Euskal Herriko saltsa guztietan ibili da Jose Antonio Bastegieta Marko (Kortezubi, Bizkaia, 1944): buruhandien txapelketak, Guinness errekorrak, intsumisoak babestekokanpainak... Lege bat ere aldatzea lortu zuen, jaioberrien jaioterria aukeratzeko. Azkenaldian lasaiago badabil ere, ez du huts egingo lehiaketa gastronomikora.
Kortezubikoa izanik, nolatan hasi zinen Aste Nagusiko lehiaketa gastronomikoko epaile lanetan?
Nik 40 urte baino gehiago daramatzat epaile lanetan Bizkaiko hainbat herritako sukalkietan. Lehen urte haietan, konpartsetako kide batzuk nirekin batera zebiltzan. Beraz, Aste Nagusiko lehiaketa antolatzen hasi zirenean, epaile aritzeko eskatu zidaten. Ordutik, urtero egon naiz, eta ez naiz sukaldaria.
Sukaldaria izatea ez bada, zer behar du epaile batek?
%90 dastamena da, eta beste %10, jakia nola egiten den jakitea. Hori oso garrantzitsua da; izan ere, ulertu egin behar duzu jaten ari zaren hori egiteko prozesua. Hala ere, kazola bat dastatzerakoan, lehenik eta behin bistarekin jan behar du epaileak. Aurrean duguna itxura onekoa bada, ziur ona dagoela.
Epaile izateaz gain, aurkezle gisa ere bazara ezaguna.
Urteak eman ditut mikrofonoarekin. Urtearen arabera, gauza bat edo beste egiten dut. Nik ez daukat inolako arazorik. Oso ondo pasatzen dut jendea animatzen. Gainera, batzuetan astuna izaten da uda osoan epaile ibiltzea. Aurkezle aritzeak aldatzeko aukera ematen dit.
Inoiz haserretu al zaizu inor esandako zerbaitengatik?
Barrutik haserretuko zen bateren bat, seguru; izan ere, inoiz ez duzu denen gustura hitz egiten. Hori bai, ziur naiz gehienak ados daudela oholtzatik esaten ditudan gauzekin. Asko sentitzen dut, baina ezinezkoa da denok ados egotea.
Zergatik uste duzu jaietan ezinbestekoak direla lehiaketak?
Parranda egiteko, lagunen artean egoteko, eta giro onean eguna pasatzeko. Ospe handia dute, baina ez bakarrik Bilbon. Berdin du zer egiten den. Aitzakia dira jan eta edanean ondo pasatzeko.
Aste Nagusiaren parte izateagatik sariak eman dizkizute. Gustura daude zurekin konpartsak.
Baietz esan daiteke, oraindik ez naute-eta abandonatu. Iaz, esaterako, ahul nengoen, ebakuntza bat egin zidatelako, eta konpartsek laguntzaile bat jarri zidaten. Ni konpartsekin oso ondo konpondu naiz beti, eta oso gustura nator urtero. Hiru sari eman dizkidate konpartsek; azkena, mikrofono bat. Areatzako ahots gisa omendu nahi ninduten, sei egunez egoten baitira nire kontuak entzuten. Nik ez dut ezer eskatzen, baina, horrelako zerbait ematen dizutenean, eskertu egiten duzu. Zure lana aintzat hartzen dutela esan nahi du horrek.
Udalean egongo bazina, zer aldatuko zenuke Aste Nagusian?
Bilbon, argi daukat: konpartsak kontuan hartu behar dira. Izatez,Aste Nagusia konpartsak dira. Haiengatik ez balitz, ez ziren izango gaur egun diren jaiak. Edukiko dute etsairen bat, seguru, baina konpartsek sekulako meritua dute. Nik beti esan dut munduko konpartsa onenak direla. Politikoki, kolore guztietako jendea dago, baina, elkartu behar direnean, denak batzen dira. Askorentzat horregatik dira eredu. Konpartsei utzi egin behar zaie. Nik beti diot: «Ez egin inori zuri egiterik nahi ez duzuna».
MARIJAIAREN LAGUNAK. Jose Antonio Bastegieta, 'Marko'. Epaile gastronomikoa
«Bistarekin jan behar du epaileak»
Aurten ere lehiaketa gastronomikoak egingo dira astean zehar Areatzan. Egun bakoitzean jaki ezberdin bat lehiatuko da. Han izango da, urtero legez, Marko, epaile eta aurkezle lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu