Dultzaina jotzen du, erraldoien konpartsan parte hartzen, zezensuzkoa eramaten, eta piratekin Donostia abordatu izan du Ekaitz Iberok (Donostia, 1987). Baina horren guztiaren gainetik Antigua auzokoa da, eta Donostiako Aste Nagusia «auzoetara zabaltzea» gustatuko litzaioke.
Aste Nagusia amaitzen ari da. Ikusi dira jai arrastoak Antiguan, edo lupaz begiratu behar da?
Arrastoren bat baino ez. Asteazkenean erraldoiak egon ziren, eta gauetan kontzertutxoak egoten dira. Horrez gain, duela bi urte Antiguako erraldoiak ateratzen hasi ginen. Baina, horrez gain, ez da asko nabaritzen festak direnik, ekintza gehienak erdialdean zentralizatuta baitaude.
Hortaz, Antiguan izan dira gauzak, baina beste auzo batzuetan ez. Zer iruditzen zaizu hori?
Baditut Bidebieta auzoan lagunak, eta bertan ez omen da ezer egoten. Abandonatzea iruditzen zait. Sanferminetan, berriz, Iruñe osoa dago festan murgilduta.
Beraz, Aste Nagusian auzoak ez dira Donostia?
Nire ustez, ez. Urte guztian ere geure kabuz antolatzen ditugu gauzak; erraldoien eguna edo sanjoanak, esaterako. Nahiko festazaleak gara hemen, eta ez dugu denborarik edukitzen aspertzeko. Dultzaina jotzen ibili naiz Aste Nagusian, eta egunero ateratzen dut zezensuzkoa. Duela hiruzpalau urte auzoetara eraman genuen, eta oso polita izan zen.
Aste Nagusia Donostiako erdialdean ezartzeko erabakiak zer arrazoi du gibelean?
Donostiarik politena saltzea turismoari. Betiko su eta izozkien jaia da oraindik ere.
Baina auzoko izozki saltzaileak gustura egonen dira suak ikustera Antiguako Ondarreta hondartzarat joaten direnekin, ezta?
Bai, izozki saltzaileentzat pagotxa galanta da suak baino lehen eta suen ondoren hainbeste izozki saltzea.
«Aste Nagusia auzoetara zabaltzea nahiko nuke, kutsu herrikoiagoa edukitzeko»
EKAITZ IBERO Antiguako erraldoien konpartsako kidea
Zure ustez, zer behar du Aste Nagusiak?
Aste Nagusia auzoetara zabaltzea nahiko nuke, kutsu herrikoiagoa edukitzeko. Horren harira, kontzertuak Saguesen izan beharrean, auzoetan banatzea ondo legoke. Gainera, euskal folklore pixka bat falta da. Arratsaldean dantzaldiak egoten dira, baina eseri eta ikusteko bakarrik. Piratena, berriz, askoz parte hartzaileagoa da; DJak, txarangak, herri bazkariak eta jokoak egoten dira.
Aste Nagusia gogotsu hartzen dutenetakoa zara?
Baietz esango nuke, hasieran behintzat. Gero, nekatuz noan heinean, jaia amaitzeko gogoa izaten dut.
Antiguak badu herri izaera, eta anitzetan aldarrikatu duzue hori. Baina Aste Nagusian bertzeek bezala egiten duzue parranda, ezta?
Antiguarrek bisa eskatu eta tunela gurutzatzen dugu jaira joateko, Donostiara. Auzoa uzten dugun bakoitzean, esaten dugu Donostiara goazela, herri izaera ez baitugu galdu.
LOTSABAKO
Artillero bazina, nori emango zenioke su?
Jesusen Bihotzari.Jaietako egun bat?
Abordatzearen eguna.Suak non?
Kontxako VIP gunean, zezensuzkoarengatik.