Ikerlaria

Esther Anaya Boig: «Bizikleten jabeak ez daude identifikatuta, eta horregatik da hain erraza lapurtzea»

Bizikleta partikularrak osteari buruzko ikerketa bat egin du Anayak. Lapurreta horiek geroz eta ohikoagoak direla ikusita, hainbat gomendio eta eskaera egin ditu ikerlariak.

Esther Anaya Boig, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Esther Anaya Boig, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Iratxe Muxika
2025eko maiatzaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Errei berezi bat dute haientzat, eta askotarikoak izan daitezke: elektrikoak, koloredunak, saskidunak, mendikoak... Baina maiz ez dira betiko izaten. Bizikleta partikularrak osteari buruzko ikerketa bat aurkeztu zuten atzo Donostian, eta bertan izan zen Esther Anaya Boig (Cornella de Llobregat, Herrialde Katalanak, 1977), azterketaren egileetako bat. 

Lapurtu eginen dutela jakinda erosten da egun bizikleta bat?

Bizikleta bat daukanak, zoritxarrez, jakin behar du gerta litekeela haren bila joatea eta bizikletarik ez topatzea. Alegia, erosteko orduan jakin behar da arduraz eta beldurrez egongo zarela maiz. Bestela, gero ohartuko zara, baina oso-oso posiblea da gertatzea. 

Baita giltzarrapoa jarrita ere?

Giltzarrapoak moztu egiten dituzte, apurtu; askok ez dute ezertarako balio. Mota askotarikoak izan daitezke, eta badaude batzuk oso zailak direnak hausten, baina nahiko garestiak izaten dira. Bizikletak  lapurtzearen arazoa oso ohikoa da gurean, baina ez zaio behar besteko arretarik jartzen; besteak beste, Zigor Kodeak ez duelako bizikleta ibilgailu gisa identifikatzen. Bizikletak ibilgailu kontsideratuko balira, lapurtutakoan gainontzeko autoak, motorrak eta gisakoak ostean jarritako zigorrak eta baldintzak izango lituzkete, eta kalte ordaina ordaindu beharko lukete lapurrek. 

Ez dute, ala?

Zigor Kodearen arabera, bizikleta bat ebastea ez da lapurreta bat, baizik eta lapurreta txiki edo arin bat. Lapurreta delitutzat jotzeko, ebasketa indarkeriaz eta mehatxuak erabiliz egin behar da. Bizikleten lapurretak, ordea, ez dira hala gertatzen normalean; jabea ez dagoenean egiten dute. Poliziak 400 eurotik gorako delituak soilik hartzen ditu delitu larritzat, eta hortik beherakoek ez dute protokolo eta jarraipen berezirik. Ematen du ez dutela garrantzirik, baina badute. Esango nuke ia arazoa normalizatzeraino iritsi garela, eta ezin da hala izan, gurea den zerbait ari direlako guri lapurtzen. 

Eta ezin dira salaketa txiki anitz pilatu? 

Bai, norbaitek delitu arin asko egin baditu, gerta daiteke denak batzea eta delitu handi bilakatzea. Horrelako kasuetan, adibidez, Poliziak esku hartuko du, eta saiatuko dira irtenbide bat bilatzen. Baina maila horretara iritsi behar da kasu txikiak entzuteko, eta, gainera, aurpegia eman behar da. Alegia, kasu bat identifikatuta gera dadin salatu egin behar da, eta jendeak ez du salatzen, pentsatzen duelako bizikleta bat lapurtzeagatik inork ez diola kasurik egingo. Eta hala da, kasu gehienetan; horixe aldatu behar da. 

Ikertu dituzuenak baino kasu gehiago egonen dira, orduan. 

Bai, eta hori arazo bat da, ez dakigulako zehazki zenbat diren. Horrek asko eragiten dio arazoaren neurriari; dauzkagun datuak aintzat hartuta ondorio larriak lortu baditugu, pentsa datu osoak izango bagenitu!

Zer giltzarrapo da seguruena? 

Erresistentzia handia duten giltzarrapo batzuk badaude, U baten erakoak, eta horiek dira hausteko zailenak. Bizikletak U erako giltzarrapoa badu, azkenerako utziko du lapurrak, eta beti saiatuko da lehenago giltzarrapo sinpleago batzuk hausten; zerra elektrikoak behar dira kandadu zailak apurtzeko. Horrez gain, lagungarria izan daiteke aparkaleku egokia aukeratzea. Alegia, bizikleta ez uztea edozein lekutan. Aparkaleku argiztatuak, irekiak, hiritik gertu daudenak, jendetsuak… hobe izango da halakoak lehenestea. 

Beldurra nabaritzen duzu bizikleta erabiltzaileen artean? 

Bai. Nik bizikleta jabeak egunero ikusten ditut arduratuta, edo zalantzan, ez dakitelako bizikleta utzitako leku berean egongo den, edo utzitako modu berean. Uste dut batzuek utzi egingo diotela bizikletan ibiltzeari, eta pena ematen dit horrek.

«Nik bizikleta jabeak egunero ikusten ditut arduratuta, ez dakitelako bizikleta utzitako leku berean egongo den»

Zure bizikleta bertze norbaitek duela ikusten baduzu, ken diezaiokezu? 

Nola justifikatzen duzu zurea dela? Bizikleten jabeak ez daude identifikatuta, eta horregatik da hain erraza lapurtzea. Alegia, auto bati erabiltzaile bat lotzen zaion gisan, bizikleta batek ere jabe bat behar luke, ezta? Jaberik ez duenez, oso erraza da zuri bizikleta lapurtu ondotik beste leku batean jartzea salgai, inork ez baitaki norena den. 

Hori egiten dute normalean? 

Bai, dirua ateratzeko erabiltzen dituzte bizikletak, nahiz eta kasuak eta kasuak dauden. Dagoeneko egin dugu identifikazio sistema hori martxan jartzeko eskaera, eta uste dut ez dela asko falta ideia hori gauzatzeko. 

Eta kamerek ez dute laguntzen? 

Askotan lapurtzen dituzte bizikletak kamerak dauden lekuetan, baina Poliziak esaten du ezinezkoa dela lapurra nor den jakitea. Ez da hain erraza, eta, hain zuzen ere, hori dakitelako lapurtzen dute hainbeste. Batzuetan, abisu bat jartzeak lagun dezake. «Zuri begira ari diren kamera batzuk daude», dioen karteltxo bat jar daiteke, adibidez. Hainbat lekutan funtzionatu izan du horrek, sentitzen dutelako zelatatuta daudela. 

Udan lapurreta gehiago gertatu ohi da?

Bai, eta horregatik ere garrantzitsua zen ikerketa atzo aurkeztea, jendeak ikus dezan etengabe gertatzen den zerbait dela, eta lapurrak ere akaso baretu daitezen pixka bat.

LOTSABAKO

Bizikletaren erabiltzailea zara?
Bai. Maiz erabiltzen dut, gainera.

Eta lapurtu dizute inoiz?
Bai, askotan. Behin unibertsitatean nintzela, kamerez inguratutako toki batean, eta beste behin kaleko aparkaleku batean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.