Zientzia. Bioteknologia. Juan Luis Serra. Biotec 2012 bioteknologia kongresuko zuzendaria

«Bioteknologiaren etorkizuneko erronkek ez dute mugarik»

Urte gutxian aurrerapen handiak egin dira bioteknologiaren alorrean, Juan Luis Serra bioteknologoak dioenez, baina konponbide zehatzak lortzeko denbora beharko dela dio. Bera da BECen atzo hasi eta bihar amaituko den Biotec 2012 kongresuko zuzendaria.

Inigo Astiz
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Zientzia eta aplikazioa. Biak batzen ditu bioteknologiak. Helburua da organismoak baliatzea gizakiarentzat onuragarri izan daitezkeen produktu edo zerbitzuak lortzeko, eta zabala da haren esparrua. Minbiziari aurre egin ahal izateko biomarkatzaileen bilaketa, labore transgenikoen garapena, giza genomaren gaineko ikerketak, ingurumenari lotutako aplikazioak... Diziplina asko hartzen ditu bere barruan, eta kide bakarreko banda batekin parekatzen du horregatik bioteknologia Juan Luis Serrak. EHUko irakaslea da, bertako bioteknologia graduaren bultzaileetako bat, baita Barakaldon (Bizkaia) martxan den bioteknologiari buruzko Biotec 2012 kongresu zientifikoko zuzendaria ere.

Atzo hasi ziren jardunaldiak, eta bihar bukatuko dira. Hamaika hizlari izango dira, eta Euskal Herrikoak dira haietariko asko. Serrak dioenez, garrantzitsua izan da Euskal Herrian erakunde publikoek bioteknologia enpresen alde emandako bultzada. Bai, behintzat, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gehiago ere egin daitekeela dio, halere. Unibertsitatean jarria du begia. Dioenez, pena da Leioan (Bizkaia) EHU eraikitzen ari den teknologia eta zientzia parkeak ez izatea bioteknologiari eskainitako gunerik.

Medikuntzaren alorrarekin lotzen dira maiz bioteknologiaren inguruko albisteak. Minbiziaren aurkako borrokarekin, gehienetan. Hori baino askoz zabalagoa da esparrua, ordea.

Hedabideetan pertsonei zuzenean eragiten dieten gaiek pisu handiagoa hartu ohi dute, eta horregatik gertatzen da hori. Ulergarria da minbiziaren edo gaitz neurodegeneratiboei dagozkien aurrerapen bioteknologikoek oihartzun handiagoa izatea. Baina badaude aplikazio industrialak, ingurumenerako aplikazioak, jangaiei dagozkienak... Oihartzun txikiagoa izan arren, horiek ere garrantzitsuak dira.

Bioteknologia enpresen datu orokorrak ez dira txarrak. Hala ere, krisiak izango zuen eraginik alor horretan zabiltzatenen artean ere, ezta?

Krisia sakona da, eta enpresetan eta unibertsitateetan nabarmena da hori. Hala ere, deigarria da aurtengo kongresuak aurrekoak baino datu hobeak izatea. Orain bi urte Iruñean egindako kongresuan baino partaide gehiago ditugu, enpresa gehiago... Krisia, ordea, gain-gainean daukagu.

Kritikak ez zaizkio falta bioteknologiari. Transgenikoak, klonazioa, zelula amen gaineko ikerketak... Ez du oso ospe onik.

Ezjakintasuna da arazoa. Horrek sortzen du beldurra. Inongo zentzurik ez duten beldurrak dira maiz. Hori da transgenikoen kasua. Haien aurkako mugimendu ekologistak ere egon dira, baina ez dute inongo oinarri zientifikorik. Hasiera batean, bazitekeen halako teknikek genoman izango zuten integrazioak susmoak piztu izana. Baina orain arte ez dago horrek ekarritako arazoen gaineko ebidentziarik. Areago: gizateriaren arazo askoren irtenbidea izan daitezke transgenikoak, bestela irtenbiderik ez luketen arazo askorena. Zelula amak, klonazioak... Sekulako espektatibak ditugu aurrean. Posibletzat jotzen diren lorpenak, ordea, akaso, ez ditugu luze gabe lortuko, luzera begira baizik. Hori da zelula amen kasua, adibidez.

