Bufanda eta eskularru arteko festak

Santu Guztien Egunetik inauterietara hamaika ospakizun egiten dira Euskal Herrian. Eta hamaika dira jai horietan neguko hotzetik ihes egiteko dituzten moduak ere. Festa bakoitzak gorputza berotzeko eta umorea alaitzeko bere modua du.

2023ko Bilboko Olentzero eta Mari Domingiren desfilea, bufandaz eta jakaz lepo. ARITZ LOIOLA / FOKU
2023ko Bilboko Olentzero eta Mari Domingiren desfilea, bufandaz eta jakaz lepo. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguraldiak erabat baldintzatzen du umorea askotan. Eta, aldi berean, umoreak erabat baldintzatzen ditu ospakizunak. Udan nekez aurki daiteke festarik gabeko egun bat: egunero bada zer ospatua Euskal Herriko herriren batean. Eta horretan asko eragiten du eguraldi onak. Izan ere, neguan bestela izaten da. Tenperatura hotzak eta eguraldi grisak jendea goibeldu egiten du, eta, horregatik, konturatu ala ez, urte amaierako eta hasierako eguraldi txarrak eragina du festetan.

Udako berotasunaren falta modu askotan islatzen da neguko jaietan: ohartu gabe —edo ez— gorputzak berotzen dituzten jardueretan, paisaien koloreetan edo festen garrantzian, besteak beste. Urtearen azken urtaroan egiten dira festa esanguratsu batzuk, baina garrantzitsuenak eta leku gehienetakoak udan izaten dira.

Urtaro bakoitzak bere kolore paleta du, eta neguak ere bai. Oraindik neguan sartu gabe, baina haren aurrekari moduan, azaroaren 1ean Santu Guztien Eguna ospatzen da Euskal Herrian. Bitxia da Mexikorekin, Ozeano Atlantikoaren beste aldean dagoen herrialde batekin alderatzea, izenak berak ere ezberdinak baitira: Santu Guztien Eguna hemen, eta Hildako Guztien Eguna han. Euskal Herrian, hildakoari negar egitea ez litzateke arrotza izango; Mexikon, ordea, kantatu egiten diote hildakoari. Bi herrialdeen arteko aldea nabarmen ikusten da kromatismoan ere. Mexikon kolore biziak nagusitzen dira hildakoei eskainitako aldareetan; Euskal Herrian, berriz, egunaren kolorea nahiko beltza izan ohi da toki askotan.

(ID_15475807) ESPAÑA DIA DIFUNTOS
Barakaldoko (Bizkaia) kanposantua aurtengo Santu Guztien Egunean. EFE

Udaren aldean, eta elurraren kolore zuri bizia eta Gabonetako argi distiratsuak alde batera utzita, negua tonu apalagoekin lotu ohi da. Janzkerari begiratzea nahikoa da. «Udako arropak» kontzeptua aditzean bururatzen diren arropak koloretsuak izan ohi dira: atorra hawaiiarrak, soineko koloretsuak, estanpatuak dituzten bainujantziak eta abar. Neguko jantziak nolakoak diren jakiteko, aski da leihotik kalera begiratzea edo alboan duzun jendeari erreparatzea. Bufandak, eskularruak eta tonu ilunak nagusitzen dira, baita jaietan ere.

Kanpoan hotza, baina barnean?

Koloreez gain, bada beste zerbait neguko eta udako jaiak bereizten dituena: hotzetik ihes egiteko egiten diren ekintzak. Udako beroaldiak gainditzeko, aukera duenak bainu bat hartzen du hondartzan edo igerilekuan. Bada, neguak ere baditu bere estrategiak; kasu horretan, gorputza berotzeko, nahiz eta batzuetan oharkabean igaro daitekeen gorputzaren tenperatura erregulatzen dutela.

Nabarmenenak, edo momentuan bertan udako berotasuna sentiarazten dutenak, urtearen azken eta lehen egunean egiten diren bi jarduera dira. Urtetik urtera gero eta gehiago dira San Silvestre eguneko lasterketetan parte hartzen dutenak, eta, korrikaldiak eragindako gihar minetatik oraindik osatu gabe, etxe askotan tradizio bilakatu da urte berriari ongietorria mendiren baten tontorrean egitea. Urte berria gorenean hasten dute askok Uzturre (Tolosa, Gipuzkoa), Adarra (Urnieta, Gipuzkoa) eta Anboto (Araba eta Bizkaia) mendietan, besteak beste. Haietara igotzea prozesioaren pareko bilakatu da, baita gailurrera iristean salda beroa edatea ere.

