Bostehun urte beteko dira datorren urtean Ordizia sutu eta txikituta gelditu zenetik. 1512ko martxoan gertatu zen hura, eta horri buelta ematen laguntzeko, zergarik ordaindu gabe asteazkenero azoka egiteko baimena eman zioten herriari, Joana Eroa erreginaren izenean, urte bereko maiatzean. Errege bidea handik pasatzen zen, eta, beraz, komeni zitzaien herri haren ekonomia sendo egotea. Ezin esan eraginik izan ez zuenik erabaki horrek; ez behintzat, Leire Arandia D'elikatuz elikadura eta gastronomia zentroko arduradunaren esanetan: «Azokarik ez balitz, agian, Ordiziarik ere ez litzateke egongo gaur egun».
Ia 500 urtean aldaketa asko izan ditu azokak, baina, bilakaerak bilakaera eta azokak azoka, oraindik ere tinko eusten dio asteazkeneroko jardunari. 500. urteurrenaren harira ospakizun eta ekimenak antolatuko dituzte. Batzorde bat sortu dute guztia aurrera atera ahal izateko, eta D'elikatuz-ek hartu du koordinatzeko ardura. Izan ere, «azokagatik dago Ordizian D'elikatuz, eta esan liteke horregatik hartu dugula ardura». Haiek diotenez, erreferente da Euskal Herriko gainontzeko azokentzat. «Gaur egun, oraindik ere baserritarrek Ordiziako azokako prezioak hartzen dituzte erreferentziatzat», dio zentroko arduradunak. Hori ikusita, haien asmoa aurrerantzean azokari bere horretan eustea da.
Berezitasunak
Asteazken goizetan gainontzeko egunetan egon ohi ez den giroa nabarmentzen da Ordizian, Arandiak dioenaren arabera. «Asteazkenak beste egunekin ez du zerikusirik izaten». Baserriaren eta kalearen arteko lotura adierazten du azokak, eta jendea bereizgarri horrek erakartzen du. Hala ere, ez da azokak daukan berezitasun bakarra hori; izan ere, kokagunearen eta egituraren berezitasuna ere azpimarratzen du. «Plazak daukan egitura desberdinak jendea harritu egiten du, baita dauzkan zutabe handiek ere. Eta, nola ez, bere erreferentzialtasunak asko bereizten du».
1860an Ordiziara trenbidearekin batera trena iristeak bultzada handia eman zion hango merkatuari. 1925. urtean, berriz, oraingo estalpe esanguratsua eraiki zuten azokarentzat. Urte batzuk geroago, industrializazioa eraman zuten herrira enpresariek, eta horrek ere bezero gehiago lortzen lagundu zion azokari. «Bertan hain azoka garrantzitsua izateak industria inguru hauetara ekartzean zerikusirik izango zuela pentsa dezakegu. Bere garaian eskualdean garrantzi handia zeukan, eta bertako hiriburua zela ere esan liteke. Inguruko herri askok menpekotasun handia baitzeukaten». Industria gizonek beren interesei begira jarriko zituzten azpiegiturak bertan, baina azokak ere asko irabazi zuen, urteekin garatu zen industriak bultzada ona eman baitzion.
Gaur egungo bizimodu aldaketaren eraginez aldatu egin da egoera hori, ordea. «Ohiturak aldatu dira; jendeak denbora eta interes gutxiagoa dauka azokara joateko erosketak egitera. Bikote batean, biek egiten baldin badute lan, inor ezin izaten da asteazken goizean azokara joan erosketak egitera».
Itziar Etxeberria Ordiziako baserritar bat da, eta asteazkenero hango azokan ibiltzen da, saltzaile lanetan. Haren ustez, alde batetik lehentasuna beste komertzio handiago batzuei ematen zaie. Beste alde batetik, berriz, ez du erraztasunik ikusten azokara autoan joateko: «Jendea gerturatzen da, agian. Baina, aparkatzeko lekurik ez daukalako, ez da ausartzen autoa gaizki uztera, isuna jarriko diotelakoan, eta orduan, beste norabait joaten da. Erraztasunak eman beharko lirateke autoarekin sartu eta ibiltzeko. Hala ere, krisiak asko eragin duela esan genezake».
