Bizikleta, turismorako

Iruñea bizikletaz ezagutzeko lau ibilbide proposatu ditu udalak. Izena aurretik emanda eta hiru euro ordainduta, txangoak gidari batekin egin daitezke; bestela, bakarrik.

Udalak prestatutako ibilbideak aintzat hartuta, 36 kilometro egin daitezke. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Hirian eguneroko mugikortasuna sustatzeko baino gehiago turismoa egiteko bultzatu nahi du bizikletaIruñeko Udalak. Hori ondoriozta daiteke, behintzat, Nafarroako hiriburua bizikletaz ezagutzeko erakundeak proposatu dituen lau ibilbideak ikusita. Txirrindulariak oinpekoei emanez, batetik, harresiak eta gotorlekua ezagut ditzake, eta, bestetik, Alde Zaharra; bestetik, Argako ibai parkea, eta, azkenik, Donejakue bidea.

Txangoak bakarrik edo gidari batek lagunduta egitea proposatu du udalak. Inolako laguntzarik gabe egin nahi dituenarentzat, udalak 12.000 liburuxka argitaratu ditu, euskaraz eta gaztelaniaz. Liburuxketan, Iruñeko lau ibilbide horietan bisitariak ikus ditzakeen «mugarri turistikoak» aipatzen dira. Toki hauetan jaso daiteke liburuxka: hiriburuko Civivoxetan, udalean, Joakin Maya musika eskolan eta Gazteriaren Etxean.

Ibilbideak gidari batek lagunduta egin nahi dituenak, berriz, hurrengo larunbatean, hilak 16, edota maiatzaren 7an eta 14an bakarrik egin ahal izanen ditu. Gidatutako bisitetan parte hartzeko, 012 telefonora deitu behar da, eta izena eman; hiru euro ordaindu behar da txango bakoitzeko. Udalak zezen plazan udal zerbitzuko bizikletak uzteko duen gunetik aterako dira parte-hartzaileak. Arga ibaiko parkera eginen den txangoa 09:45ean hasiko da, eta beste hirurak, 10:00etan. Taldeak, gehienez, 25 lagunekoak izanen dira. Ibilbidean gidari turistiko batek hiriko gunerik garrantzitsuenen berri ematen die parte hartzaileei.

Lau ibilbideak aintzat hartuta, 36 kilometroko bidea eginen dute txirrindulariek. Ibilbideek ez dute zailtasun handirik, eta, gehienez jota, bi orduan egin daitezke. Txangorik luzeenak Arga ibaiko parkea zeharkatzen du, hamalau kilometrorekin. Laburrena, berriz, Alde Zaharretik barna igarotzen da, sei kilometro eta erdirekin.

Bizikleta, eguneroko ez

Udalak bultzatutako ekimenak ez duela bizikletaren eguneroko erabilera bultzatzeko balio uste du Asier Azpilikueta Ekologistak Martxan taldeko kideak. Hirian barna mugitzeko bizikleta erabiltzen du Azpilikuetak. «Zertarako nahi du udalak bizikleta?», galdera hori egiten du berak. Erantzuna erraza da, Azpilikuetaren irudiko. «Udalak bizikleta aisialdian erabiltzeko nahi du, eta ez egunero erabiltzeko. Hala balitz, bizikletarako bideak toki guztietan egonen lirateke, ongi eginak eta elkarren artean lotuak». Iruñean bizikletan ibiltzeko bideak ez daude hiriaren punta batetik bestera joateko eginak. «Batzuk gaizki egin dituzte, eta beste batzuk bukatu gabe daude».

Azpilikuetaren ustez, udalaren asmoa ez da mugikortasunaren aldekoa, turismoari begira egindakoa baizik. «Lau ibilbideak Iruñeak proposatzen dituen bizikleta bideen paradigma dira. Paseo moduan egiteko ongi daude, baina, egunero ibiltzeko, ez». Egunero mugitzeko bide azkarrak eta ziurrak behar direla dio. Udalak proposatzen duen Donejakue bidea jarri du adibide. «Bi noranzkoak ditu. Beraz, toki gutxi bi bizikleta elkarrekin pasatzeko. Oinezkoak ere joaten dira hortik. Horiei kentzen zaie tokia, baina sekula ez autoei. Azkenean, errepidetik joatea ziurragoa da, autoekin bakarrik egon behar duzulako adi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.