Auzo historikoa da Bilbo Zaharra; Urazurrutia, edo, bestela esanda, Zazpikaleen parean, Ibaizabal ibaia zubiz gurutzatu, eta han bada auzo bat Ibaiondo distrituaren barne. Badu auzoak bere giroa, San Frantzisko ere han gertu izanda. Eta, aste honetan, auzotarrek, inguruan bizi diren herritarrek eta bisitariek askotariko ekitaldiekin disfrutatzeko modua izango dute Bilbo Zaharreko jaietan.
Musika, dantzatzeko momentuak, jateko askotariko jakiak, tailerrak, lehiaketak eta gizarte eta politika gaiei heltzeko aldarrikapenak uztartuko dituzte jaietan, bihar hasi eta igandera arte. Jai batzordeko ordezkariek nabarmendu dute aurten ideia arrazisten eta erreakzionarioen kontrako aldarriak izango dituztela ardatz: «Izan ere, azken hilabeteetan PPk eta Voxek San Frantzisko auzoko pertsona migratzaileen aurkako beste kanpaina arrazista bat jarri dute martxan». Gainera, jai batzordeko kideen arabera, eskuineko komunikabideek diskurtso horiek zabaltzen laguntzen dute. Auzoko bizilagun guztiei dei egin diete «alderdi faxisten amua ez irensteko». Herri jaien antolatzaileek «klase batasuna» aldarrikatu dute, «faxistek zabaltzen duten diskurtso arrazisten aurrean».
Bihar, aurreneko eguna, Emakume Langileon Eguna izango da. Hasteko, 18:30ean, mosaiko kolektiboaren tailer bat egingo dute. 20:00etan, musika doinuak jartzeaz arduratuko da Rider Vides taldea. 22:00etan, ekitaldi politikoa iritsiko da. Eta, gaua amaitzeko, DJ Akkuratuak jarriko du musika.
Gazte Eguna izango da ostegunean. 12:30ean, kontrol sozialaren inguruko mahai inguru bat egingo dute, Ez Irentsi taldeko kideen konpainian. 13:00etan, grafiti tailerra eta disko jartzea ere egingo dituzte. Herri bazkariaren ostean, paintballean jokatzeko modua izango da, 17:30ean. 19:00etako kalejiraren ostean helduko dira kontzertuak. Gatazka eta Skaregekasko taldeek joko dute. Eta, eguna bukatzeko, DJ Alexksek jarriko du bere musikarik kutunena.
Ostiralean, «pasta antifaxista» izango dute bazkaltzeko, 15:30ean. Ur festa edo ur gerra egingo dute 18:00etan. Suziriaren eta pregoiaren garaia helduko da ostiralean, 20:00etan —Arrokari eta kultur etxeari egokitu zaie horretan aritzea—. Karro-poteo alaia egingo dute kalez kale, 20:30ean. Eta, 22:30ean, erromeria izango da, Gautegun taldearekin. Gaueko azken doinuak DJ Albondigiesek jarriko ditu.
Larunbatean Mikosis taldeak joko du
Bilbo Zaharreko jaien azkeneko bi egunek ez dute gai bati lotutako izenbururik izango: adin guztietarako eta askotariko zaletasunak dituzten herritarrentzako ekitaldiak izango dituzte auzoan. Larunbatean, eguerdian, kultur etxeko euskal dantza taldearen emanaldia izango dute. Masta puntakoaren txanda iritsiko da 14:30ean, bazkariaren aurretik. Baten bat ordurako ariko da zerbait jaten, eta indarrak hartu beharko ditu batek baino gehiagok, 18:00etako boxeo tailerrean parte hartu nahi izanez gero, behintzat. 21:00etan hasiko dira kontzertuak. Karam taldea, DJ Momoroia eta DJ Febo ariko dira. Eta, batez ere, nabarmentzeko modukoa da Mikosis taldeak emango duen kontzertua. Gernika-Lumoko (Bizkaia) musika talde bat da, emakume musikariz osatua, eta punka, post-punka eta rock alternatiboa uztartzen dituzte. Taldearen Kontrol barik EPak harrera beroa izan zuen.
Igandean amaituko dituzte Bilbo Zaharreko jaiak. Paella eta tortilla lehiaketarekin hasiko dute eguna; biltegi herrikoia egingo dute, Asetun. Bazkalostean, 16:00etan, mus lehiaketa egingo dute. Beroari aurre egiteko, ur festa egingo dute 18:00etan. Auzoko argazki antifaxista aterako dute 20:00etan. Eta 20:30ean, jaiei amaiera emateko, lehiaketen sariak banatuko dituzte.
Jaien antolatzaileak «pozik» daude azken urteetan egiten ari diren lanarekin. «Gaur egun, Bilbo Zaharreko jaiak auzoko jai herrikoiak dira, non adin guztietako kuadrillek eta mota guztietako eragileek lan egiteko, gure aldarrikapenak kalera ateratzeko eta ondo pasatzeko lekua dugun». Argi dute herri jaiak ezin direla aldarrikapen politikoetatik banandu. «Guretzat jaiak beti izango dira emakume langilearen zapalkuntzaren, Poliziaren kontrolaren eta errepresioaren aurkako aldarrikapenak egiteko gunea, baita palestinarren erresistentziari elkartasuna eta euskal presoei babesa adierazteko gunea ere».