Hankak mugitu gabe ere, bada beste festa bat besoek garrantzi handiagoa hartzen dutena: danborrada. San Sebastian egunean —urtarrilaren 20an— ateratzen dira azpeitiarrak eta donostiarrak danborrak astintzera. Gipuzkoako hiriburuan 24 orduz aritzen dira besoei eragiten, burrunba sortzen.

Soinuekin jarraituz, ezin aipatu gabe utzi abestea. Kantatzeak eztarria berotzen du, eta, «kantatzen duen herria ez denez inoiz hilko», neguan kantuak ere bere lekua hartzen du. Horren erakusle dira abenduaren 24a eta otsailaren 4a. Eguberri egunaren bezperan, haurrek kaleak hartzen dituzte ikastetxeetan ikasitako gabon kantak kantatuz. Eta Santa Ageda egunaren bezperan «eztarriak urratuz» ibili ohi dira asko «etxe guztiak kantuz pozten»; Berastegin eta Amezketan (Gipuzkoa), esate baterako. Eta, eztarria ez ezik, lurra ere berotzen dute. Makila eskuan, kolpez kolpe «esnatzen» dute lurra.

Udaberri, kolore bizi

Aurtengo Santa Ageda egunean Onintza Enbeitak adierazi zuenez, joaldunek joareak astintzean ere lurra esnatzeko asmo bera dute. Urtarrileko azken asteburuaren ondorengo astelehenean eta asteartean ateratzen dira Iturengo eta Zubietako (Nafarroa) joaldunak, eta haiek ematen diete hasiera inauteriei. 

Euskal Herrian oso errotuta dago mozorrotzeko ohitura, eta, joaldunek edo beste herri batzuetan kaldereroek inauterien etorrera iragarri baino lehenago ere, badira zenbait herri euren jaietan edo egun bereziren batean mozorrotzeko ohitura dutenak. Horietako bat da Ormaiztegi (Gipuzkoa). Bertako festak azaroaren amaieran egiten dituzte, eta bertara joan izan direnek bi gauza oroitzen dituzte sarri: bertan pasatutako hotza, eta mozorro eguna. Beste adibide berezi bat, Iruñea: Nafarroako hiriburuan Urtezahar gauean mozorrotzen dira, urte berria umorez hasteko.

(ID_13546655) (Aitor Karasatorre/@FOKU) 2024-01-29, Ituren. Iturengo eta Zubietako inauteriak
Iturengo joaldunak, 2024ko urtarrilaren amaieran, Iturenen (Nafarroa). AITOR KARASATORRE / FOKU

Baina mozorrotzeko «egun ofizialak» inauteriak dira, jakina. Iturengo eta Zubietako joaldunek ematen diete hasiera, eta pixkanaka-pixkanaka joaten dira Euskal Herrian barna zabalduz eta kaleak kolorez blaituz. Garai horretan sumatzen da udaberria heltzen ari dela, kolore biziak agertzen hasten baitira gutxinaka-gutxinaka.

Errutik zientziara

Tradizio judu-kristautik eratorria da jana errespetatzeko ohitura, gula bosgarren bekatu kapital izendatu zutenetik. 2004an, Hasier Etxeberriak eta David de Jorgek Sukaldean. Mila eta bat errezeta liburua argitaratu zuten, eta Bernardo Atxagak Gula izeneko testua idatzi zuen Argia astekarian, liburuaren inguruan. Bertan, kulpa sentipenaren dimentsioa azaldu zuen: «Garai batean bekatu nagusia zen gula munduan, eta hamaika izen hartzen zituen bere izate sendo eta zabalean. Euskal Herrian bertan, sabelkeria deitzen zioten batzuek, eta besteek, berriz, gormandiza edo jalekeria».

Egun, oso ohikoak dira elikadura nahasmenduak, eta Gabonetan, hain justu, asko jaten da. Termogenesi izeneko prozesuaren bitartez, gizakiaren gorputzak beroa sortzen du jaten dituen zenbait elikagairen erreakzio metabolikoen bitartez; hortaz, jatea gorputza berotzeko mekanismotzat jo daiteke.

Beraz, modu batean bufandak eta eskularruak kentzeko aitzakia izan daiteke San Tomaseko txistor mokaduak, Gabon gaueko edo Urtezahar gaueko gutiziak, edozein festatan aurki daitezkeen taloak edo San Blas eguneko erroskillak jatea, edo «salda badago» dioen kartelari men egin eta kikara bat hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.