Bilintx gaur egunera ekarrita

Bilintx hil zenetik 150 urte bete dira, eta oroitzapen horren bueltako bertso saioa egin dute Donostiako Aste Nagusiaren azken egunean. Kantuan aritu dira Onintza Enbeita, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi eta Maddi Ane Txoperena.

Donostiako Aste Nagusiaren azken egunean egin duten bertso saioa, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Donostiako Aste Nagusiaren azken egunean egin duten bertso saioa, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2026ko abuztuaren 15a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Dama polita zera/ polita guztiz, ai!/ baina halare zaude/ oraindik ezkongai/ ezkon gaitezen biok!/ esan zaidazu bai!/ Ni zurekin ezkondu?/ Ni zurekin? Jai-jai!». Hala dio Indalezio Bizkarrondo Ureña Bilintx bertsolariaren Behin batean Loiolan bertso sortaren laugarren estrofak, eta Manex Mujikak «kalabaza famatu» horiek jarri dizkie gaitzat Maddi Ane Txoperena, Onintza Enbeita, Joanes Illarregi eta Beñat Gaztelumendi bertsolariei. Kalabazen bi aldaera kantatu dituzte bertsolariek 300 lagunen aurrean gaur eguerdian, Easo plazan. Hain zuzen ere, Donostiako Aste Nagusiko azken egunerako Bilintxen heriotzaren 150. urteurrena oroitarazi du Bilintxi-Balantxa bertso elkarteak. Bilintxen bizitzaren gertaerak abiapuntu eta sarrera gisa hartuta jarri ditu gaiak Mujikak, modu horretan Bizkarrondo izan zena gaur egunera ekarriz.

Izan ere, gaur egungo aktualitateari ere kantatu diote Illarregik eta Gaztelumendik: Ceutan (Espainia) azken egunetan izan diren gertakariei. Horren abiapuntua izan da Bilintxen kritika sozialez betetako bertso sorta bat: Pobriaren suertia. Telebista aurrean jarri dira Illarregi eta Gaztelumendi aita-semeak. «Hondartza bat betea/odol eta malkoz/ dena esplikazioz/ bete dute gakoz/Nondik ihesi eta zeren bila datoz?», galdetu du Gaztelumendik. Erantzuna, Illarregik: «Honera etortzen da/ gehienbat mutilla/ emango ez diegun/etorkizun bila». 

Mujikak, ondotik, esan du zalantza egin izan dela Bilintxek bat-batean bertsotan egin ote zuen. Baiezkotan da. «Badakigu bat-batean egiten zuela. Antonio Zabalak liburu batean jaso zuenez, sagardotegi batean zen Bilintx, eta Udarregi gaztea sartu zen. Norbaitek zirikatu egin zuen Bilintx, eta bat-batean erantzun zion. Saio gogoangarria egin omen zuten». Belaunaldi arteko bertsolarien topaketei heldu dio modu horretan gai jartzaileak, eta saio batetik bueltan auto bateko solasaldian jarri ditu Txoperena eta Enbeita. Halako batean, datorren larunbatean iritsiko diren jaiei kantatu die Txoperenak: «Urte luzetan nire eredu/ izan zara bertsolari/ gainera aurten Aste Nagusiz/ zu ere bai pregoilari». Bilboko Aste Nagusikoa, alegia.

Bilintxi «desgrazia ugari» gertatu zitzaizkion, baina Mujikak nabarmendu du hari gustatzen zitzaiola festa, sagardotegia eta lagunartea. Publiko aurrean bertsolariak izan dezakeen aldarteaz kantatu du Illarregik. Azkenekoan, zera abestu du: «Niri askotan uda garaian/ egin in zait gertatu/ etxetik nahiko triste atera/ ta irribartsu bueltatu».

Enbeita kale garbiltzaile ere bai 

Bilintxek eta Domingo Kanpañak, bestetik, apustu bat egin omen zuten XIX. mende urruti hartan. Bilintxek irabazi zuen. Eta sagardotegian eztabaidan aritu ziren Domingo Kanpaña eta Bilintx. Txoperena sartu da Kanpañaren rolean, eta Gaztelumendi Bilintxenean. «Irabazi dizudan erronkaren truke / beste txuletatxo bat ere jango nuke», abestu du Gaztelumendi-Bilintxek. Hurrengorako «beste afari eder bat» ere pagatzekotan gelditu da.

Bilboko Aste Nagusian pregoilari ariko da Onintza Enbeita, baina Donostiakoan kale garbitzaile ere jarri dute; Bilintxek Gros familiakoei kantatutako bertso batzuk gogoratu ostean. Gai jartzaileak, gainera, eskatu dio aipatzeko zer gauza xelebre topatu dituen kale garbiketan. Zer eta zeinena: Illarregiren anaia, batetik; Txoperenaren kulero pare «garbi-garbia», ligatu ostean: «kuleroak gora»; eta Gaztelumendiren 40 urte beteak.

Bospasei turista pasatu dira Easo plazaren ertzetik. Begira jarri dira, harrituta, baina berehala joan dira.

Emakumeen gorputzari eta itxura fisikoari Bilintxek kantatu zizkion bertso zati batzuk aintzat hartuta, bestalde, Txoperenak bertso sorta mamitsua kantatu du, XXI. mendeko begiradatik. «Hara aurrean/ jarri didazu/ Indalezioren hizkuntza/ eta nahigabe triste jarri naiz/ ukitu didazu zuntza/ ze estetikak zalantzan baitu/ sarri Pandoraren kutxa/ emakumeak kontrolatzea/ duelako atzean funtsa / subjektu ez baizik bihurtzen gara / batzuentzat objektu hutsa/ emakumea bakarrik baita/ batzuentzako gorputza». Eta ondotik, Xilabako azken txapeldunak: «Eta hargatik anorexiaz/ dabil andreen erdia/ gimnasiotan botatzen dugu/ bertze batzuk izerdia/ ispiluaren aurrean jarriz/ beti triste aurpegia/ negar malkoak makillaturik/ beltzez pintatu begiak/ ez du inporta handiegia edo txikiegia/ emakumeen gorputza beti/ akatsa da, alegia». Hirugarrena eta azkena, honako hau: «Baina Bilintxen bertsoak behintzat/ gelditu dira urrun / eta sektore batzutan behintzat/ bihurtzen ditugu lurrun / feminismoak elkartu ditu/ zorionez hainbat lagun/ eta horrela bihurtu gara/ denak batera ahaldun/ gure ahotsa ere gorputza/ nolabait dela demagun/ eta eskerrak batzuk borrokaz/ ere erabiltzen dugun».

Aurten, Donostiako Aste Nagusian lau bertso saio egin dituzte Easo plazan, egitarau ofizialaren barnean. Mujikak desio bat zabaldu du: «Ea hurrengo urtean bost diren».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA