Bilboko Konpartsen eskaintza urriagoa, udalaren debekuengatik

Udalak debekatutako ekitaldiak ez dituzte egingo konpartsek, baina Bilboko Irrian hainbat ekintza izango dira hilaren 25etik 29ra bitartean Udalaren jarrera kritikatu dute; «erabaki politikoa» izan dela uste dute

Bilboko Konpartsen prentsaurrekoa, bi kidek Bilboko Irria ezabatzen duten bitartean. ARITZ LOIOLA/FOKU
Maialen Arteaga.
2021eko abuztuaren 20a
17:24
Entzun

Bilboko Irriak ezin izango du barre algararik egin. Bilboko Irria egitasmo kulturala antolatzeko asmoa zeukaten konpartsek, baina udalaren debekuen ondorioz egitaraua murriztu behar izan dute. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak herenegun adierazi zuen konpartsek antolatutako ekintza gehienak ez zituela baimenduko, Aste Nagusiaren «alternatiba argia» zirelakoan. Konpartsek azaldu dute Bilboko Irria egitasmoko jarduerak«margo beltzez ezabatu» dizkietela. Horrela irudikatu zuten atzo Bilboko Areatza plazan egindako prentsaurrekoan. Bilboko Udalaren ikurra zeramaten bi kidek irribarrea estali zioten margo beltzez Bilboko Irriari.

Konpartsek uste dute udalak ezarritako debekua «erabaki politikoa» dela, atzo aurkeztu zuten azken egitaraua. Konpartsakideen arabera, haien eskaintza «oso formatu txikikoa eta segurua zen», eta ikuskapen teknikoen onespena izan dute. Hala ere, jarduera gehienak bertan behera utzi behar izan dituzte. Alkatearen erabakiaren atzean arrazoi argi bat dagoela uste dute: «Antolatzailea nor den da gauza batzuk onartzeko eta beste batzuk galarazteko jarraitzen duten irizpide bakarra», zehaztu du Uxue Elgorriaga Carrasco Bilboko konpartsakideak. «Bezperan balio zuenak ez du balio biharamunean». Bilbon egin diren bestelako ospakizun batzuk jarri dituzte horren adibidetzat:«Milaka lagun bildu izan dira Miribillan eta San Mamesen , eta Bilborocken kontzertuak baimendu dira». Aldiz, salatu dute haiei aire librean egitekoak ziren kontzertu akustikoak galarazi dizkietela.
Alkateari egotzi diote konpartsen irudi oker bat eman nahi izana.«Ez gara arduragabe batzuk. Adibidez, exajeratzeko helburuz, alkateak esan zuen barrak jarri nahi genituela, baina errealitatea da xumeagoak eta seguruagoak ziren terrazak ebatsi dizkigutela, Harro egunean ez bezala», adierazi du Elgorriagak. Nabarmendu dute, egitaraua antolatzeko momentuan osasun egoeraren bilakaera kontuan hartu dutela, eta ondorioz, haien egitarau proposamena «osasun egoerara egokitzen» joan dela. «Segurtasun eta distantzia neurri guztiak betetzen dituen ekitaldi sorta zabal bat antolatu dugu, jende pilaketak saihesteko ekitaldi ez-jendetsuak». Baina, uda honetaz gain, beste garai batzuetan ere konpromiso berdina erakutsi dutela gogoratu dute. «Ez dituzue konpartsakideak kale zurrut jendetsuetan arduragabe jokatzen ikusiko, baina bai, ordea, 1983ko uholdeen basatzak garbitzen, edo elkartasun sareetan parte hartzen. Badirudi egiten duguna egiten dugula, ez duela balio, soilik guk antolatzen dugulako».

Eskaintza, bost gunetan

Alkateak adierazi zuenez, aurkeztutako hasierako egitarautik, bost jarduera baino ez ziren baimenduko. Bilboko Konpartsek Aburtoren esanak gezurtatu dituzte, alegia, bost gune ezberdinetan gauzatuko dituzte jarduerak abuztuko bost egun horietan zehar. Bertan behera utzi behar izan dituzten ekintzak , ordea, «lapurreta» gisa ikusten dituzte. «Lapurreta» horiek salatu dituzte aste honetan. «Ostu digutena ez da ezer materiala izan. Bilboko Irria kultur jardunaldietarako ezabatzen joan diren ekitaldiez ari ginen, eta azken egunetan ere, hitzordu gehiago ostu dizkigute. Herritik eta herriarentzat segurtasunez antolatutako ekitaldi xumea lapurtu digute», argitu du Elgorriagak. Atzo aurkeztutako egitaraua behin-behinekoa dela azaldu dute, azken momentuko aldaketak izan ditzakeelako.
Nabarmendu dute osasun egoera «serioegia» dela, eta Bilboko Irria ez dela ez jai egitaraua, ez «ez-jai» egitaraua. «Ez da jaietarako garaia, eta konpartsetatik oso argi izan dugu ez dugula bultzatuko inor gaixotu dezakeen egoerarik. Bilbotarren animoak jasotzeko ekarpena egin nahi genuen, eta benetan sentitzen dugu egin nahi genuen hori ezin gauzatzea, ez digute utzi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.