Arriaga antzokiko Programazio eta Ekoizpen zuzendaria

Nahikari Aretxederra: «Bilboko Aste Nagusian bizitza kultural bat dago antzokietan, eta hori oso garrantzitsua da»

Bilboko jaiak ez dira kalean bakarrik izaten: antzokiek ere badute lekua jaietan, Aretxederrak nabarmendu duenez. Arriaga antzokiaren barruko giroak eta kanpokoak bat egin dezaten ahalegintzen dira, eta horren arabera osatzen dute programa.

Nahikari Aretxederra. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Bilbo
2026ko abuztuaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste Nagusiaz pentsatzean, askori konpartsa koloretsuak etorriko zaizkio burura. Baina jaietarako badira bestelako aukerak ere; besteak beste, antzokietan sortzen den kulturaz gozatzea. Nahikari Aretxederrak (Bilbo, 1979) lehen urtea du Arriagako Programazio eta Ekoizpen zuzendari gisa, eta oso garrantzitsua iruditzen zaio antzerkira joateko ohitura jaien parte izatea, eta kalean sortzen den jai giroa Arriaga antzokira sartzea.

Zer moduz zure lehen Aste Nagusia Arriagako Programazio eta Ekoizpen zuzendari gisa?

Errespetu handiz bizi dut; izan ere, antzoki publiko bat gara, eta ardura handia daukagu. Beti eman behar diegu daukagun onena guztiei, batez ere Bilbora datorren jendeari hoberena eskaintzeko.

Zer esan nahi du zuretzat ardura hau lehen aldiz hartzeak?

Arriaga antzokia hiriaren erdigunean dago; horregatik, gustatuko litzaiguke jaietako kaleko giro hori ere barrura sartzea. Aurten La Cubana konpainia dugu abuztuaren 13tik irailaren 13ra, La cuisine de ma cousine ikuskizunarekin. Antzezlanak bat egiten du jaietako espirituarekin, umorearekin, festarekin eta ikusleekiko konplizitatearekin.

Zer irizpideren arabera osatzen duzue programazioa?

Batez ere, kanpoan dagoen giroa hartzen dugu kontuan, harekin bat egiteko. Ez dauka zentzurik barruan obra oso dramatikoa edukitzeak kalean dantzan eta barrez bagaude; testuinguruak berbera izan behar du. Izan ere, Aste Nagusia eraikin honetan [Arriaga antzokian] hasten da. Txupinazoa hemen da, Marijaia ere hemendik sartzen da, eta berton egiten du lo Aste Nagusian; horregatik, beharrezkoa da jai giro horri eustea.

Ezaugarriei dagokienez, urte osoko eskaintzarekin alderatuta, badago ezberdintasunik Aste Nagusian izaten diren antzezlanekin?

Denboraldia martxan denean, gure ardatz nagusietako bat da Europan egiten diren obrarik onenak hona ekartzea. Horrez gain, tokiko sorkuntza ere bultzatu nahi dugu. Baina Aste Nagusia oso aste berezia da; horregatik, gure irizpidea izaten da umorez beteriko eta festa giroko obra bat eskaintzea, eta ikuskizun bakarra izatea. Ikuskizun bakarra ekartzeko arrazoia logistikoa da; jaietan ezin ditugu kamioiak sartu dekoratuak aldatzeko.

Saiatzen zarete antzerkiak ikusteko ohiturarik ez dutenentzat erakargarriak diren obrak eskaintzen?

Antzerkia, arte guztia bezala, ez da batzuentzat edo zale amorratuentzat bakarrik. Artea artea da: agian nik ez dakit zelan margotzen diren koadroak, baina bat ikusteak emozioa eragiten dit. Antzerkiarekin gauza bera gertatzen da. Gainera, gu antzoki publiko bat gara; horregatik, edonor etortzeko moduko gauzak aukeratu behar ditugu urte osoan; antzerkia pila bat gustatzen zaien horientzako modukoak, eta inoiz etorri ez direnentzako modukoak, alegia.

Aste Nagusian, antzokiko publikoa desberdina izaten da urtean zehar datorrenarekin konparatuta?

Guri gustatuko litzaiguke jaien parte izan dadila antzerkira etortzea. Ideia hau hirian finkatzea: «Aste Nagusia datorrenean, antzerkira joango naiz». Aste Nagusian bakarrik etortzen direnak ere erakarri nahi ditugu, eta saiatuko gara horiek gehiago etor daitezen urte osoan.

Nola lortzen da guztientzako erakargarria den eskaintza bat egitea?

Denetarik dugulako lortzen dugu hori. Jendeak gauza asko dauzka aukeratzeko; genero asko daude, eta horiek eskaintzen ditugu. Gainera, badaukagu programa berezi bat: Antzerkigintza Berria. Hiru antzoki publikoren arteko lankidetza estua da: Viktoria Eugenia [Donostia], Principal [Gasteiz] eta Arriaga. Eszena zuzendariekin eta dramaturgoekin egiten dugu lan; horrek euskarazko ekoizpena asko sustatzen du, eta publikoari beste aukera bat eskaini ahal zaio.

Pisua al dute euskal konpainiek eta bertoko artistek programazioa prestatzeko orduan?

Bai; adibidez, aurten Rigor mortis emango dugu, Antzerkigintza Berria programaren barruan garatutakoa. Horretaz gain, euskarazko bi ekoizpen propio izango dira: Arriagaren aterkia eta Lamiako 79. Nortasuna ematen diote antzokiari, eta hori da gure ardatz nagusietako bat.

Zer oroitzapen dituzu Aste Nagusian? 

Txikia nintzela, aitarekin etortzen nintzen Gargantua ikustera. Beroa gogoratzen dut, abarkak jantzita eta buruko zapia ipinita. Ondoren, nerabe nintzela, konturatu nintzen jaiak ez zirela txosnak eta kalean dantza egitea bakarrik; hori ederto dago, baina bizitza kultural bat dago antzokietan, eta hori oso garrantzitsua da. Ez da Arriagan bakarrik gertatzen, hiri osoan zehar gertatzen da. Izan ere, Bilboko jaiek badaukate parte kultural bat, oso garrantzitsua, eta gu gara horren erakusle.

Zein izan da erronka nagusia aurtengo programazioa prestatzeko orduan?

Ez da zailtasunik egon: denbora pila bat daramagu hau egiten, eta badakigu zelan egin behar dugun lan. Korapilatsuena logistika da, lau edo bost kamioi ekarri behar baitira, eta dena txosnaz inguratuta egoten da. Kontu artistikoak kenduta, logistika oso garrantzitsua da. Gu ohituta gaude, baina, edonor etortzen bada, pentsatuko du ea zelan den posible antzoki baten kanpoaldean semaforoak, barrera bat, txosnak eta muntaketa egotea. Pentsatuko dute: «Zelan antolatzen dira hauek hainbeste gauza izanda?». Nolabaiteko oreka dago.

LOTSABAKO

Konpartsak edo kontzertuak?
Kontzertuak.

Aste Nagusia egunez edo gauez?
Egunez.

Barruko antzerkiak edo kalekoak?
Nik barrukoak esan beharko nuke, baina kalekoak.

Aste Nagusia hitz batean?
Kolorea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA