Zortzi urte daramatza Aritz Brantonek (Malmesbury, Ingalaterra, 1964) Booktegi proiektuarekin. Nabarmendu du ehun bazkide dituela Booktegik, eta haiei esker mantentzen dela zutik.
Booktegiren jaialdi berezia antolatu duzue larunbaterako Usurbilen. Baina aurretik, bihar, Ruper Ordorikaren bueltan zerbait berezia izango da. Zer, zehazki?
Rupertorioa ekitaldia izango da, Ruper Ordorikak idatzi dituen letren omenaldi bat. Askotan entzuten dugu «ene begiek ez dute malkorik isurtzeko gogorik...», eta klasikoak dira haren hitz asko. Letra asko idatzi ditu Ordorikak, eta bururatu zitzaigun letra horien omenaldi berezi bat egitea. Hogei lagunek parte hartuko dugu: bakoitzak erabaki du kanta bat nola islatu. Hau da, kasu batzuetan irakurketa edo errezitala izango da, beste kasu batzuetan hausnarketa edo anekdota bihurtuko da, eta beste kasu batzuetan abestiak jo eta kantatuko dituzte bertaratutako lagunek.
Larunbateko jaialdiak, berriz, bi parte izango ditu. Nolakoa izango da goizekoa?
Goizeko partea literarioagoa izango da. Bi solasaldi izango ditugu, eta bakoitzean hiru idazle ariko dira. Idazle horiek guztiek ipuin bana idatzi dute, eta Booktegiren webean irakur daitezke. Lehen solasaldian giltza da aitzakiarako balio duen gaia, eta idazleak Iñigo Astiz, Irati Zubia eta Miren Agur Meabe izango dira. Bigarren solasaldian, katea da gaia, eta idazleak Garazi Albizua, Itxaro Borda eta Ane Labaka izango dira. Bietan, moderatzailea Nerea Loiola izango da. Solasaldi askeak izango dira. Ipuinak aitzakiak dira, baina idazleek nahi dutenaren inguruan hitz egin ahalko dute.
Arratsaldeko partea oso bestelakoa izango da. Zer prestatu duzue?
Lehenbizi, Usurbilgo Udarregi ikastolakoen ekarpena izango dugu: ikasleak etorriko dira, eta booktuber bideoak proiektatuko dituzte. Liburuzainak esan dit ikasleak liburu bila ibili direla, eta espero dut ekintzaren bidez irakurzaletasuna bultzatu izana. Irakasleek bultzatu dituzte horretara, eta benetan ona dela deritzot. Ondotik, Oihan Vegak Euskañolitis bakarrizketa eramango du oholtzara. Izenburuak dioen moduan, diglosiaren erresumaz ariko da. Eta amaitzeko, Ameba musika taldearen kontzertua izango dugu. Herriko taldea da.
Nolako giroa sortzen da Booktegiren jaialdian?
Goiz partean bereziki, irakurle sutsuak etortzen dira: zaletasun handia dutenak. Arratsaldean, publiko askoz zabalagoa izaten da. Ikasleen bideoekin, Sutegi aretoa bete egingo da, gazteen guraso gehienak etorriko baitira.
Booktegiko komunitatea trinkotzeko ere balio dute horrelako jaiek?
Bai, Booktegik ehun bazkide ditu, eta horietatik laurden bat gutxienez etortzen da urteroko jaialdira. Aukera polita izaten da bazkideek elkar ezagutzeko. Baita gure zaletasun handi honen inguruan hitz egiteko ere: literatura. Giro polita izaten dugu.

Egitasmoak ehun bazkide dituela esan duzu. Baina nola da egun Booktegiren egoera?
Duela bizpahiru urte erabaki genuen diru laguntza publikorik ez eskatzea webgunearentzat. Jaialdiak Usurbilgo Udalaren laguntza jasotzen du, eta eskertzekoa da. Baina webgunea bazkideei esker dago bizirik. Ikusten genuen arriskuak zeudela; jakin gabe laguntzarik jasoko ote genuen ala ez, proiektu bati ekitea jakin gabe bestelako diru iturri guztiak nola joan ziren... ba, arriskutsua zela oso gurea bezalako elkarte txiki batentzat.
Booktegiko webgunean askotariko edukiak daude: audioak, elkarrizketak, ipuinak, gomendioak... euskal idazleek eskuzabal jokatzen dute?
Oso eskuzabal. Hasieratik, gainera. Eta hori gabe Booktegi ez litzateke existituko.
Euskal irakurleak animatzen al dira euskarazko literatura formatu elektronikoan irakurtzera?
Kostatu egiten da. Proiektuaren hasieran gure asmoa zen gabezia horri aurre egitea; batetik, identifikatu genuen liburu elektronikoaren erabilera eskasa zela Euskal Herrian, eta, bestetik, diru faltagatik liburu asko ez zirela argitaratzen. Eta kasu batzuetan ere, bigarren edizioak ez zirela argitaratzen. Gabezia horiei aurre egiteko sortu zen Booktegi. Baina esango nuke Euskal Herrian liburu elektronikoa oso-oso gutxi erabiltzen dela. Jendeak nahiago ditu paperezko liburuak.
Egitasmoarekin bat egin nahi duena bazkide egin daiteke, edo donazioa eman dezake. Erraz egitekoa da?
Bai, oso-oso erraz. Webgunean agerikoak dira aukerak. Eta ekarpenak ongi etorriak dira, baina ez bakarrik ekonomikoak: ideien ekarpenak ere bai.
Booktegi zurekin lotuko dute askok dagoeneko.
Zortzi urte daramatzat honetan, hasieratik. Esan dezaket lemazaina naizela, bai, eta beharbada badela unea beste lemazain bat bilatzeko, lekukoa emateko.
Halako egitasmoek bizirik irautea ez da beti erraza izaten, ezta?
Hori hala da. Borondatez egindako proiektuak dira. Bakarlana ere bada batzuetan. Baina jarraitu egin behar dugu. Literaturak, edo kontakizunak, hobe esanda, aukera anitz sortzen ditu. Muga bakarra irudimena dela esango nuke.
Nolako liburua irakurriko zenuke euskaraz oraindik irakurri ez duzuna?
Espioitza liburuak asko gustatzen zaizkit, eta halako kalitatezko bat irakurriko nuke.
Poesiaren bidez amets egiteko aukeratu beharko bazenu?
Thoreau, ur mara. Antonio Casado da Rochak duela hiruzpalau urte Ur Mara museoan antolatu zuen ekitaldi bat aipatuko nizuke. Hunkigarria izan zen arrazoi askorengatik: Alkizako tokiarengatik, Koldobika Jauregi zenarengatik eta Thoreauren poesiarengatik. Eta Casado da Rochak esaten duen zerbaitengatik ere bai: poesia da jendea elkartzeko aukera bat.
LOTSABAKO
Liburu bat lo hartu aurretik irakurtzeko?
Biblia.Euskalduna ez den idazle bat?
John Buchan eskoziarra.Usurbilgo txoko bat?
Dema plaza.