Giza genomaren aurkikuntzarekin gertatutakoa hori izan zen neurri batean. Iragarpen handiak egin zituzten, baina aplikazio argirik ez da sortu oraindik. Baliteke publizitateak ere mesede handirik ez egitea?

Giza ergelkeria sekulakoa da. Gauza asko dakizkigula iruditzen zaigu, baina benetako jakintzaren hasieraren hasieraren hasieran gaude. Mugarri bat izan da genomarena, baina bioteknologiak, izuz, deskubritu zuen giza genoma ez dela dagoen genomarik konplexuena. Hasiera hartan, zertarako balio zezakeen ez genekien informazio geniko handia zegoen, adibidez. Gaur egun hasiak dira ikertzen sobera zirudien DNA hark zer zentzu duen. Dena badakigula uste izateko bezain ergelak gara, ordea. Eta ez dakigu ezer ere. Etorriko dira bioteknologiaren bidez lorpen handiak, baina ez nahi genukeen bezain azkar. Orain dela 50 bat urte deskubritu zen DNAren egitura. Hari buruz ezer ez genekien, eta orain pila bat dakigu, eta sekulako abiadan lortu dugu hori. Asko falta zaigu orandik munduko errealitate fisiko eta biologikoak ezagutzeko.

Euskal Herriko 15 bat aditu izango dira kongresuan hizketan. Ez da kopuru txikia. Baina zein da bioteknologia sektorearen egoera gurean?

Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek arduraz jokatu dute, eta bultzada garrantzitsua eman diote bioenpresak sortzeari. 1983an, txosten bat egiten aritu zen talde bat hemen, eta haren parte izan nintzen ni ere. Bioteknologia enpresek hemen izango zuketen sarbidea aztertzen aritu ginen. Teknologia garbirik ez zegoen orduan inguru honetako industrian, eta aldaketa handia izan da. Zamudioko parke teknologikoan, Donostian eta Araban ere agertu dira bioteknologia erabiltzen duten guneak. Nire unibertsitatean, ordea, ez du oihartzunik izan. Gradu bat badago orain hiru urtez geroztik, baina unibertsitateak ez du sortu bioteknologiarekin loturiko zentrorik. Garai egokia izan daiteke hau, parke teknologiko bat sortzen dabiltzalako.

Lan munduaren eta akademiaren arteko zubi lana egitea ere bada zuen asmoa kongresuan.

Enplegu foro bat ere egongo da aurten. Enpresetako jendea ere egongo da hor, baita unibertsitatetik ateratako jendea ere. Hori da berrikuntza. Bestalde, garai batean bere kasa antolatzen zen bioteknologia kongresua, baina orain dela hamabi urtez geroztik, ordea, BioSpain izeneko bioteknologia azoka komertzialaren barruan antolatzen dakongresu zientifikoa. Enpresen eta ikerketa zentroen arteko harremana errazten du horrek.

Zein dira bioteknologiaren etorkizuneko erronkak, eta zein arriskuak?

Ez dakigu zein diren erronka horiek. Gaur esaten ahal dizut erronka bata edo bestea dela, baina egindako ikerketek erakutsi dezakete erronka beste bat dela. Sekulako abiadan ari da hazten gure ezagutza. Erronkentzat ez dago mugarik. Arriskurik handiena, aldiz, betikoa da: giza egoismoa eta ergelkeria. Denbora jakin batean hamaika arazo konponduko ditugula pentsatzea. Laborategietatik geneek edo mikroorganismoek ihes egiteko arriskuak oso txikiak dira. Oso legedi zorrotza daukagu horretarako. Bioterrorismoa eta bioteknologia beltza ere badaude, noski. Edozein kasutan, gure alorreko arriskuak aipatzen ditugunean, ez dugu uste gizateria arriskuan jar dezakeen arriskurik egon daitekeenik.

Kongresuan ez duzue bioteknologia armamentistikorik lantzen.

Gogorik ere ez. Biosegurtasunarena eta bioterrorismoarena afera garrantzitsua da, eta sakon landu beharrekoa. Guk Europan eta munduan dauden segurtasun neurriei eskainiko diegu kongresuko azken saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.