Bihar egingo dute Lapurtarren Biltzarra

Ohi baino astebete lehenago egingo dute lapurtarrek urteroko biltzarra, Uztaritzen

Erredakzioa
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Indartsu eta berrikuntza askorekin dator aurten Lapurtarren Biltzarra. Biharko antolatu dute ospakizuna, Uztaritzen, eta festaren 33. aldia izango da.

Zenbait aldaketa eta berrikuntza ditu aurtengo jaialdiak. Horietako nabarmenena egun aldaketa da. Betidanik urriaren lehen igandearekin batera egin dute biltzarra. Aurten, ordea, astebete aurreratzea erabaki dute. Aldaketaren arrazoia egun berean Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaia eta Kanbon (Lapurdi) euskalbizkotxaren festa ospatzen direla aipatu dute antolatzaileek.

Eguna aldatu ez ezik, biltzarra egingo den lekua ere aldatu dute. Uztaritzeko Bilgune plazetako lanen ondorioz, jaialdia Kiroleta gelan egingo dute. Bestalde, estreinakoz elkarteen eta ekoizleen herrixka izango da. Tokiko ekoizleez gain, Gurekin, Iparraldeko talde antifaxista eta Topopass elkarteak izango dira, besteak beste.Guztira hamaika mahai egongo dira, bost etxalde eta artisau eta sei elkarte.

Uztaritzen antolatzen dute urtero Lapurtarren Biltzarra, lurraldeko hiriburu historikoa baita. Erdi Arotik 1789ko Frantziako Iraultza arte, Uztaritzeko gazteluan egiten zituzten lurraldea gobernatzeko Lapurdiko herrietako ordezkarien arteko biltzarrak.

Lapurtarren nortasuna babesteko xedea du jaialdiak, eta ekitaldiz josiriko eguna prestatu dute biharko. Karroen desfileak irekiko du festa, 11:00etan. Eguneko ekitaldi garrantzitsuenetakoa izango da hori. Lapurdi gelatik hasi eta Kiroletan gelan bukatuko da desfilea. Orotara, hamar karrok hartuko dute parte desfilean, eta asko izango dira ikusleak.

Bertsolariak eta musika

Karroak desfilatu bitartean, txaranga eta gaiteroak arduratuko dira herriko bazterretan giroa jartzeaz. Kanpoko ziganteak ere han ibiliko dira. Halaber, Odei Barroso eta Eneritz Zabaleta eliza aurrean bertsotan arituko dira.

Eguerdian, ikastolak antolaturiko herri bazkaria egingo dute. Haurrentzako jokoak izango dira, eta Nat eta Watson taldeek kontzertua emango dute.

Arratsalderako musika emanaldi gehiago antolatu dituzte. 18:00etan, esaterako, Joseba Tapia entzun ahal izango da, eta, jarraian, Islaia, Xutik eta Bu Ta Gaz taldeak arituko dira Uztaritzeko oholtzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.