Komunikazioa

'Calore kasua, lekuko babestu baten erailketa' dokumentala gaur ETB2n

Sergio Caloreren hilketa eta 'Pertur auzia' aztertu ditu Angel Amigok, zuzendutako lan berrian

Angel Amigok Donostian aurkeztu zuen, atzo, Sergio Caloreren inguruko dokumentala. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Sergio Calore Italiako Justiziako lekuko babestuaren hilketak Pertur auziaren Auzitegi Nazionalaren ikerketa eguneratu du. Fernando Andreu epaileak ikertzen duen sumarioan, orain arte gutxi aztertu diren datuak bildu dira. Eta badira hari mutur batzuk solte. Angel Amigo zinemagileak ez du etsi Pertur auziaren ikerketan, eta, 2007ko El año de todos los demonios lanaren ostean, El caso Calore, asesinato de un testigo protegido dokumentala zuzendu du orain. ETB2 kateak gaur estreinatuko du lan hori, 22:10ean.

1976ko uztailean Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETA politiko-militarreko buruetakoa desagertu egin zen. 2010eko urriaren 6an, Erroma alboko etxe batean hilik agertu zen Sergio Calore neofaxista italiarra. Itxuraz bien hilketen arteko lotura bakarra misterioa da, dokumentalaren arabera. «Baina gaur egun badakigu haien bizitzak gurutzatu egin zirela, eurek ohartu gabe. Calore, Italiako damuturik ospetsuena, berriro ere klandestinitatera pasatu zen bere kide ohien hilketak salatu zituenean. Poliziaren zerbitzura Espainiako diktaduraren amaiera aldera izan ziren hilketak salatu zituen tartean», dio Angel Amigok.

«Haren iraganak harrapatuta egon zen pertsonaia da Calore, eta bera da dokumentaleko protagonista», azaldu du lanaren egileak. «Calore izan zen, halaber, neofaxistak atxilotzeko damuturik eraginkorrena».

El caso Calore, asesinato de un testigo protegido lanak testuinguru zehatz bat azaltzen dio ikusleari, 70eko hamarkadan indar armatua erabili zuten talde neofaxisten joan-etorriak islatzearekin batera. Mikel Aramendi analista eta ikertzaileak aipatzen duenez, 1975eko udazkenetik 1977ko udaberrira, Espainian eta Euskal Herrian talde neofaxista ugari izan ziren. Haietako batzuk italiarrak ziren, eta tartean zen Calore. Dokumentalaren egileek urte haietako egoera aztertzeko Guido Caldiron idazle eta kazetaria eta Giovanni Salvi epailea elkarrizketatu dituzte, baita Lorenzo Castro UNEDeko Soziologia doktorea ere. Haien ahotsean jakingo du ikusleak Italiako talde neofaxistek egin zituzten ekintzak, eta zenbait gobernutako zerbitzu sekretuekin izandako lotura. Caldironek azaldu duenez, neofaxista haietako batzuk egun ardura politikoko karguak dituzte Silvio Berlusconiren alderdiarekin.

Dokumentalak ez du baieztapenik egiten Perturren heriotzaren inguruan. Galderak planteatzen ditu gehiago erantzunak eman baino. «Perturren desagerpenaren hipotesietako baten arabera, Espainiako Poliziak eskatuta neofaxista italiarrek hil zuten», dio Amigok. «Oraingoz ez dago akusaturik. Baina sumarioak dio gorpua agertu gabe auzia ezin dela baliogabe gelditu». 35 urte pasatu dira, baina arrastoa ez da guztiz desagertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.