Bizikletazko mezuak

Mezularitza negozio berria zabaldu dute bi gazte gasteiztarrek hiriko alde zaharrean. Egunean 80 eskaerari erantzuteko gai dira, inongo kutsadurarik sortu gabe bidean.

Gasteiz
2011ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Gasteiz hiri egokia da bizikletaz ibiltzeko. Eremu laua eta lasaia da, eta hedaduraz ere egokia da batetik bestera mugitzeko, baita lanerako ere. Azaroan bizikletari lehen pedalkadak ematen hasi zirenetik, Enbizi mezularitza zerbitzua geratu gabe ari da lanean Gasteizko kaleetan zehar. Hiritarren beharrei modu merke eta ekologiko batean erantzun nahian, bizikleta garraiotzat duen mezularitza negozio berria ireki zuten 26 urteko bi gasteiztarrek. Duela aste batzuetatik, berriz, Errementari kaleko 70.zenbakian zabaldu dute bulego berria. Gasteizko alde zaharra biziberritzen ari da pixkanaka, ate berriak irekitzen ari direla esan daiteke hiriko hainbat txokotan.

Oier Iñigo ingeniaritza lanetan aritu izan da oraindaino. Gustavo Seoane, berriz, enpresa batean aritzen zen, 26 urterekin kale gorrian geratu ziren arte. «Lanik gabeko egunetan etxeko eta lagunei errekaduak egiten hasi ginen, Enbizi mezularitza negozio propioa zabaltzea otu zitzaigun arte», adierazi du Oier Iñigo arduradunetako batek.

Denbora pasa izatetik ogibide izatera pasatu dute bizikleta gasteiztarrek.

San Frantzisko eta New Yorkera egindako bidaietan ikusitakoaren arabera, eta Iruñeko zerbitzuen gertuko adibidea kontutan hartuta, «Gasteizen ere horrelako negozio batek funtzionatu zezakeela iruditu zitzaigun. Buru belarri aritu gara, nahia erralitate bihurtu arte», Iñigok adierazi bezala. Hirian zehar mugitzeko bizkar-zorro egokia soinean hartu eta eskutitzak, paketeak, piezak, eta bizikletan garraiatu daitekeen material guztia eramaten dute eskatutako tokiraino. «Hasiera oso ona eman diogu negozioari, harrera ona izan du, gehienbat enpresetan», azaldu du Iñigok.

Merke, azkar eta garbi

Bizikleta garraiobide egokiena da hiri barruan batetik bestera mugitzeko. «Enbizi mezularitzak egiten duen lana erabat ekologikoa da, eta hiritarren bizitzetan ere ez du zarata eta kutsaduraren inguruko eragin kaltegarririk eragiten gainontzeko garraiobideen gisan». Gainera, bizikletaz mugitzea modurik azkarrena da Gasteiz zeharkatzeko, bizikletaren gainean egunean 80 eskaerari erantzuteko gaitasuna dute Enbizi mezularitza zerbitzuko kideek.

Garraiobide azkar eta garbiarekin lan egiteaz gain, zerbitzu «merkea eskaintzen da Enbizin». Ibilbide desberdinetan banatuta dute hiria, eta egin beharreko bidearen eta presaren araberako prezioa ezartzen zaio zerbitzu bakoitzari. «Hiru ordu baino lehen eskutitz bat Gasteizko alde batetik bestera garraiatzea bost euroren bueltan kostatzen da bataz beste; esan liteke beste edozein mezularitza enpresak baino merkeago eta azkarrago egiten dugula lan», Oier Iñigo Enbizi enpresako arduradunetako batek adierazi bezala.

Aurrera begira, norbanakoarenganagehiago gerturatzea izango da mezularien erronketako bat, «enpresez gain, hiritar guztiek aprobetxa dezaten Enbizi mezularitza zerbitzua». Eskaerak egiteko informazioa www.enbizi.com webgunean dago eskuragai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.