Bultzada gazteen euskarazko sorkuntzarentzat

Gazteek euskarazko kultur proiektuak sortu ahal izateko lehiaketa antolatu du Euskara Kultur Elkargoak

Erredakzioa
2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Gazteak plazara. Izen hori jarri dio Euskara Kultur Elkargoak bere azken kanpainari, eta hori izango da haren xedea ere: sortzaile gazteei plazarako bidea erraztea. Euskarazko kultur proiektuak sustatzea du helburu, eta lehiaketa bat antolatu dute horretarako. Atzo egin zuten jende aurreko aurkezpena, Iruñean, eta Koldo Martinez elkargoko lehendakariak eman zituen azalpenak, alboan lau gazte sortzaile zituela: Oskar Estanga bertsolari eta musikaria, Ion Barbarin aktore eta dantzaria, Imanol Rayo zinema zuzendaria eta Joli Pascualena musikari eta aktorea.

Alor orotako sortzaileak, beraz, alor orotako ekimenak lagunduko dituen lehiaketa aurkezten. Izan ere, oso zabala da Euskara Kultur Elkargoak sorturiko laguntzak jaso ahalko dituzten egitasmoen zerrenda. Antzerkia, literatura, musika, ikus-entzunezkoak, arte plastikoak eta bestelako diziplinetako kideei ere bideratua dago kanpaina.

Hiru dira diru laguntzak jasotzeko baldintza nagusiak. Lehena: euskara izan behar da kultur proiektuaren hizkuntza, eta euskara izango da egitasmoa aurrera eramateko erabiltzen den komunikazio hizkuntza ere. Bigarrena: izaera juridikorik gabeko gazte taldeek eskatu ditzakete soilik. Eta hirugarrena: plazara heldu beharko da egitasmoa. 2012ko urtarrilaren 31 arte izango da proiektuak aurkezteko epea, eta 2012an burutu beharko dituzte, nahitaez.

20.000 eurokoa da aurrekontu orokorra, baina onartuko diren proiektu kopuruaren arabera zehaztuko dute egitasmo bakoitzak jasoko duen diru kopurua. Epaimahaiak onartutako egitasmoek hiru epetan jasoko dute laguntza. Diruaren %35 hartuko dute gazteek hasieran, %25 hiru hilabetera, eta %40 amaieran. Taldeek gutxienez lau kide izan behar dituzte, eta hiru kideetatik bik 15 eta 26 urte artean izan beharko dituzte. Taldekide batek adinez nagusia izan beharko du, betiere, eta hala izan ezean, adinez pertsona heldu batek hartu beharko du taldearen ardura.

Hainbat irizpide hartuko ditu kontuan epaimahaiak proiektuak onartzeko orduan. Kalitatea eta bideragarritasuna, euskara erabiltzeko ahalmena, proiektuaren interes soziala, gizarte partaidetza sustatzea, genero parekidetasuna sustatzea, eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoaren arabera doitutako aurrekontua aurkeztea. Horiek, besteak beste. EKE elkartearen webgunean dago lehiaketari buruzko informazio guztia: www.euskarakultur.org.

Tradizioa eta berrikuntza

Halako laguntzek bere ibilbidean izan duten garrantzia azpimarratu zuen atzo Iruñean Estangak: «Niri sinetsarazi zidaten sorkuntza lana benetan badela garrantzitsua gizartearentzat. Ez dela zoro baten kontua, baizik eta gizarteak behar dituela halako egitasmoak». Tradizioa eta berrikuntza aipatu zituen, bere ustez, dena ez baitago esanda. «Mila gauza daude gureak direnak, berritu behar ditugunak, eta guk berrasmatu behar ditugunak, eta laguntza bidez horretarako animoak ematea oso positiboa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.