon makinarekin borrokan, sosak sar eta sar ari zaizkiola. Sosen asots metalikoa makinan erortzen diren aldiro. «Dame unos cambios» eskatzen dio basoen garbitzen ari den zerbitzariari. Kafesnea manatzen dut eta leiho ondoan jartzen naiz. Ene parean, berrogeita hamar bat urte dituzkeen emaztea mostradoreko aulki luzean jarria. Zangoak gurutzatzen dituelarik izter gaineraino goititzen zaio zaia estua. Eta dirdiratzen zilar kolorezko pantiak. Begi ondoak (begipeak) ubel ditu. Begiratzen nau aldika. Badirudi tristezia zama ikaragarriarekin badabilala bizkarrean. Urruntxoago, zutik, bertze gizona zerbitzariarekin solasean ari da. Ele porroskak entzuten ditut : « … en vez de tabaco, la marihuana... ez más sano… para mi consumo… no debe mezclarse nada…». Emazteari heldu zaio senarra kanpotik, kobratzen dute eta badoaz agurtu gabe. Sos makinatik: «¡uno, dos, tres!». Telebista alimalean, Hold My Hand bideoklipa. Michael Jakson eta Akon kantuz, dantzan, haurrak, irudi ederrak. Gorputza mugiarazten duen erritmo alaia «…Things will get better if you just hold my hand. Nothing can come between us if you just hold, hold my, hold, hold my, hooold, hold my hand…». Leihotik El Puyko basilika zaintzen duen gurutze handia ikusten da. Zerbitzariak, M-ek, kontatzen dit Ekuadorrekoa dela, primaderan joanen dela hara aitamen ikustera, anitz urte baduela Lizarran bizi dela, Espainian gaindi ibilia dela. «Aquí la gente tiene mucho estrés, en Madrid todavía más. Tomar un café y marcharse con prisas. Allá, uf, te relajas. Me quedaré un mes. !Es que no puedo más! El trabajo…– gehitzen du irriz. Alegrantzia begi beltzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.