Boteprontoan jabetu ez arren, badute ezaugarri komunik Kontxako pasealekuak, Mendizorrotza futbol zelaiak, Angeluko hondartza bazterrak, laster Kobetamendi hartuko duen jaialdiak eta urte hasieran Iruñean izan zen Gladiators lehiaketak: edozein izkinatara begiratuta ere, gizonen bat agertuko da nonbait kamiseta barik.
Uda ate joka den honetan, beroaren aitzakia hartuko dute askok paparra agerian ibiltzeko. Baina kontua da ohikoa bihurtu dela eremu publikoetan soin bistan dabiltzan gizonezkoekin topo egitea; kiroldegietatik hasi eta diskoteketaraino. Genero rolak kolokan jartzen ari diren honetan, nahasmenaren erdian, maskulinitateak berritxuratze moderno bati heldu diola diote adituek.
Futbolariek kamiseta igota ospatzen dituzte golak —trukean txartel horia ateratzen dieten arren—, eta, oharkabean, estadioko harmailak ere niki bako bularrez jantzi dira. Baina ez dira bakarrak. Badira aurkarien aurrean paparra aterata harropuzten diren lider politikoak ere; horra hor Putin, indar eta botere adierazgarri gisa kamiseta gabe posatzeko ohitura duena. Aisialdia ere jomugan da, queer jaiek berezkoa zuten bereizgarri bat galdu baitute jada.
Maider Galardi (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1995) soziologoaren ustetan, «espazioaren okupazioan zilegitasuna nork duen» aztertzean dago gakoa. Generoaz ari da, baina baita klaseaz ere: «Nork dauzkan baliabideak espazioa okupatzeko eta, jolas horretan, nork daukan aukera botere hori modu jakin batzuetan adierazteko».
«Gorputzak badu salaketarako eta aldarrikapenerako indar ukaezina»
MAIDER GALARDI Soziologoa
Jendeak ez ditu berdin irakurtzen terraza batean niki gabe eta garagardoa eskuan dagoen gizona, eta auzo aberats batean abdominalak agerian korrika dabilen gaztea. Ezta alfonbra gorri batean arropa gardena jantzita posatzen duen andre famatua eta eskote handi batekin parrandara doan auzo apaleko neska gaztea ere.
Pierre Bourdieu ekarri du gogora Galardik: «Desira sozialki eraikia da, eta klaseak zeharo baldintzatzen du, gure esku dauzkagun baldintza materialen araberakoa baita». Baina desiragatik biluzten ote da jendea?
Zaharrak berri
Gorputz guztiek ez dituzte modu berean betetzen tokiak. IFOP Frantziako Iritzi Publikoaren Institutuaren azterlan baten arabera, hamar emakumetik sei deseroso sentitzen dira bainujantzian; eta, institutu horren beraren arabera, Espainian —toplesserako ohitura handiena dagoen lekuetako batean— gero eta neska gutxiagok erakusten dute bularra hondartzan, argazkiren batean agertzeko beldurrez.

Beldurren eta lotsen kontura estaltzen da maiz gizakia; ez hainbeste gorputz jakin bat izateagatik, baizik gorputz horrek proiektatzen duenagatik. Mikel Ipiña (Arrigorriaga, Bizkaia, 1998) Gorputz Hezkuntzako irakaslea da, eta bere jardunean asko harritu du azken urteetan jazotako aldaketak: «Konfinamendua mugarri izan da; harrezkero, haurrak gero eta lotsorragoak dira, eta asko zirikatzen dute elkar gorputzaren kontura». Rolez kanpo hezten saiatu arren, oraindino arrakalak hor dirau: «Bospasei urtegaz ez dago ez generorik ez konplexurik umeen artean; nesken gorputzak garatzen hastean datoz komeriak».
Galardiren ustez, garrantzizkoa da hausnartzea: «Noiz hasten garen gorputz batzuk estaltzen eta zerk ematen digun pudorea». Hainbat ikerlarik ohartarazi dute lehen pubertarora arte haurren bainujantziek ez zeukatela goiko alderik, eta orain, ostera, lauzpabost urteko neskatilek titiak estalita daramatzatela hondartzan.
Gauzak horrela, ez da harritzekoa Ipiñaren ikasleek bularrei eustea mutilen aurrean korrika egitean: «Deseroso daudela igartzen da; ez dute ikasgaia disfrutatzen, beti baitaude adi zer egin eta zelan egin». Neska zintzoak izateko, edo. Ildo horretatik aitatu du Galardik «moral kristauaren pisua», eta zera azpimarratu du: «Gorputza ez da entitate pasibo bat; aitzitik, badu materialitate bat zeinetan zenbait baldintzak talka egiten duten», Focaultek zioen legez.
Itxuraren kultura
Desiraren hariari tiraka, baldintza horietako bat bada gorputz normatiboa izatea. Ipiña, esaterako, talde horretan sar daiteke, eta kamiseta gabe aritzen da crossfit-ean. Bere «pribilegioaz jakitun», erosotasuna eta termorregulazioa dira paparra bistan entrenatzeko dituen arrazoi nagusiak. Halere, beste motibazio bat ere egon daitekeela sumatzen du: «Entrenatzen zabiltzanean, odola giharretara doa, eta berehalako ponpaketa bat gertatzen da lantzen ari zaren kate muskularretan. Hipertrofia horrek gihartsuago zaudela sinetsarazten dizu, eta jarraitzeko konfiantza biltzen duzu, ondo ikusten duzulako zeure burua». Autoestimua eta biluztasuna, estu lotuta.
«Haurrak gero eta lotsorragoak dira, eta asko zirikatzen dute elkar gorputzaren kontura»
MIKEL IPIÑA Gorputz Hezkuntzako irakaslea
Galardi, ostera, ez da argumentario teknikoen aldekoa. Fitness mundua aipatzean, modan den korronte estoiko modernoa datorkio burura: «Gaur egun, gainontzeko baldintza material guztiak desegonkorrak diren honetan, diziplinaz eta segurtasunez lantzeko geratzen zaigun lurralde bakarra geure gorputza da». Joera horren jarraitzaileen aburuz, «soilik gorputzaren bitartez metatu omen dezakegu ondasun sozial bat, zeinak, ustez, ondasun ekonomiko bat ere ziurtatuko digun —baita erotikoa ere—».
Ipiña ez da estoikoa, baina Galardiren hitzak berresten ditu: «Mutil kuadrilletan oraindino gaur egun saritu egiten da gorputz on bat izatea»; are gehiago, «gorputz on bat badaukazu, begirune handiagoa duzu». Haren ustez, nikia kentzea «norbere buruarekiko konfiantza erakusteko egiten den zerbait da», eta, zelanbait, jarrera kutsakorra iruditzen zaio: «Batek kenduz gero, denok goaz katean», ahalik eta toki gehien okupatzeraino.
Gorputza, bada, proiektu pertsonalen erdigunean jartzen da gaur egun. Batzuek zein besteek pairatzen duten gaitza da, nahiz eta ez pairatu modu berean. Ozempic aipatu du Galardik, irudikatzeko emakumeen artean —indarra bermatu beharrean— berriro itzuli dela «muturreko argaltasun kanona». Kontua da modu osasuntsuan eskuraezinak diren gorputzak sortzen dabilela sistema, guztiontzat, eta horrek «talde pertenentzia esklusibo bat» bermatzen duela.
Esklusiboa, eta irreala. Duela lau urte, hain zuzen ere, ikerlari estatubatuar batzuek ondorioztatu zuten ligatzeko aplikazioetan kamiseta gabe agertzen diren mutilek erakargarritasun sozial txikiagoa dutela 18 eta 25 urte bitarteko nesken artean. Zenbat eta gehiago erakutsi, badirudi orduan eta gutxiago duzula eskaintzeko. Neskek ez zituzten soilik «heldugabeago» antzematen; horrez gain, «sexualki arriskutsuak izateko aukera handiagoa» zutela ere ondorioztatzen zuten. Horra hor estoiko modernoen paradoxa.

Aipatzekoa da, gainera, zentsura sozial hori ez dela bakarrik sinbolikoa; sareetan hezurmamitzen da, hain zuzen ere. Asko dira emakumezkoen titiburuak argitaratzea debekatzen duten plataformak, irudiaren asmoa ez baldin bada informatiboa edo protestazkoa —hona hemen beste paradoxa bat—. «Ukapen material bat da», dio Galardik: «Ezabatu egiten gaituzte».
Aldarri biluzia
Mugimendu libertario asko gorputzaren biluztasunari lotuta egon izan dira. Gorputzek okupatzeko balio dutelako, zilegitasunez zein hura gabe. Kamisetagaz zein barik.
Gaur egun ere, nahiz eta itxuraren gidaritzapean egon, gorputzak presio sozialaren emaitza hutsa baino gehiago dira, gorputzek protestarako agentzia ere izan badutelako. Eta, alde horretatik, Galardik tresnatzat dauka biluztea —erasoen aurkako biluzte kolektiboak, kasurako—.
«Gorputza aztertzen dugu, baina ez dugu gorputza aztergai gisa erabiltzen, eragiteko ahalmena duen dispositibo gisa», gehitu du. «Erregulaziorako eta kontrol sozialerako erabiltzen den dispositibo bat dela jakin badakigun arren, aldi berean badu salaketarako eta aldarrikapenerako indar ukaezina».
Galardirentzat, galdera ez litzateke izango hainbeste ea gizonak biluztu daitezkeen ala ez, «baizik eta zergatik dagoen marko bat zilegitzen duena gizonen biluztasuna eta besteena ez». Baliteke paradigma aldaketaren gakoa espazioaren okupazio kolektiboan egotea: gorputz batzuek leku apur bat galtzea, beste batzuek irabaz dezaten.