Ezarian. Zientzia

Bizitzarako egoki diren planetak

Eguzki sistematik kanpoko ilargi eta planeten zerrenda egin du Planeten Bizi Egokitasunaren Laborategiak (PHL), Arecivon, bizitzarako egokitasunaren aldagaiari erreparatuta. NASAren Kepler misioa exoplaneta ugari aurkitzen ari da espazio neurrigabean; atzo bertan, bi planeta berri aurkitu zituen.

Andromeda galaxia. Unibertsoa miatzen dabil Kepler, bizitzarako egokitasunaren bila. NASA.
xabier martin
2011ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Erdian kokatzen den izar baten inguruko planeta sistemak komunak izango ote dira unibertsoan? Zientzialariek sarritan egindako galdera horrek ez dauka oraindik behin betiko erantzunik. Hori jakitea, ordea, garrantzitsua da, baiezkoa balitz Lur planetaren ezaugarriak dituzten exoplaneta ugari egongo liratekeelako Unibertsoan. Ezezkoaren kasuan, aldiz, Lur planeta salbuespen gisa jo beharko litzateke.

Bizitzarako egoki izan daitezkeen planeten ehiza aspaldian hasi zen, baina azken hilabeteetan hautagaien zerrenda asko handitu da, batik bat NASAren Kepler misioaren eraginez. Hil honen hasieran NASAk iragarri zuen bizitzarako egokitasunaren eremuan aurkitutako lehen exoplaneta kokaturik duela. Kepler-22b gure Eguzkiaren antzeko izar batean orbitatzen duen planetarik txikiena da, orain arte aurkitu dituztenen artean. Lurretik 600 argi urteetara dago, gure Eguzki sistematik at. 290 egun ematen ditu bere orbitan izarraren inguruan, eta Lurraren erradioa halako 2,4 da harena. Oraindik ez dakite arrokazkoa, gasezkoa edo likidoa den. NASAk 50 hautagaitik gora ditu bizitzarako egokitasunaren eremuan sartzeko, baina oraindik berretsi gabe.

Kepler espazio teleskopioak antzemandako 1.094 objektu berrien arteko erakargarriena da Kepler-22b. Baina milatik gorako objektu horien artean gehienak planetak izatea espero dute. Horrek eman dezake neurria teleskopio modernoenek zabaldutako aro berriak ekar dezakeen Unibertsoaren ezagutzaren mailan.

Izarrak ikustea erraza da: lainorik gabeko gau batean zerura begiratzea baino ez dago —hirietako argietatik urrun— ehunka, milaka izar ikusteko. Izarrak, ordea, distiratsuak dira, eta erraldoiak. Aldiz, planetak askoz txikiagoak dira, eta ez dute euren argi propiorik islatzen. Horregatik dira zailagoak antzematen.

Distiraren indar aldaketa

1991 arte, izan ere, ez zuten garatu exoplanetak edo Eguzki sistematik at dauden planetak antzemateko teknologiarik, nahiz eta ordurako teleskopio indartsuak eduki. Oinarrian, izar baten argiaren emarian antzematen dituzten aldaketen bidez aurkitzen dituzte exoplanetak. Hau da, izar multzo bati begira jartzen da teleskopio bat hainbat hilabetez, tokia aldatu gabe. Distiraren ohiko indarrean jaitsiera bat antzemateko gai dira teleskopioen ordenagailuen sentsoreak planeta batek bere itzal gunea uzten duenean.

Izar jakin baten orbitan planeta bat dagoela antzematea da lehen pausoa. Gero aldagai ugari ikertu behar dituzte zientzialariek: izarretik zer mailako gertutasunean orbitatzen duen, planetaren neurria eta gasezkoa, arrokazkoa edo likidoa den, esaterako. Izan ere, bakarrik ezaugarri jakin batzuk betetzen dituztenak jotzen dituzte hautagai bizia edukitzeko. Neurriz planeta ertainak eta tenperatura epeletakoak sartzen dira multzo horretan, horrelakoetan soilik aurki baitaiteke ura —edo izotza—; ura —likidoa edo lurrun gisa— ezinbestekotzat jotzen da bizia egoteko.

Aurkitzen diren exoplaneten azterketa zientifikoaren zati bat Planeten Bizi Egokitasunaren Laborategian egiten dute, Arecivoko behatokian, Puerto Ricon (http://phl.upr.edu/). Bizia edukitzeko aukera gehien duten exoplaneten katalogoa kaleratu berri du Arecivoko Unibertsitateak. Katalogo horrek batik bat hiru aldagairen arabera jasotzen ditu exoplanetak: Lurraren antzekotasun indizea, bizitzarako egokitasunaren eremuarekiko gertutasunaren indizea eta oinarrizko bizitzarako egokitasun estandarraren indizea. Arecivoko katalogoaren goialdean Gliese izarraren inguruan orbitatzen duten planeta bi daude: Gliese 581 g eta Gliese 581 d.

Hil hasieran NASAk iragarritako 1.094 exoplaneta hautagaien kopuruak ordu arteko zerrenda bikoiztu egin du ia. Keplerren azken aurkikuntzak berretsi egin behar dituzte oraindik, eta, batez ere, zenbat planeta dauden zehaztu. 2009an hasi zen zerrenda egiten; jadanik 2.326 exoplaneta jaso dituzte. Horietatik 207 Lur planetaren neurrikoak dira, eta 680 Lurra baino handiagoak; Super Lurrak esaten diete. Beste 1.181 Neptunoren neurrikoak dira, eta 203 Jupiter bezain handiak. Gure sistemako planeta handiena baino handiagoak dira beste 55.

Kepler teleskopioa 2009an jaurti zuen NASAk. Ordutik, galaxian dabil ura izan dezaketen exoplaneten bila; hots, bizitzarako egoki izan daitezkeen planeten bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.