Jon Iñaki Artetxe. Luterl taldeko kidea

«Burugogortasunagatik iraun dugu 29 urtean»

BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
Getxo
2012ko azaroaren 24a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Getxoko Komiki Azokaren hastapenetatik gaur egunera arte Ondarroako (Bizkaia) Luterl taldeak urtero eduki du erakusmahairen bat. Komikigintza sustatzen duen talde beteranoa da, duela 29 urte sortu baitzen. Hori dela eta, aurtengo azokako omenduetako bat izango da Luterl taldea, Norma argitaletxe handiarekin batera.

Omenaldi honek zer eragin dizu?

Harrotasuna. Gure jarduna aintzakotzat hartzen dela sumatzen dugu. Poztasuna ematen du, baina, era berean, apur bat lotsatuta ere bagaude.

Lotsatuta? Zergatik?

Gu herri mailako talde bat gara. Hori da gure habitat naturala, eta hortik gorantz joatea guretzat harrigarria da.

Urte hauetan guztietan komikia sustatzen aritu zarete ...

Bai, gu komikizale elkarte gisa jaio ginen. Marraztea eta komikiak egitea gustatzen zitzaigun, eta horrela antolatu genuen 1983an ekitaldi bat komikiari lotuta. Gure lanak erakutsi genituen, baita ikastetxeko ikasleen lan batzuk ere. Denak etxeko komikiak ziren, eta horiek zabaltzeko baliatu genuen. Hurrengo urtean fanzine bat ere atera genuen eta hortik aurrera komiki jardunaldiak antolatu ditugu, eta beste arlo batzuk ere landu ditugu.

Garai horietan komikigintza ez zen horren ohikoa izango.

Garai horretan, Francoren heriotzaren ondoren, komiki asko argitaratu ziren. Boom antzeko bat egon zen, baina egia esan, gure herrian lehen aldia izan zen komikigintza indartzeko ekitaldiak egiten hasi ginela. Garai horretan aldarrikatzen genuen komikia artea zela, gaur egun deitzen zaion bederatzigarren artea. Fase hori hori sobera gaindituta dago, eta gaur egun komikigintza beste arte bat da. Sormen tresnatzat hartzen da, bederen.

Zuen helburua lortu duzue?

Guk uste dugu komikigintzari prestigioa ematen aritu garela urte hauetan, eta lortu dugu. Egon dira herrian gure atzetik komikigintza landu dutenak, maila altuko marrazkilariak, gainera. Aitor Urkiola edo Kaiet Bengoetxea, esate baterako.

Eta orain onarpena iritsi zaizue.

Ondo dago, baina gure domina beste bat da: Euskal Herrian gehien iraun duen komiki taldea gara. Azken finean burugogortasuna izan da tresna, eta bidean proiektu asko geratu dira bertan behera, eta gu horien ordezkari izan nahiko genuke.

Omenaldia, gainera, Norma argitaletxearekin batera egingo dizuete.

Itzela da. Gure taldeko kide batekesaten zuen: «nik irakurri ditudan komiki gehienak Normakoak dira». Beraz, alde batetik globaltasuna omentzen dute, Kataluiniakoa izanda, Espainia mailako argitaletxe handi bat. Eurek, gainera, nazioarteko materiala ekoizten dute. Eta beste alde batetik, ekoizpen lokala omentzen dute. Bi kontzeptuak hartzen ditu, beraz, orekatua da.

Aurrera begira, zein aurreikuspen daukazue? Argitalpenen bat?

Nekeza da. Jendea etortzen zaigu galdetuz ea zerbait berria daukagun, baina egun joera oso ezberdina da. Iaz liburu bat argitaratugenuen, Azken mohikanoak hemen gaude, gaztetan egin nuen komiki bat. Hala ere, asmoak badaukagu zerbait egiteko, baina ezin ditugu urtero berrikuntzak ekarri. Pixkanaka egiten dugu lan. Baina bai, ideiak egon badaude. Burugogortasunarekin aterako dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA