Bizikletaz joan, baina etorri...

Askok eta askok erabiltzen dute egunero bizikleta, hara eta hona mugitzeko; udan, ordea, erruz ugaritzen da bizikleta gainean dabiltzanen kopurua eta, beraz, bizikleta kopurua. Lapurretak ere nabarmen gehitzen dira urteko sasoi honetan.

Geroz eta jende gehiagok erabiltzen du bizikleta garraiobide gisa. Ibilgailua lapurtzerik nahi ez bada, komenigarria izan ohi da hainbat neurri hartzea. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maddi Ane Txoperena Araitz Muguruza Nagore Etxeberria
Donostia
2014ko ekainaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iritsi da uda: eguraldiak hobera egin du, eta nabarmen ugaritu da bizikleta garraiobide gisa erabiltzen duten herritarren kopurua. Sasoi honetan, gero eta ugariagoa da bizikleten joan-etorria herriko eta hiriburuetako kaleetan. Bizikleta aparkalekuak bi gurpileko garraiobidez lepo daude, eta lapurrak erne dira. Aste honetan bertan, esaterako, bizikleta lapurreten 25 salaketa jarri dituzte Gasteizen. Lapurretak ugaritu egiten dira udan, eta, horregatik, oso garrantzitsua da hainbat neurri gogoan hartzea bizikleta kalean uzteko garaian. Bizikleta elkarteek aholku mordoxka ematen diete bizikleta erabiltzaileei.

Ez dira gutxi bizikleta lapurtu dietenak; etxerakoan zein lanerakoan kalean utzi dutenak eta, itzuleran, bizikletarik gabe geratu direla ohartu direnak. Aitor San Francisco donostiarrari, esaterako, bost bider ebatsi diote. Hamabi bat urte daramatza bizikletan egunero ibiltzen, eta, guztira, bost bizikleta lapurtu dizkiote, zaharrak zein berriak. Noizean behin «utzikeriagatik» izan dela aitortu du. «Bizikleta denbora askoan toki berean utzi izan dut noiz edo noiz, eta, horregatik, lapurtu egin didate azkenerako». Ordea, ostu dioten beste aldietan amorrazio handia hartu duela dio, tentuz lotu izan baitu bizikleta beti. «Ahal dela, egunero igotzen dut etxera bizikleta. Behin, ordea, gurasoen etxe aurrean utzi nuen; gau bakar bat izan zen. Hurrengo egunean, haren bila joan nintzenean, ez zegoen. Benetan amorrarazi ninduen horrek». Duela urtebete gertatu zitzaion hori, eta ordutik ez du lapurreta gehiagorik izan.

Baionako Jesus Garateri ere ez diote gutxitan ebatsi garraiatzeko ibilgailua: hiru aldiz lapurtu diote. Baionako Txirrind'Ola elkarteko kidea da Garate; 49 urte ditu, eta, egunero, gauza askotarako erabiltzen du bizikleta: «Erosketak egiteko, umeak jasotzeko eskolatik, lanera joateko...». Parisen bizi izan da orain dela bi urtera arte, eta han ez zuen lapurretengatik kezkarik izan: «Parisen, hamar urtez lo egin du bizikletak kalean, eta ez dut inoiz arazorik izan. Normalean, oso lasai uzten dut bizikleta kanpoan».

Hona itzuli denetik, baina, hirutan utzi dute bizikletarik gabe. Haren ustez, dena den, «arraroa» izan da, etxeko sotoan bertan ebatsi izan baitiote hiru aldietan. Lapurrak eraikinarekin zerikusia izango zuelako susmoa dute, baina ez daukate horren frogarik, eta ez dakite ezer. Hirugarren aldian, zorte handiagoa izan zuen. Izan ere, ostutakoa itzuli egin zioten; etxe parean aurkitu zuen berriro bizikleta: «Bizikleta elektroniko bat zen, eta ez zegoen giltza bizikletan jarrita; orduan, ez zuen ezertarako balio».

Maite Arruti zarauztarrari etxeko sotoan ez, baina lantoki atarian lapurtu izan diote bizikletako zatiren bat edo beste. «Lantokiaren kanpoan uzten dut beti bizikleta, eta pare bat aldiz lapurtudidate eserlekua, eta beste behin, berriz, otarra». Sanz Enea liburutegiko bulegoetan lan egiten du, Zarautz erdigunean. Ez dira horiek izan, baina, Arrutik izan dituen lapurreta bakarrak, beste bitan bizikleta osorik eraman baitiote. Bizikleta osorik lapurtu dioten bi aldietan, lantokitik urrun zuen utzia: «Lehenengo aldian, San Pelaio auzoan gertatu zen. Bizikleta ongi lotua nuen, baina, hala ere, lapurtu egin zidaten». Bigarrengoan ere, giltzarrapoarekin loturik zeukan, malekoian, baina, «itzuli nintzenerako, bizikleta ez zegoen han».

Iñigo Rumenige gasteiztarrari ere lapurtu zioten behin. Bizikleta bere garraiobidea dela dio, egunero eta denetarako erabiltzen baitu: lanera joateko, hirian mugitzeko... Hala ere, etxean leku askorik ez duenez eta igogailurik ere ez, kalean «lotan» uzteko ohitura omen du.

Gauez kalean utzi zuen aldi batean eraman zioten bizikleta. Gasteiz erdigunean lapurtu zioten, Olagibel kalean. Goizean bizikletaren bila joan zenean, falta zela ohartu zen. «Espiraleko giltzarrapoa erabiltzen nuen. Ez da giltzarraporik egokiena, horiek apurtzeko hiru segundo baino ez direlako behar. Garai hartan ez nekien hori, ordea. Gainera, ez nuen diru asko gastatzeko asmorik. Giltzarrapo horrekin aski izango zela pentsatu nuen, eta hara!». Lapurretaren ondotik, eskarmentua hartu zuen Rumenigek: «Dirua gastatu nuen, eta bi giltzarrapo on erosi nituen: U formako giltzarrapoak. Orain, bi giltzarrapo erabiltzen ditut bizikleta lotzeko».

Neurriak zorrozten

San Francisco ere «behar bezalako giltzarrapoa» erabiltzen hasi da lapurretak izan eta gero. Kablezko bat erabiltzen zuen hasieran, errazen ebaki daitekeena. Azken bizikleta ostu eta gero, ordea, U formakoak erabiltzen hasi da, hots, giltzarrapoen artean seguruenak.

Dena den, bizikleta elkarteek bi giltzarrapo erabiltzea aholkatzen badute ere, donostiarrak bakarra erabiltzen duela dio. «Gurpilak finkoak dira; hau da, torlojuz lotuta daude, eta, beraz, askoz ere zailagoa da gurpilak lapurtzea. Eserlekua ere halaxe lotuta daukat». Izan ere, bizikleta osoa lapurtu beharrean, bizikleta zatiak lapurtzen dituzte sarri. Askotan egin diote hori San Franciscori ere: «Eskulekua eta gurpila kendu izan dizkidate».

Garate baionarrak, berriz, bi giltzarrapo erabiltzen ditu beti. Lehena, «betikoa», kate bat, baina ez edonolakoa: «Kate on bat; loditxoa eta zaila hausteko halako tresna batekin». Bigarrena bereziagoa da. Hain zuzen, «bizikletan txertaturik» dagoen giltzarrapo bat erabiltzen du. Garateren ustez, «oso praktikoa da erosketak egiteko eta tarte batez bizikleta uzteko». Azaldu du sistema bat duela gibeleko gurpila blokeatzeko eta hala ezin dela bizikleta mugitu. Gainera, giltzarrapoa «beti dago bizikletaren gainean, eta ez dago hori apurtzerik».

Lotzeko sistemaz gain, beste neurri batzuek ere garrantzia dute, denek adierazi dutenez: aparkatzeko leku egokia, bizikleta mota eta itxura.... Arruti zarauztarrak zein Rumenige gasteiztarrak, esaterako, bizikleta jende asko dabilen eremuetan uztea gomendatzen dute. «Orain, autobus geltokiaren ondoan uzten dut bizikleta, han jende asko ibiltzen baita beti, eta lapurtzen ari denari kargu hartzeko balio dezake, behinik behin», dio Arrutik. Antzekoa aholkatzen du Rumenigek ere: «Jendea pasatzen den lekuan utzi; terraza baten ondoan uztea ere komeni da; hala, terrazan dagoen batena izan daitekeela pentsatuko du lapurrak».

«Ez oso bizikleta kapritxosoa» izatea ere gomendatzen du gasteiztarrak. Uste berekoa da Garate baionarra ere: uste du garrantzitsua dela bizikleta oso erakargarria ez izatea. Beste herrialde batzuetatik lortutako irakaspena du hori. «Alemanian, adibidez, bi bizikleta erabiltzen dituzte: bizikleta dezente bat erabiltzen dute asteburuetan hortik ibiltzeko, eta, gero, bizikleta kaxkar bat eguneroko kontuak egiteko, oso deigarria ez den bizikleta bat», ohartarazi du.

Erregistratu edo ez

Bizikleta erregistratua izatea da beste aukeretako bat. Hainbat herritan horretarako aukera dago; Zarautzen, Gasteizen eta Donostian, kasurako. Garatek ez du uste halakorik dagoenik Baionan, baina «kontu interesgarria» dela iruditzen zaio, eta Txirrind'Ola elkartean badute horretarako makina bat erosteko asmoa, «hurrengo urteetan». Haren hitzetan, «interesgarria da; izan ere, batzuetan, Poliziarenera bazoaz esateko bizikleta lapurtu dizutela, esaten dizute ezin dutela ezer egin. Eta, nahiz eta bizikleta ikusi, gero zaila da bizikletaren jabea aurkitzea». Erregistroa izan liteke, beraz, zailtasun horren aterabidea.

Gasteiztarrak dio aukera eduki arren oraindik ez duela bizikleta erregistratu. Baina kontrol hori izatea «ongi» dagoela dio, arazoak izan baititzakezu, esaterako, «giltzarrapoaren giltza galdu eta hura hausten saiatzean udaltzainek ikusiz gero». Arrutik ere neurri egokia dela uste du, bizikletaren jabea zein den jakiteko eta kontrolatzeko bidea ematen duelako. Erregistratzeak ere badu alde kaxkarra, ordea: «Erregistratutako bizikleta behar ez den lekuan utziz gero, isuna jar diezazukete, eta bizikleta zerbait bada, askatasuna transmititzen duen garraiobidea da», dio zarauztarrak.

San Francisco ere ez da erregistroaren oso aldekoa, eta ez du inoiz erregistratu bizikleta: «Ez diot balio handirik ikusten, bizikleta agertu eta zurea dela identifikatzeko baino ez baitu balio».

Bizikleta erregistratua izan edo ez, giltzarrapo egokia eraman edo ez, lapurretan iaioak dira asko eta asko. Beraz, erne ibiltzea eta hainbat segurtasun neurri hartzea ezinbestekoa da, bizikletaz joan eta etorri nahi bada, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.