Bretoiera(z) ereiteko

Bretoierazko murgiltze ereduko diwan ikastetxeen aldeko manifestazioa egin dute Roazhonen. Bertan izan dira, besteak beste, AEK-ko eta Korrikako arduradunak, babesa adierazteko.

 AEK-ko, Korrikako, La Passemeko eta Ar Redadegeko ordezkariak, gaur, Roazhonen. BERRIA
AEK-ko, Korrikako, La Passemeko eta Ar Redadegeko ordezkariak, gaur, Roazhonen. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
Roazhon
2025eko maiatzaren 17a
19:02
Entzun 00:00:0000:00:00

«Baina zer dago hemen, Korrika?». Galdea egin du gizon batek, euskaraz. Arreta pizten du Roazhongo (Rennes, Bretainia) kaleetan AEK-ko eta Korrikako dozena erdi bat bandera ikusteak. Ez, Korrikarik ez, baina gaur eguerdian bazen Roazhonen hizkuntza gutxituen aldeko beste egitasmo bat: bretoierazko murgiltze ereduko diwan ikastetxeen aldeko manifestazioa egin dute ehunka lagunek; bertan izan dira AEK-ko eta Korrikako arduradunak ere, Okzitaniako La Passem eta Bretainiako Ar Redadeg Korrika ahizpetako ordezkariekin batera —okzitanieraren eta bretoieraren alde egin ohi dituzten lasterketak dira, Korrikaren antzekoak—.

«Oso garrantzitsua iruditzen zaigu hemen egotea bretoieraren alde eta bretoieraz ikasteko eskubidearen alde»

MAIALEN BEGIRISTAIN AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kidea

Egun, hauxe da diwanen sarearen —euskaraz erein esan nahi du— argazkia: 46 ama eskola, sei kolegio eta bi lizeo dituzte. Bretoierazko murgiltzean ikasteko aukera bakarra da; gainerako ikastetxeak, gehienez ere, elebidunak dira. Dena dela, salatu dutenez, ez dute hizkuntza transmititzeko baliabide nahikorik, ezta Frantziako Gobernuaren babes nahikorik ere; ez diwanek, ez bretoierak berak. Hortaz, izan dute manifestazioan zer aldarrikatua: sostengua diwanentzat eta ofizialtasuna bretoierarentzat.

Gutxituen aldeko hautua

Baliabide nahikorik ez edukiagatik ere, urtero-urtero ehunka gurasok egiten dute diwanen aldeko hautua, bretoiera eta bretoieraz ereiteko hautua. Horietako bat da Eider Gaubeka. Manifestazioa hasterako, Korrikako eta AEK-ko banderak ikusi orduko, zuzen-zuzenean gerturatu da. «Nire semea diwan batean dago», azaldu du. Gaubeka Bilbon jaioa da, baina urteak daramatza Bretainian, «familia kontuak» tarteko. «Esan nuen: ‘Nire semeak, beharbada, ezingo du ikastola batean edo eskola publiko batean ikasi’». Euskaraz ez, baina bretoieraz ikasten du. Garrantzitsua iruditzen baitzaio Gaubekari nork bere herrialdeko hizkuntza ikastea: «Sustraiak Euskal Herrian ditu, baina hemen integratzeko modu bat bada hemengo hizkuntza ikastea». Eta diwanei sostengua adieraztera, «indarra» ematera, joan da manifestaziora, oso gustura baitago hartutako erabakiarekin: «Semea izugarri kontent dago; beti eskolara joan nahi du, ez du diwana utzi nahi: diwanean ikasi nahi du».

«Semeak Euskal Herrian ditu sustraiak, baina hemen integratzeko modu bat bada hemengo hizkuntza ikastea»

EIDER GAUBEKADiwan bateko gurasoa

Aldarrikapen beraren bueltan, ehunka pertsonak zeharkatu dituzte Roazhoneko kaleak bi ordu inguruan. Tartean izan dira AEK-ko eta Korrikako arduradunak ere. Goizean, bilera bat izan dute, La Passem eta Ar Redadeg Korrika ahizpetako ordezkariekin elkarlana sustatzeko, eta, horren ostean, bat egin dute diwanen aldeko protestarekin. AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko Maialen Begiristainek argi du: «Bretoieraren alde eta bretoieraz ikasteko eskubidearen alde hemen egotea oso garrantzitsua iruditzen zaigu». Gainera, nabarmendu du hizkuntza gutxiagotuen artean sare bat ehuntzeak «garrantzi handia» daukala, «elkarri laguntzeko, elkarren bozgorailu izateko». Eta, horrenbestez, ereiten jarraituko dute, euskaraz, bretoieraz nahiz okzitanieraz, fruituak ernal daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.