Bortuari bortak zabalik

Bi urtez jin gabe, berriz zabaldu ditu bortak Lurrama laborantza herrikoi eta iraunkorraren saloiak XVII. aldikoz Miarritzeko Irati aretoan. Usaiako giro «ona» bai, baina jende eta laguntzaile gutixeago bildu dira. Aurtengo gaia ukan dute mendiaren erabilera. Zigor izan da urteko artista, eta Pirinioetako laborariak izan dira gomitak.

Ossau-Irati sor-markako gasnen lehiaketa egin zuten, eta hauek dira hiru kategorietako irabazleak: Antton Urriza, etxaldeko gasnetan (Arnegi, Nafarroa Beherea); Mixel eta Peio Berhuet, bortuko gasnetan (Hozta, Nafarroa Beherea); eta Azkorriak, esnetegiko gasnetan (Muskildi, Zuberoa). BOB EDME.
Ainize Madariaga
Miarritze
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Mundrunaren gaindosia lehenik: autoa aparkatzeko itzuli franko egin behar izan baitu Lurrama laborantza herrikoi eta iraunkorraren saloirat sartu nahi zuenak. Ondotik, pasabide zabalek hartu dute jendea Irati kubo erraldoiaren barnean, Miarritzen (Lapurdi). Hiru estai eta denak laborantzak hartuak. Eta mendiak. Aurtengo gaia baitu Mendiaren erabilpen askotarikoa. Eskailera mekanikoek lotzen dute mundrunaren erresuma lurpeko laborantza erreinuari, lurrazala eta lurpea. Jautsi ahala, izarrei begira jartzen denak ikusiko du aurtengo Lurramako artistaren obra. Kepa Akixo Zigor poeta, idazle, argazkilari eta eskultorearen argazki erraldoia: euskal mendietako batzuk ageri dira, bortuko kolore ezin biziagoak irudikatzera uzten duten zuri-beltzez. Hobeki so egiten duenak, ardi barreiatuak ikus litzake, eta alde kantoian, artzainaren ola. Potretaren magalean etzan ditu eleok: «Mendi hauetan, gizonak lantzen du oraina, mausoleo handi horien azpian etzanda bizi den betiko oihartzuna entzunez».

Eskailerak jautsi ahala, xinaurritegiaren mugimenduaren gero eta parteago bihurtzen da bisitaria.

Batzuek zapi urdin-zuri karrakaria daramate lepoan, laguntzaile direnaren marka. Bertzeek, beraien burua uzten dute begien nahikeriaren esku, izan arto gorri talo baten manatzerat joateko, izan, adibidez, Philippe Petit katalanaren arno ekologikoa dastatzeko. Roussillonetik (Okzitania) jina da, aurtengo Lurramako gomitetakoa da. Sulfitorik gabeko arnoa du ekoizten, legamia indigenarekin. Ez zuen Lurrama egundaino ezagutzen: «Deskubritze handia da, Euskal Herriaz nuen irudiarekin bat egiten du: elkarbizitza zoragarria dago, kohesioa. Gure herriarendako sekulako mezua daramat: ondare kulturaren baloratzea eta laborantza bizia. Laborariekin eta euskaldunekin topo egitea zoragarria da».

Adama Gajonek sagar eta mahats jusak dastarazten ditu. Perpinyatik (Herrialde Katalanak) ez urrun fruitu ekoizpena du, duela 31 urte. Laket izan du Lurraman ediren duen giroa: «Iruditzen zait engaiamendu handia dagoela hemen, dauden eztabaidengatik. Desagertzen den lurraz mintzo dira, eta gure arazoez. Garrantzitsua da politikariek ikus dezaten laborantzak zailtasunak dauzkala aitzinatzeko, lur eskasiagatik eta kostuagatik».

Auzoa du Sandrine Lagarde erlezaina. Okzitaniako Piemont mendi magaletik jina da, hori ere gomita gisa. Erlezaintzatik ekoitzdaitekeen guzia egiten du: eztia, kandelak, espezie ogia, kosmetika... Berak ere lehentze du saloian, loriatua da: «Harrera bikaina da! Laborantza herrikoiaren saloia bikaina da. Usaian industrialena baita, bikaina da asko garelako eta etorkizuna delako hau. Industriala iragana da, dena hiltzen baitu: laborariak, lurrak eta kontsumitzaileak. Baztertu behar da, eta orain. Uraren pribatizazioarekin hasiko dira, zinezko borroka izanen da».

Oilasko lukainkak erosi dizkie betaurrekodunak Jerome eta Helene Delmas ekoizleei. Okzitaniatik jin dira haiek ere, Le Falgar herritik. Hegaztien gripeaz mintzatu da, asea da: «Buka dadila egin ahala zalu, zeren eta aski baitugu. Argi da arazoa ez datorrela ekoizle ttipiongandik. Ez dugu haizu oiloak aire librean uztea, baina egiten dugu. Ezin liteke bestela». Lurramarat jin dira, zeren eta etxaldean antolatu zuten kontzertu batean, euskal musikari batek eman baitzien saloiaren berri. Handik gutira, gomita jaso zuten.

Justuki, Patxi Amulet musikaria hor dabil, ardo xokoko mahai baten inguruan, jendea agurtzen, baina urratsari segitzeko prest. Baitu zeregin: Lurramako animazioaren arduraduna baita. Ohartua da usaian baino laguntzaile gutixeago jin dela: «Herenegun falta ziren 150 bat txanda, harrigarria! EHZ edo hau bezalako ekitaldiak laguntzaileen gain eraikiak dira; beraz, haien faltan, biziki zaila da. Bart, adibidez, garbiketarako sei baizik ez ginen. Baina konfiantza dut, eta, pixkanaka, gauzak berriz bueltan ezarriko dira! Ez dugu amore emanen, jendeak segituko du!».

Kabalen bisitatzen ari da jende franko, Euskal Herrikoak nahiz kanpokoak, baina denak Pirinioetakoak. Euskal artzain txakurraren adiskideak elkarteak ere ekarri ditu xakur Iletsua eta Gorbeiakoa. Maia eta Edurne kideak kontent dira, eta harrituak hainbertze euskara entzuteaz Miarritzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.