Bruselako nerabeen bizipen sozial eta emozionalen ispilu

Series Mania jaialdian estreinatu zenetik laudorioak jasotzen ari da etengabe 'Putain' telesail belgikarra. Ekoizpenak familia-harremanen pitzadurak, nerabezaroko prekaritatea eta adiskidetasunaren indarra modu sakon eta sentikorrean aztertuko ditu.

gaizka izagirre
2026ko otsailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi euroko txanpon batek lurra jotzean ateratzen duen soinuarekin batera, putain da telesailean entzuten den lehen hitza. Eta ez da azkena izango. Elkarrizketetan etengabe agertuko da, zipriztin moduan, Belgikako ekoizpen honen tonua hasieratik bertatik finkatuz. Literalki puta esan nahi du, baina frankofonoentzat eguneroko amorru txikia askatzeko balio duen adierazpena da, frustrazioaren oihartzun laburra, sarri erabiltzen duten iraina.

Gigi (Liam Jacqmin) izango da Putain telesailaren narrazioaren ardatza, Bruselan bizi den gazte bat. Haren ama, AnaĂ¯s, bikotekide ohiarekin dabil berriro; iraganean erlazio bat ez ezik, droga-mendekotasuna ere partekatu zuten. Gigik, ordea, muga argia jarriko dio: semea edo maitalea. AnaĂ¯sek ez du aukeratu nahi, eta Gigik etxetik alde egingo eta lagunengana joko du, gizarte hotz eta errukigabe batean bere bidea urratzeko ahaleginean. 17 urterekin, barruan daraman minak etengabe egingo du eztanda ingurukoekin dituen harremanetan.

Telesaila ez da begirada bakar batera mugatuko. Ia pertsonaia nagusi guztien barrura sartuko da, eta atal bakoitzean norbait berria gurutzatuko da Gigiren bidean. Rania, Zola, Yves eta Snokkiek osatzen dute protagonistaren inguruko taldea. Horrela, Bruselako kaosaren erdian bizirauten ikasteko modu desberdinak josten dituen erretratu koral bat osatuko da, zaratatsua bezain gizatiarra.

Deben Van Dam zuzendariak eszenaratze neurritsu baina urduria erabiliko du. Emozioen azpimarra saihestuko du, eta gorputzetan, begiradetan eta isiluneetan jarriko du konfiantza. Kamera pertsonaiengandik oso gertu mugituko da, ia haien espazioa inbaditzeraino, eta horrela etengabeko itolarri eta zaurgarritasun sentsazioa indartuko du. Ez dago distantzia ironikorik, ezta miseria edertzeko borondaterik ere: Putain-ek aurrez aurre begiratzen die pertsonaiei, baina morborik gabe.

Rap ukituak dituen soinu-banda urbanoak ez du soilik kontakizuna laguntzen; egituratu ere egingo du, protagonisten barne-gatazkak eta emozioen luzapen modukoa bihurtuko da. Pertsonaiek hitzez esaterik lortzen ez dutena adierazteko bitarteko gisa erabiliko da.

Familia disfuntzionalak, nerabezaroko prekaritatea eta adiskidetasunaren korapiloak ardatz hartuta, ekoizpen belgikar honek La Haine (Mathieu Kassovitz, 1995) edota Kids in Crime (Kenneth Karlstad, 2022) lanen oihartzunak ekarriko dizkio gogora ikusleari; neurri batean, Euphoria (Sam Levinson, 2019) telesailaren arnasa ere antzematen da. Erreferentzia horiek abiapuntu gisa erabilita, baina ahots propioa eraikiz, Putain-ek gaur egungo gazteriaren ezinegon sozial eta emozionala erretratatzen du, gordinki eta apaingarririk gabe.

Zauri pertsonaletatik sortua

Zwangere Guyk —Gorik van Oudheusden rap-kantari flandriar arrakastatsuak— izan zuen ideia telesailaren abiapuntua sortzeko, eta hortik hasi zen gidoia idazteko prozesua. Berak antzezten du, gainera, Gigiren aitaren rola, eta antzekotasun nabarmenak daude bere eta protagonistaren artean: 14 urterekin etxetik alde egin, eskola utzi eta eraikuntzan lan egin zuen. Horrela, fikzioa eta autobiografia uztartuko dira kontakizunaren oinarrian. Ekoizpenak, gainera, aitortza garrantzitsua jaso zuen Series Mania jaialdi entzutetsuan: Panorama 2025 sailaren epaimahaiaren aipamen berezia.

'PUTAIN'

  • Sortzailea. Deben Van Dam. Herrialdea. Belgika.
  • Urtea. 2024.
  • Aktoreak. Liam Jacqmin, Felix Heremans, Gorik Van Oudheusden.
  • Non ikusi. Filmin. Atal bakoitzaren iraupena. 35 minutu.
  • Generoa. Drama.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.