Hasi besterik egin ez den 2011 urtean, azken exoplanetaren aurkikuntzaren berria zabaldu dute hedabideek. Berez ez luke garrantzi handiko berria izan beharko, izan ere, 1995ean lehenengoa idoro zenetik dagoeneko 550 exoplaneta —gure eguzki sistematik kanpo dauden planetak— baino gehiago ezagutzen baitira. Gehienak gas-planeta handiak dira, Jupiter edo Saturnoren antzekoak, baina oraingo hau, Kepler 10b, desberdina da. Zisneren konstelazioan dago, gugandik 560 argi-urtetara, eta gure Lurraren inoiz aurkitu den exoplanetarik antzekoena da. Izan ere, harritsua da, gure planeta baino 1,4 aldiz handiagoa soilik —inoiz aurkitu den txikiena— eta gure eguzkiaren izar baten inguruan biraka dabil. Baina antzak horietan geratzen dira, bere izarretik ikaragarri gertu baitago. Hain gertu, 20 bat orduko urtea duela, denbora horretan egiten baitu izarraren inguruko buelta osoa. Ondorioz, exoplaneta horren azalean tenperatura 1.600 gradutakoa da, eta gehien bat laba eta urtutako arrokak daude, alegia, bizitzarako ezinak diren baldintzak.
Iazko irailean beste exoplaneta (Gliese 581g) baten aurkikuntza ezagutu genuen, baita Lurrarekin antza handia zuela ere. Hain omen da handia gure Lurrarekiko, azalean ura egoera likidoan edukitzeko aukera baduela. Urtebete lehenago, Corot 7b exoplaneta aurkitu zuten astronomoek, gure Lurra baino 1,7 aldiz handiagoa soilik. Poliki-poliki, teknologiak aurrera doazen heinean, gero eta exoplaneta txikiagoak ari gara aurkitzen, eta, ondorioz, gure planetaren antzekoak diren exoplanetak ari dira agertzen.
Honek guztiak, gure planetatik kanpo egon daitekeen bizitza motak aurkitzera hurbiltzen gaitu. Izan ere, bilioika eta bilioika izar daude gure Unibertsoan. Horien artean, milioika dira gure eguzkiaren antzekoak, eta hauetako askok gure eguzki-sistemaren antzekoak eratzen dituzte. Ez ditugu ikusi, baina ez dago inolako arrazoirik horrela ez izateko. Kontrakoa, alegia, gure eguzki-sistema den bezalakoa bakarra izatea matematikoki ia ezina da. Eta gure planeta bezalako beste milioika badaude, hor nonbait ezagutzen dugun bezalako bizitza egoteko aukera guztiak daude. Eta ezagutzen ez dugun bizitza-motak egoteko, era berean. Hortaz, matematikoki froga daiteke gure planeta biziduna bezalako planetak egoteko aukerak ikaragarri handiak direla eta ia ezina dela kontrakoa, alegia, Unibertsoan bakarrik egotea. Hau guztia, Stephen Hawkingek dioen bezala, Jainkoren beharrik gabe, jakina, horretarako nahikoak baitira Zientziaren legeak.
Hortaz, exoplanetak aurkitzeko dagoen lasterketa bizi-bizi dago. Gaur egun, bai NASA, bai ESA europarra exobizitzaren bila ari dira etengabe lanean. Batetik, Marte da hautagairik handiena, eta ez litzateke harritzekoa izango aurten bertan bizitzaren aztarnaren bat bertan aurkituko balitz. Baina han ez da seguruenik martetarrik aurkituko. Bizi adimenduna gure eguzki-sistematik kanpo egon behar, bestela, dagoeneko hauen telebista-programak ikusiak izango genituzke dagoeneko, Hawkingek txantxetan esaten duen bezala. Exobizitza adimentsua egotearen inguruan zientzialari honek ez du inolako zalantzarik, baina, haren ustez, ez genuke beraiekin harremanetan jarri beharko. Izan ere, Kolon Ameriketara iritsi zenean bezala gertatuko baita, baina oraingoan lurtarrak izango gara konkistatuak, eta ez alderantziz. Orduan ez bezala, gure planeta interesatuko omen zaie bertako natur baliabideengatik soilik, batez ere geologiari lotutakoak.
Dena den, adimentsua ala ez, aurtengoa izan daiteke bizitza estralurtarraren aurkikuntzaren urtea. Lehenago edo geroago aurkituko da, gero eta aurrerapen handiagoak egiten ari baitira zientzialariak arlo honetan. Horretan indarra eta dirua ari dira erruz erabiltzen estatu asko, baina, bien bitartean, gure planetan badago asko oraindik aurkitzeko. Dena den, neure buruari etengabe galdetzen diot: ba al dago justifikazio nahikorik indarra eta dirua alor horretan erabiltzeko mila miloi lagun baino gehiago goseak jota daudenean gure artean?
Argi Aldian
Bizitza estralurtarra aurkitzear?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu