Euria eta hotza ez dira nahikoa izan bilbainadak bertan behera uzteko. Zapi urdinez bete da beste behin ere Casilda Iturrizar parkeko Pergola. 12:00etan hasi da bilbainaden kontzertua, Los Cinco Bilbainos taldearen eskutik. Aurtengo Aste Nagusian eman duten bigarren kontzertua izan da, eta, nahiz eta eguraldia etsaia izan, ez da lan erraza izan esertzeko lekua aurkitzea.
Taldea eszenatokira atera aurretik, aurkezleak ez ezik publikoak ere animatu du itxaronaldia, abesti ezagun batzuk a cappella kantatuz. Algara artean, mezu garrantzitsu bat ere bidali du aurkezleak. Txalo zaparrada bat eskatu du Iberiar penintsulako suteei aurre egiten ari zaizkien guztientzat. «Gaurko eguraldia ere beharrezkoa da», gogoratu du.
«Nahiz eta nire euskara oso ona ez izan, unerik hunkigarriena 'Txoriak txori' izan da niretzat. Horixe gustatu zait gehien»
MARIA JESUS Pergolako entzulea
«Gora Bilbo!» oihuak eman dio sarrera taldeari, eta jendea txaloka hasi da bost kideak oholtza gainera igo direnean. Taldeak aukeratutako errepertorioa euskarazko eta gaztelerazko klasikoen nahasketa izan da. Abesti eta kantu artean, musikariek asmakizunak balira bezala aurkeztu dituzte piezak, eta hurrengoa zein izango zen asmatzen utzi diete entzuleei. «Hau Beber, beber da», esan dio emakume batek senarrari lehen arrastoa eman dietenean. Horrelako jarduerak adinekoekin erlazionatu ohi diren arren, ez dira Pergolara bertaratu diren bakarrak. Hori bai: haiek gozatu dute gehien. Pergolan familia osoak ere egonik, haurrek geldi ezin egonez begiratu dute eszenatoki aldera, aitona-amonekin dantzatzeko jaiki nahian.

Omenaldiak
Kontzertu handi guztietan bezala, omenaldiak ere ez dira falta izan. Hunkigarrienak Bilboko galiziar komunitatearentzat eta hildako lagunentzat izan dira. Unerik berezienetako bat Apaga o candil piezaren interpretazioa izan da, galegoz. Jose Luis taldeko kideak azaldu duenez, galiziar komunitateari eskaini nahi izan dio abestia: «Bilbora emigratu zuten eta beren lanarekin hiria eraikitzen lagundu zutenentzat da abesti hau». Txalo zaparrada luze eta bero batez hartu dituzte haren hitzak. Geroago, Laboaren Txoriak txori bertsionatu dute bilbotarrek, jada ez dauden lagun eta kideen oroimenez. Omenaldi horrek biziki hunkitu du publikoaren parte handi bat.
«Dantza egiteko gogoa ez dugu falta, baina, aulkietan eserita egon garenez, ezin izan dugu egin»
ROSA Pergolako entzulea
Haien artean Maria Jesus eta Rosa daude, Portugaletetik [Bizkaia] zuzenean Bilbora iritsitakoak. «Nahiz eta nire euskara oso ona ez izan, unerik hunkigarriena Txoriak txori izan da niretzat. Horixe gustatu zait gehien», aitortu du Maria Jesusek. Haren ondoan, Rosak barrez erantsi du: «Dantza egiteko gogoa ez dugu falta, baina, aulkietan eserita egon garenez, ezin izan dugu egin».
Maria Jesusek eta Rosak nabarmendu dute oraindik ere espiritu gaztea dutela eta giroaz gozatzeko gogoz daudela. Kontzertuaren ostean, «alai jarraitzeko», bazkaria izango dute. Biek oso gustuko dituzte bilbainadak: Maria Jesusek adierazi du ahal duen guztietan etortzen dela, eta orain senarrarekin joan dela. Rosa, berriz, lagunekin bertaratu da, giro onaz eta musika ederraz gozatzeko prest.