BILBOKO ASTE NAGUSIA. Bilboko Konpartsek jaitsiera laburragoa egin dute, zapi beltzak lepoan

Bero handiz eta txarangen musikaz osatu dute udaletxetik Arriaga arteko bidea konpartsetakoek

Bilbo
2010eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Eguzkia eta beroa. Hogeita hamabost gradu markatzen zituen atzo termometroak 17:30ean, Bilboko Konpartsen jaitsiera hastear zela. Ez zien axola desfilatzera zihoazen konpartsetako kideei. Bai ikusleei, ordea: zaila zen jaitsieraren ibilbidean itzal librerik aurkitzea.

Udaletxetik abiatu zuten atzo konpartsek txupinazo aurreko jaitsiera. Berez, Areatza arteko jaitsiera Begoñatik egin dute beti. Atzo, baina, udaletxetik hasi zuten jai gunerako hurbiltzea. «Udalak hartutako erabakiengatik da aurtengoa protesta», Bilboko Konpartsetako bozeramaile Gari Goikoetxeak esana. Horregatik hartu zuten jaitsiera bertatik hasteko erabakia.

Aldarrikapenerako Aste Nagusia da aurtengoa, eta aldarrikapenaren kolorea, beltza. Konpartsen kolore bereizgarriei beltza batu zitzaien atzoko jaitsieran: beltzak ziren konpartsetakoen lepoetako zapiak, beltzak hagaxkak eta beltzak prozesioa aginduz zihoazen Jai Batzordeko kideen prakak. Izan ere, kabaret giroa aukeratu zuten Jai Batzordekoek mozorrotzeko. «Ez goaz beltzez inongo lutorengatik. Beti bezain alaiak izango dira jai hauek ere. Beltzez goaz, oso Jai Batzorde elegantea garelako», esan zuen Zuriñe Bañak, Bilboko Konpartsen bozeramaileak.

Kabaret dantzarien buru, Bilboko pertsonaia ezagunak zihoazen, La Otxoa showman bizkaitarra, tartean. Haien atzetik zihoazen besotik helduta Isidro Elezgarai aurtengo pregoilaria eta Aratz Irazabal txupinera. Eta jarraian, konpartsetakoak: dantzan, banderak astinduz, eta Marijaia ikusteko irrikan. Ikuskizuna edertzeko lan handia egin zuten zenbait konpartsak: Kaixoren sorginak Txinako dragoien antzera egin zuen hegan Arriaga antzokira artean. Pa...Ya!-ko toreatzaileek zezenketen aurkako parodia egin zuten ibilbidean, eta Askapeñakoek, berriz, adierazpen askatasunaren aldeko totemaren inguruan zebiltzaten. «Aste Nagusi apolitikoa, frankismoan bezala» zekarren Lehoiak konpartsaren pankartetako batek. Askapeñako kideek, berriz, Venezuela, Palestina, Irlanda eta Kubako banderak haizatu zituzten.

Arriaga antzokira bidean, konpartsek azken asteotan eraikitako txosna ikusgarriak inauguratu zituzten. Horiek ere inoiz baino beltzago ageri dira, aurtengo Aste Nagusiko lelo nagusiak islatuz: Jai herrikoiak defendatuz eta Adierazpen askatasuna. Behin Arriaga antzokian, Marijaiaren zain geratu ziren konpartsetako kideak. Txupinak eman zion behingoz hasiera Bilboko Aste Nagusiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.