«Bu!» ere esaten ez duten mamuak

Teknologiek harremanak eraldatu dituzte, eta horren erakusle da 'ghosting'-a. Adituen arabera, jendeak gatazkak kudeatzeko dituen zailtasunen ondorio da praktika hori, baina harreman toxikoetatik ihes egiteko estrategia gisa ere aipatu dute.

ZALDIEROA
ZALDIEROA
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zertarako ezagutu dibertsioa soilik?/ Pertsona bat egiteko gai/ desegiteko ere bai./ Mamu bat joan den bezala/ izara dugu zain» dio Marte Lasarteren Anek ezagutzen zaitu abestiak. Zuri ere alde egin dizu Anek? Zuri ere gertatu zaizu halakorik? Harreman bat hasi, eta, bat-batean, abestian Anek egin bezala, bestearen berririk gehiago ez izan. Arrotza egingo zaio gertakaria inoiz ghosting (mamuarena egin, ingelesez) fenomenoaren berri izan ez duenari. Arrotza egingo zaio, bai gertaera, baita izena bera ere; baina uste baino «ohikoagoa» da. Eta haren inguruan dagoen ikuspegi ezkorra ezbaian ipini dute adituek, «norabide ezberdinetan» gerta baitaiteke.

Baina zer da ghosting-a? Izaskun Alvarez psikologoak sinpleki azaldu du: «Harreman baten bat-bateko etena da, alde bakarrak erabakia, non beste aldeak azalpenik jasotzen ez duen». Beste modu batera esanda, aditu batzuek «isiltasun teknologiko» moduan ere deskribatu izan dute. Baina EHUko soziologia graduko Asier Amezaga eta Daniel Muriel irakasleek erantzukizuna kendu diote teknologiari, eta gizarteari egotzi diote, ez baitituzte hain muga zurrunak ikusten bien artean. «Teknologia eta gizartea ez dira gauza bakartuak, ezta bereiziak ere. Teknologiak gizartea dira», adierazi dute biek. Eta horren adibide gisara azaldu du Amezagak sare sozialen erabilera: «Sare sozialak teknologiaren bitartez erabiltzen ditugu, bai, baina bertan egiten ditugun interakzioak gehiago baldintzatzen dituzte protokolo sozialek protokolo teknologikoek baino». Alvarezek horixe bera gaineratu du: «Teknologiak ez du bazterketa sortu, baina harremanak izateko moduak eraldatu ditu».

Murielek berak azaldu du bi aldagaik eragiten dutela ghosting-a: «Alde batetik, etengabe konektatuta egoteko presioa dago, etengabe emankorrak izateko presioa. Produktiboak izateko —lantokian eta hezkuntzan— eta ez izateko —aisialdian eta espazio pertsonalean— eremuen mugak lausotu dira. Horrek antsietatea eragiten du, eta, antsietate horrek eraginda, jokaera saihesleak sortzen dira. Ondorioz, denbora hartzen da jasotako mezuari erantzuteko, edo zuzenean ez da erantzuten. Eta horrek antsietatea eragiten dio elkarrizketaren beste aldean dagoenari. Horrez gain, gaur egun hegemonikoak dira politika neoliberal arrazionalak, eta horiek indibidualtasuna eta norberak nahi duena egitea sustatzen dute, baina, aldi berean, enpatikoak ez diren erabakiak hartzea ere bai. Bi faktore horiek konbinatuta sortzen da ghosting-a». 

Amezagak, bestalde, azaldu du sarri pentsatzen dela arazoa teknologian dagoela, baina, berez, teknologia horiek erabiltzen dituen gizartearen ereduan dagoela. «Ghosting-a gertatzen da horretarako aukera dagoelako, gaur egun erabiltzen diren sare sozialek hori gertatzeko modua ematen dutelako. Eta hala izango da etorkizunean ere». Eta jatorriari erreparatu dio: «Begiratu besterik ez zaio egin behar sare sozial horiek asmatu eta diseinatu dituzten pertsonen soslaiari: guztiak dira herrialde jakin batekoak, gizonak, zuriak, aberatsak...». Adierazi du ghosting-a haiek euren nahietara sortutako gizarte ereduko dinamikaren parte dela. 

Baina zer dio psikologiak?

Definizioa eman ostean, zergatik gertatzen den adierazi du Alvarezek: «Gatazkei eta egoera deserosoei aurre egiteko tolerantzia oso txikia daukagu. Halakoei aurre egin baino lehenago, alde egiten dugu. Gainera, harreman digitalek inoiz baino errazago ipini digute bat-batean desagertzea». Gaineratu du arazoa kolektiboa dela, eta, ondorioz, ohikoa bilakatu dela horrelako egoeretan laguntza eske jotzea: «Gatazkak mantentzea arazo orokortu bat da». Eta iritzi bera adierazi du Murielek ere: «Egungo gizartearen bizikidetzan txertatuta dagoen praktika bat da ghosting-a; ez da zerbait pertsonala». Gakoa hortxe dagoela azaldu du psikologoak: «Gatazka ez da txarra; deserosoa izan daiteke, noski, baina ez da txarra, eta, horri aurre eginez gero, harremana sendotuagoa irtengo da».

Baina zergatik egiten du min? Psikologoak doluarekin alderatu du ghosting-a: «Harreman bat galdu ostean, etetearen arrazoia dena delakoa izanda ere, dolu bat gertatzen da. Eta, dolu prozesu horretan, azken itxiera batek asko laguntzen du. Baina, jakina, azken itxiera emozional hori gertatzeko azalpenak behar dira; eta ghosting-aren kasuan, azalpen hori jasotzen ez denez, mingarria izan daiteke, eta norberak bete behar du azalpenaren hutsunea».

