Bluesak hartuko du Arrasate

Arrasate Blues jaialdiaren bosgarren aldia hasiko dute ostegunean. Noa & The Hell Drinker izango da jendaurrean ariko den lehen taldea, 20:00etan, Herriko Plazako agertokian

Travelinn Brothers taldea, 2020ko Arrasate Blues jaialdian. ARRASATE BLUES.
unai etxenausia
2023ko uztailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahotsak eta instrumentuek osatzen duten musika estiloa da bluesa. Patroi errepikakor baten erabileran oinarritua dago, eta hamabi konpaseko egiturari jarraitu ohi dio. XX. mendearen hasieran sortua izan bazen ere, Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldeko komunitate afro-amerikarretan, duela urte dezente iritsi zen Euskal Herrira. Arrasate (Gipuzkoa) da arrakasta horren adibide, non Arrasate Blues jaialdi ospetsua egingo baitute, bosgarrenez.

Ibai-arte merkatarien elkarteak eta Arrasateko Udalak elkarlanean antolatzen duten jaialdia da Arrasate Blues. Ostegunetik igandera bitarte, hamabi taldek baino gehiagok joko dute herriko hainbat txokotan. Jaialdia geroz eta indartsuagoa izan arren, musikari arrasatearrak bertan izateari ere garrantzia ematen diote antolatzaileek.

Geroz eta indar handiagoa hartzen ari den jaialdia da, eta goi mailako taldeak ekarriko dituzte aurtengo jaialdirako. Noa Egiguren Noa & The Hell Drinker taldeko abeslariak nabarmendu du «plazer hutsa» dela Arrasaten jo ahal izatea: «Hasieratik miretsi izan dugu jaialdi hau, eta gogotsu gaude kontzertu egunerako. Plazer handia izango da Herriko Plazako oholtzan aritzea». Hain zuzen, haren taldeak irekiko du jaialdia ostegunean, 19:00etan, Herriko Plazan prestatu duten oholtza nagusian.

The Fake Cousins taldeak hartuko die erreleboa ostiralean, 19:00etan, kontzertua emango baitute Euskal Herria plazan. Paul San Martin, Jon Aira eta Javier San MartĂ­n Shaf ibilbide luzeko musikariek osatzen dute taldea. Bluesaren estilo ahaztu guztiak berreskuratu dituzte haien abestietan: Stride, Boogie Woogie, jazz, Chicago eta New Orleanseko blues eta funka...

13:00etan hasiko dira kontzertuak larunbatean. M & A Swing Machine taldeak kontzertua emango du Ezkiña tabernan. 2021etik hainbat herritan emanaldi bereziak egiten ari dira, eta blues eszenan zeresan handia ematen ari den taldea da.

22:30ean igoko da Herriko Plazako oholtzara jaialdiko talde izarra. Trudy Lynn blues artista ospetsu Steve Krase eta Travellin' Brothers taldearekin batera igoko da. Golden Girl disko berria aurkeztuko du.

Azkenik, igandean, Monica Duran herriko artistak eta The Spolem Girls taldeak itxiko dute jaialdia. Ezkiña tabernan joko du lehenak, 13:00etan; eta Buenuena tabernan bigarrenak, 19:00etan.

Berritasunak

Berritasunak izango ditu aurtengo jaialdiak. Izan ere, mapa bat egin dute jaialdiko eszenatoki bakoitza non egongo den jakiteko. Zortzi agertokiak, gainera, Ibai-arte elkartea osatzen duten tabernen ondoan jarriko dituzte. «Helburua da musikak udalerriko giroa dinamizatzen laguntzea eta kultura izatea Arrasateko kaleetako bizitzaren ardatza», gaineratu du Jon Apraizek, jaialdiaren antolatzaile nagusiak.

Aurreko edizioetan, herriko musikariak omendu izan dituzte jaialdiaren lehen egunean. Aurten, ordea, saria herrikoa ez den talderen bati ematea erabaki du antolakuntzak. Beraz, Noa & The Hell Drinkers taldeari egingo diote aitortza. Oscar Vitoriak eginiko urrezko pinak emango dizkiete taldekide guztiei.
 

Arrasate Blues jaialdia

Ostegunetik igandera bitarte, egun osoan, Arrasaten (Gipuzkoa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA