Ordiziako D'Elikatuz zentroan egin zuten atzo eguerdian Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren III. Hamabostaldiaren aurkezpena. Eta atzo zabaldu zuten baita ere, Ekolurra nekazaritza eta elikadura ekologikoaren aldizkariaren X. urteurrena ospatzeko erakusketa. Hamar urteetan argitaratuko aldizkarien azalak jarri dituzte ikusgai. Hilaren bukaera arte ikusi ahal izango da.
Hitzaldiak, berriz, asteartean hasiko dira. Elikadura izango da hitzaldietan gehien aipatuko den gaietako bat. Haurren elikadura osasuntsuaren garrantziaz ariko dira hain zuzen, asteartean, Sabrina Pato eta Aloña Gonzalez.
Elikaduraren ildotik ariko da baita ere Jesus Larretxea Jaten duguna gara izenburupean. Osasuntsu egoteko elikadurarik egokiena zein den azalduko du. Zerealetan, lekaleetan, begetaletan eta algetan oinarritutako elikadura eta garaiari eta norberaren egoerari egokitzen ikasteko azalpenak emango ditu.
Makrobiotika zer den eta zertarako den ona argituko du, bestalde, Egoitz Garrok. Dieta bat baino gehiago, makrobiotika bizi estilo bat dela azalduko die entzuleei.
Elikadura aipatuko du baita ere Ana Revillak bere hitzaldian, baina gaixotasunekin lotuta: Gaixotasunaren 7 mailak eta bere tratamendua elikaduraren bitarte.
Hitzaldietako beste oinarrietako bat nekazaritza ekologikoa izango da, etxeko baratzak zaintzeko hainbat aholku emango ditu Jesus Calvillok ostegunean.
Hitzaldien txanda amaitzeko, Asier Arregik eremu elektromagnetikoen arriskuez hitz egingo du.
Hitzaldiez gain, hainbat ikastaro ere prestatu dituzte: postre osasuntsuak sukaldatzeko tailerra egingo dute hilaren 23an, eta txakolindegi batera irteera antolatu dute hilaren 30erako.
Hitzaldiak
Asteartea, 19.Haurren elikadura osasuntsua produktu ekologikoekin (euskaraz). Beasaingo Igartza jauregian, 19:00etan.Asteazkena, 20. Elikadura eta bizitza orekatua (euskaraz). Zeraingo Kultur Etxean, 19:00etan.
Osteguna, 21. Nola landu baratza ekologikoa (euskaraz). Legorretako Udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan.
Asteartea, 26. Zer da, zertarako, zergatik makrobiotika? (euskaraz). Ordiziako Barrena Kultur Etxean, 19:00etan.
Asteazkena, 27. Gaixotasunaren 7 mailak eta bere trataera elikaduraren bitartez (Gazteleraz). Beasaingo Igartza jauregian, 19:00etan.
Osteguna, 28. Arriskuak eta prebentzioa eremu elektromagnetikoetan (euskaraz). Zeraingo Kultur Etxean, 19:00etan.