Mingarria da; orduan, zilegi al da inoiz? Uste orokorra da ghosting-a inoiz ez dela bidezkoa. Alvarezek eta Amezagak, ordea, auzitan ipini dute uste hori. Baina nola izan daiteke zerbait ona bat-batean desagertzea, besteari azalpenik eman gabe? Bada, gakoa harreman motan dago. Alvarezek, esate baterako, iritzi dio estrategia «osasungarria» izan daitekeela: «Beste ikuspuntu batetik begiratuta, ghosting-a estrategia osasungarria izan daiteke harreman toxiko batetik edo botere dinamikak finkatuta dauzkan harreman batetik ihes egiteko». Gauza bera iritzi dio Amezagak ere: «Testuingurua ulertu behar da, ghosting-a norabide askotan gerta baitaiteke: goitik behera, indarkeria moduan, zein behetik gora, babesteko estrategia gisa». 

Murielek adierazi duenez, ghosting-a egiteko funtsezkoak dira gaur egungo sakelakoen pantailen arteko distantzia: «Pantailek ez dute ghosting egitea sustatzen, baina hori egiteko modua ematen dute». Horregatik da gaur egun ohikoa fenomeno horren berri izatea, baina Amezagak azaldu du antzeko praktikak aspalditik izan direla, eta AEBetako viktoriar garaia aipatu du: «Ghosting-a ez da fenomeno berria. Orain pantailen distantzien bitartez egiten da, bai, baina historian beste modu batzuk baliatu dira. Esate baterako, viktoriar garaian, burgesia gutunen bitartez komunikatzen zen, eta horretarako euren zerbitzariak erabiltzen zituzten. Bada, emakume batzuek bitartekari bat erabiltzen zuten bestearen mezua ez erantzuteko estrategia gisa». Hau da, lehen zerbitzariak erabiltzen ziren horretarako, eta orain, berriz, teknologia. Horrez gain, beste adibide bat ipini du, 1970eko hamarkadako AEBetako emakumeak aipatuta: «1970eko hamarkadan, bakarrik bizi ziren emakumeak «eskuragarri» gisa ikusten zituzten gizon askok, eta etxera deitzen zieten. Emakume horiek telefono dei bat ez hartu ostean agertzen diren mezuak erabiltzen zituzten euren burua babesteko».

Saihesteko neurriak

Kontu berria ez bada ere, oraindik hari aurre egiteko moduak ez daude oso argi. Har daitezkeen neurriak bi motatakoak izan daitezke: ghosting-a gertatu aurretik har daitezkeenak, eta gertatu ondoren har daitezkeenak. Lehenengoei dagokienez, sare sozialak erabili aurretik haiek erabiltzeari buruzko formakuntzak eskaintzea egongo litzateke, baina neurri horrek ez du Muriel erabat asebetetzen, iradoki baitu erabiltzaileei formakuntzak eskaintzea ardura guztia haien gain ipintzea izango litzatekeela. Arreta pertsona bakoitzaren gainean ipini aurretik, beste norbaitzuena da ardura: «Ezer debekatu aurretik, hezkuntzara joko nuke. Azken finean, sakelakoak eta sare sozialak ez dira fenomeno berriak, eta, berez, erabiltzeko gai izan beharko genuke. Halere, erabiltzailea jopuntuan jarri aurretik, erantzukizuna egotziko nieke zuzenean sare sozial horiek kudeatzen dituzten enpresa handiei eta multinazionalei». Izan ere, Amezagak aurretik aipatu moduan, profil jakin batek sortutako aplikazioak dira, eta profil jakin horren ardura dira haien sorkuntzek eragiten dituzten dinamikak.

Eta jada atzera-bueltarik ez duenean? Zer egin halako egoera batean murgilduta egotean? Ez da erraza, ez. Baina gakoa Alvarezek aurretik azaldutakoan dago: gatazken kudeaketaren tolerantzian. Hobeto esanda, tolerantzia apalean. Eta egitekoa zehatza da: «Gatazkaren aurrean, talde moduan mantendu, ez alde egin». Funtsa komunikazioan dagoela aitortu du, eta, horretarako, alboan dagoena entzuteko gai izan behar da, eta ez edonola entzuteko, baizik eta «enpatiaz eta errespetuz»: «Gatazkei eta egoera deserosoei aurre egin behar zaie, eta, hori egiteko, alderdi batek besteari galdetu beharko lioke: 'Nola sentitzen zara ondoez hau dagoenean?'. Eta hortik ateratako erantzunekin egin behar da aurrera».

Ghosting-a ohikoa bihurtu da, eta aurrerantzean ere hala izango dela adierazi dute bi soziologoek: «Berrikuntzak inertziaren kontra gertatzen diren ekintzak dira, eta aldaketak egonkortu diren berrikuntzak dira, geratu direnak. Ghosting-a gero ere gertatuko da horretarako aukera dagoelako, eta egongo delako». Hau da, ghosting-a luzerako etorri dela, Ane bezala beste asko desagertuko direla, eta izarak zain geratuko direla. Bada, azken gomendio modura, Murielek praktika hori kudeatzeko gako bat eman du: «Ghosting-a ez denez arazo pertsonal bat, jada gizartearen dinamiken parte denez, gomendagarria da bi aldeek parte hartzen duten harremanetan ipintzea arreta, eta, nolabait, ghosting-ari ghosting egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA