Bilboko Aste Nagusiak eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiek badute jadanik aurtengo irudia. Bi hirietako udalek gaur jakinarazi dute zein izango diren aurtengo kartelak. Bilboko jaiak Juan Manuel Martinez Rodriguezen Besarkada urdin bat Bilborentzat izeneko irudiak iragarriko ditu, eta Gasteizko jaiek Anne Baskaranen Zuriaren, zure, gure... jaiak izeneko lana izango du irudi. Baskaran, gainera, Mantangorri-ko kolaboratzailea da. Gasteizko jaiak abuztuaren 4tik 9ra bitartean egingo dituzte, urteroko ohiturari jarraituz. Bilboko Aste Nagusiak, berriz, abuztuaren 22tik 30era iraungo du aurten.
Gasteizko jaietako irudia «inklusiboa, askotarikoa eta oso gurea» dela azaldu du Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak. Baskaranen kartel koloretsuak jaietako hainbat elementu bereizgarri biltzen ditu; besteak beste, Zeledonen jaitsiera, erraldoiak eta buruhandiak. «Baina ez ditu gure jaiak bakarrik islatzen; hiria bera ere irudikatzen du», nabarmendu du zinegotziak.
Irudiaren egileak adierazi duenez, jaiak «bakoitzak bere erara» bizi ditzakeela erakutsi nahi izan du kartelarekin; alegia, jaiak «pertsona guztientzat» direla eta ez dagoela horiek bizitzeko modu bakar bat. Horrez gain, kartelaren gaineko azalpen gehiago ere eman ditu egileak: «Gozatzeko modu askotarikoak erakusten dira hainbat eszena erabiliz. Adibidez, txistua eta danbolina, neska edo blusa jantzia, abuztuaren 5eko lore eskaintza, edo Farolen Prozesioa».
Guztira 49 egile aurkeztu ziren kartel lehiaketara. Bostera murriztu zuen zerrenda epaimahaiak —500 euro jasoko ditu bakoitzak—, eta bost finalisten irudien artean, Baskaranena izan da hautatua. 2.000 euroko saria jasoko du trukean.
Zapi urdina
Aurtengo Bilboko Aste Nagusiko irudi ofizialak, berriz, zapi urdin bat erakusten du hondo zuri baten gainean. Izan ere, zapi urdinak dira Bilboko jaietako ikurretako bat. Horrez gain, Aste Nagusiko datak erakusten ditu, euskaraz eta gaztelaniaz, kolore urdinez horiek ere. Epaimahaiak «ikusmen inpaktua eta kalitate teknikoa» kontuan hartuta egin du Martinezen lanaren alde, eta iritzita Aste Nagusia festa «orotariko eta alai» moduan irudikatzen duela.

Bilboko Udalak gaur jakinarazi duenez, Martinezen irudia botoen %43,9 eskuratuta gailendu da kartel lehiaketan. Lan hori beste seirekin lehiatu da finalean, baina 276 proposamen jaso dituzte guztira, udalak jakinarazi duenez.
Erabakia ez da soilik epaimahaiaren esku egon: herritarren botoen araberakoa izan da lan bakoitzaren puntuazioaren %70, eta beste %30, epaimahaiko kideen balorazioaren araberakoa. Martinezek, bere lana kartel ofizial gisa erakusteko aukera izateaz gain, 3.000 euroko saria lortu du.