Irudi aldaketa
Horren guztia ikusirik, eta azokak bost mende betetzen dituela eta, irudi aldaketa bat prestatzen ari da D'elikatuz. Beherakada dela eta, beharrezko ikusi dute «azoka garai berrietara egokitzea». Azken urteetan azokari buruzko azterketak egin diren arren, «inertziaz ari da mantentzen», Arandiaren ustetan. Horri aurre egiteko, jendea azokarekin eta aipatutako balioekin identifikatzea nahi dute.
Webgunea berritzen hasi dira dagoeneko. «Jendeari azoka etxetik ikusteko aukera eman nahi genion». Momentuko produktua zein den eta garaian garaikoa kontsumitzeak ze onura dakartzan ere erakutsi nahi dute horrekin guztiarekin. «Hemen garrantzi handia ematen diogu hemengo eta garaiko produktuak kontsumitzeari; izan ere, balio horiek galtzen ari dira». Ekoizlearekiko nolabaiteko harreman zuzena ere sortu nahi dute. «Baserritarrentzat, onuragarriagoa da hori; bitartekaririk gabe saltzea, alegia».
Urtearen amaierara begira, Ordiziako azokak daukan garrantzia agerian utziko duten hitzaldi batzuk antolatzeko asmotan dira. Datorren urteari dagokionez, berriz, hilabete bakoitza produktu batekin lotuko dute. Garaiarekin bat datorren produktu bakoitzari lotutako programa bat landuko dute hilabete bakoitzean, garaian garaiko kontsumoaren ideia jendeari transmititzeko. Turismo aldetik erakargarria dela ere konturatzen dira, eta aurreratu du gastronomiarekin lotutako hileroko programa bat ere prestatuko dutela.
Azokako erosketak Internetez
Jendeari bertan erosteko erraztasunak emateko ekimenak ere ari dira martxan jartzen. Horietako bat Ni Ere Azokara kanpaina da. Azokara joateko aukerarik ez daukatenentzako zerbitzua da. Kasu horietan, Internetetik eskaria egin eta D'elikatuz-ek egiten dizkie erosketak azokan, eta arratsaldean prest izaten dituzte eskaera egin duenarentzat. «Arrakasta handia ari da izaten, eta gainontzeko herrietara zabaltzea ere nahiko genuke. Horrekin, gainera, erreferentzialtasunari eutsiko genioke, eta azokak indartu egingo lirateke».
Arandiak dio azokaren indarberritzean herriko ostalari eta saltokiek ere parte hartzea nahi dutela. Eguerdian dendak irekita egotea nahiko lukete, azoka itxi gabe eduki ahal izateko. Argazki liburu bat argitaratzeko proiektu bat ere badaukate. Baina oraindik ere «aurreratzeko goiz» dela dio, eta bigarren seihilekorako ia programazio dena zehaztuta edukiko dutela.
Etxeberria azokako saltzaileak dio urtemugako ospakizunei dagokionez ez dakiela askorik prestaketez, baina publizitatea egitea ongi dagoela deritzo. Hori bai, «uste dut kalitate ona eskaintzeak, produktuak probatzeko emateak edo prezioak garestiegi ez jartzeak zein horrelako gauzek eragiten dutela jendearengan. Orain arte horrela ibilita nahiko ongi doakigu Ordizian, eta horrela jarraituko dugu». Horrekin batera, hala dio urteurrenaz galdetutakoan: «Datorren urtean 500. urtea izango da, baina hurrengoan 501.a, eta guk berdin berdin segitu beharra daukagu gure kontribuzio zein zergak ordaintzen; horri dagokionez bai jarriko dizkigutela trabak».
Ezarian. Ordiziako azoka
Bostehun urtean hutsik egin gabe
Ordiziako asteazkeneroko azokak 500 urte beteko ditu datorren urtean. Hori aitzakia hartuta, azoka indarberritzeko helburuarekin, hasi dira ospakizunak prestatzeko lanekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu