Bretoieraz eta atseginez. Hau da: Brezhoneg ha plijadur. Lelo horren pean aterako dira korrika gaur goizean Brest hiritik. Herrialdea osatzen duten bost departamentuak gurutzatueta 1.500 kilometro egin ostean, Douarnenezen amaituko dute bretoieraren aldeko lasterketa, hurrengo larunbatean, hilaren 19an. Helburua lasterketaren tamainakoa da: gizarteari bretoiera bizirik dagoen hizkuntza bat dela erakustea.
Hizkuntza gutxituen alde korrika egitea ohiko gauza bilakatu da azken urteetan. Hizkuntzaren alde egiteko modu hori aski ezaguna da Euskal Herrian. Hizkuntza gutxituen aldeko eragile ugarik Euskal Herriko Korrikaren eredua hartu eta euren lurraldeetara eraman dute.
Bretoieraren aldeko festa da Ar Redadeg, eta bi urtean behin ospatzen dute. Lasterketa esan nahi du hitz horrek bretoieraz. Lasterketa hirugarren aldiz antolatu dute aurten. Lehena 2008an egin zuten, etaurtetik urtera parte hartzaile gehiago atxikitzen joan zaizkio ekitaldiari. Kilometro kopuruan ere goranzko bilakaera izan du probak. Lehenengo aldian, 600 kilometroko ibilbidea prestatu zuten, esperientziarik ez zutela eta. Orain bi urte, berriz, apustua bikoiztu eta 1.200 kilometro egin zituzten sei egun eta bost gauez, etengabe korrika. Oraingoan, 1.500 kilometro egingo dituzte bretoierak bizi behar duela aldarrikatzeko.
Bizirik dirauen hizkuntza
«Zailtasun ororen gainetik bretoiera bizirik dagoela erakutsi nahi dugu, jai giroan». Horixe da, hain zuzen, Ar Redadegen helburu nagusia, Jean Michel Sasanner egitasmoaren antolatzaileetako baten hitzetan. Korrikaren antzera, ibilbideko kilometroak salgai jarri dituzte, banakoek, elkarteek, erakundeek eta enpresek eros ditzaten.
Gizartean bretoieraren lekua eta erabilera bermatuko dituzten proiektuak diruz lagunduko dituzte kilometro, elastiko, itsasgarri eta bestelako objektuen salerosketatik ateratako etekinekin.
Antzekotasun handia dute Korrikak eta Ar Redadegek. Bretoieraren aldeko lasterketaren anaia nagusia litzateke euskararen aldekoa. Korrikaren antolatzaileen laguntza eta aholkuak jaso zituzten aurreko aldietan Bretainiako antolatzaileek. Aldi honetan ere euskal ordezkariek ez dute hutsik egingo. Korrika eginez bretoiera babestera 50 bat lagun joan dira Euskal Herritik. «Korrikaren ezaugarri guztiak hartzen saiatu gara, guretzat hura baita jarraitu beharreko eredua», azaldu du Jean Michel Sasannerrek.
Korrikaren gisara, Ar Redadeg etenik gabeko lasterketa da. Gau eta egun, hizkuntzaren garra ordezkatzen duen lekukoa pasatuko diote elkarri, eskutik eskura. Herrialdeari bira eman, eta herriz herri jai giroan aldarrikatuko dute bretoieraren presentziaren beharra. Montroulez (Morlaix), Sant-Brieg (Saint-Brieuc), Sant-Malou (Saint-Malo), Roazhon (Rennes), Naoned (Nantes), Gwened (Vannes), An Oriant (Lorient), Rostrenen, Rosporden, Carhaix etaCrozon hirietatik igaroko da Ar Redadeg. Lasterketa Douarnenezen amaituko dute, festa handi batekin.
«Ar Redadeg antolatu genuen lehen aldian, jendea asko harritu zen egitasmoak izan zuen arrakastagatik», gogorarazi du Sasannerrek. Bigarrenean, kilometro kopuru bikoitza egin zuten, eta Sannerrek aitortu du antolakuntza aldetik «nekagarriagoa» izan zela.
Lehen aldi hartan, 10.000 lagunen sostengua izan zuten lasterketaren 600 kilometroak betetzeko. Gaur hasi den lasterketan zenbatek parte hartuko duten ezin daiteke jakin, baina aurreko bi aldietako kopurua gainditzea espero dute.
Ataka larrian
Indoeuropar hizkuntza da bretoiera, hizkuntza zelten multzokoa. Bretoieraren egoera ez da ona. 180.000 lagun inguruk hitz egiten dute, eta hiztun horien hiru herenak, gutxi gorabehe- ra,60 urtetik gorakoak dira. Belaunaldi berriek hizkun- tza ikasi ezean, hizkuntzaren iraupena arriskuan egongo da. Egoera iraultze aldera, indar handia jartzen ari dira hezkuntzan. Egun, 15.000 haur inguruk ikasten dute bretoiera eskoletan. «Gero eta guraso gehiagok hartzen dute euren haurrak bretoieraz hezteko erabakia», dio Sannarrek.
Hizkuntzaren egoera larria bada ere, Ar Redadeg bezalako ekitaldiak komunitatearen zentzua indartzeko eta etorkizunari baikortasunez begiratzen laguntzeko baliagarria zaie. «Bretoierak duen lekua mugatua da oso, eta asko kostatzen ari zaigu egoera iraultzea. Baina, oztopo handiak gainditu behar baditugu ere,aurrera egingo dugu».
Bretoieraren alde ere, korrika
Brest hirian hasiko dute bretoieraren aldeko lasterketa, Ar Redadeg, gaur. Zortzi egunez herrialdea zeharkatu eta 1.500 kilometro egin ostean, Douarnenez herrian festa handi batekin amaituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu