«Madrilen enparantza ederrik badago,/ ederrenatakorik Espainiako Plaza./ Den-denean du jasa/ bidez, zuhaitzez, lorez,/ lerroz./ Dorre ta etxetzar ikaragarriz/ inguru iaio demasa».
Bai, baina horretan ere okerrean nengoke, agian. Ez, ordea, niretzat hala dela baieztatzean. Plaza horretan, erdi puntuan, Cervantesi eta haren kreatura bikainenei eraikitako monumentu handi bat dago. Beharbada, monumentua bera ere ez dut ikusten begirada oso kritikoz. Zertarako? Cervantes eta haren Kixote parea neure barruan dudan erara ikusi nahiago dut. Baina, hala ere, monumentuari begiratzeak ez dit trabarik egiten. Horregatik etortzen naiz maiz honantza.
Ez zaude bakarrik plaza honetan, harantz eta honantz dabiltza turista-aldrak.
Baina irri eta barre etorri eta barre eta irri aldentzen diren turista taldeok Kixoteganako jaiera benetakoa dute, zalantzarik gabe, eta, edozelan ere, erromeria santuan etorri zaizkio erromes lurralde urrutikoenetatik. Aututan diharduen hemengo jende honek Kixoteren oraindik oraintsuko ekintza eta berri zein baino zein bakanagoz dihardu, noski. Txolarre eta usoei, alabaina, ezin diet begiratu gogor ez bada, mamu irensle eta mozorro hondamen zale pila baita haien itxuraz bestaldean.
«Cervantes eta haren Kixote parea neure barruan dudan erara ikusi nahiago dut»
Zer esan nahi duzu? Zer duzu txolarre eta usoen kontra?
Kixote bere zaldian, Santxo bere astoan, Cervantes kolumna handiko jargoian... Jaitsi eta jaso takian-potiangoan ari diren txolarre eta usoek ez lukete une batez amesgaiztoko beste haien errugabeko irudi izatez beste aitzakiarik hurrean, monumentuari burutik behera hainbeste kaka egingo ez baliote, gaixook.

Cervantesi hizketan ikusi zaitugu, baina ez dakigu zertzuk esaten dizkiozun...
Hasteko, neure berri ematen diot. Esaten diot Mendatako Orbelaun basetxean jaio nintzela, 1928an. Urrikoa nintzela, hego haizea kolore hori-gorriz gure mendiarte berdeak zehar landare txiki eta handi zoragarri iziotuz sartzen denekoa. Nabarnizen ezagutu nuela lehenengo eskola-maisua, don Sixto. Osaba Eulojiok euskarazko katona eman zidala, eta don Sixtok katona hura hartu eta behin eta betiko harrika jaurti zidala. Negu alditan Arratzuko eskolara joaten nintzela, eta egundo ez niola maisu bati euskaraz ezertxo ere aditu, egun batzuetan maisu baxuto bat etorri zitzaigun arte. Nafarra omen zen. Ez dakit. Hitz batzuk euskaraz esan ohi zizkigun behintzat, eta harexen akordu apurra nuen eskolako gozo guztia.
Hurrena, eskola gehiago, eta handiagoa, jaso zenuen Arantzazun...
Baina Arantzazura joan, eta gaztelaniaz ezer ulertzen ez nuela jarraitu nuen. Aldiz, euskara maskaltzeraino ikasi nuen. Ez behingoan, hala ere! Eskolarik ez nuenez, bost urtean jardun behar izan nuen, hiru urteko ikasketak egiten! Baina, bitartean, egia da, hobeto malgortu ahal izan nuen euskara. Arantzazuko urte haietan buruz ikasi nituen Kixote liburuko zati batzuk. Marrotan [harrapaketan] jokatzen genuenean, «non fuiades, cobardes y viles criaturas, que un solo caballero es el que os acomete» (Ez ihes egin, izaki koldar ezainok, zaldun bat bakarra ari baitzaizu erasoka) esanez ibiltzen nintzen. Gustura irakurtzen nituen literaturako liburuetan ageri ziren Cervantesen zati guztiak. Oporraldi batzuetan, Kixote-ren laburpen iragazi bat ere irakurri nuen. Osorik, berriz, fraide egin eta gero irakurri nuen, teologia urteetan. Arantzazuko gau isiletan eskandalu handiak sortu nituen liburu hura irakurri ahala.
«Irakurri izan nuen ederrenetakoa izan nuen ‘Kixote’. Autoreak ez zuen alferrik hitz bat ere jarri»
«Non fuiades»-ka ibiltzen ote zinen, bada, goizeko ordu txikietan ere?
Ez. Lo orduetan irri eta barre egiten nuen gelan, eta fraide on batek behin baino gehiagotan egin zidan akar, eta nagusiengana salatuko ninduela zemaia egin ere bai; baita gela miatu ere inoiz, ea han nortzuk ote genbiltzan ikusteko. Nik han Cervantesen liburua besterik ez nuen, baina fraideak ez zuen Kixote ikusi; ezta han beste inor zegoenik ere, jakina. Auskalo zer pentsatu zuen. Fraide hark, nire barreak-eta aditzen zituenean —negarrik ez zuen aditzen—, gelapea jotzen zidan erratz kirtenaz. Halaxe, Kixote irakurtzea noizbait bukatu nuen arte. Harrezkero, ia ez nuen eskuetan ere hartu, ez gogorik ez nuelako, astirik ez nuelako baino.
Gogo onez irakurri zenuen Cervantesen liburua…
Irakurri izan nuen ederrenetakoa izan nuen. Autoreak ez zuen alferrik hitz bat ere jarri. Aurrez bizitu izan zuen hitz bakoitzaren barruko bizitza. Giza sentipenaren mila mailatakoren bat jotzen ez duen hitz bat ere ez zuen ipini liburu handi horretan. Eta, hala, ezin daiteke Cervantesen liburu hori irakur barru guztiaren asaldakuntza oso eta gozoenik gabe. Baduzu berririk Puerto Lapiceko Kixoteren eta bizkaitarraren arteko gertakuntza hartaz?
Ez, bada.
Zintzotasun eta jatortasun hain handiko bi jendeki haien agertzea bikaina eta goragarria zait. Beti ikusi izan dut Cervantes begi onez, jendeari begirune maitetsua diolako. Puerto Lapiceko pasartean, bi borrokalariak —Kixote eta bizkaitarra—, ikusten dituzu inondiko alderdikeria txikienik gabe eta bakoitzaren giza balioz berdintsuki zoraturik. Seme bezala maite ditu Cervantesek bata eta bestea, eta ez dago bataren alde bestearen alde baino gutxiago, eta bakoitzaren jokatze jatorrez berdintsu pozten da. Bata besteaganako etsai benetako bezala ere ez ditu ikusten: «como si fueran dos mortales enemigos» (Hil arteraino etsai balira bezala), baitio, adiskide zaharren arteko beroaldi pasakor bat besterik ez balute bezala guztia.

Beroaldi hutsa besterik ez ote da?
Horretan nauzu ni. Borroka-garaipena ere erdibana banatzen die: armazko borroka da, hain zuzen, bizkaitarrak galdu zuena; baina, lehenengo saioan, bizkaitarra egin du irabazle. Hor dago oraindik Kixoteren lantzari gogor heltzen diola, Kixoteren aurrez aurre oraindik «en mala lengua castellana y peor vizcaína» (Gaztelania eskasean eta are euskara eskasagoan), baina Kixoteren ulermena biziki minduz, esaten ari zaionaren punta indartsuz: «Entendióle muy bien don Quijote». (Oso ongi ulertu zion don Kixotek).
«En mala lengua castellana y peor vizcaína»...
Cervantesek berak ere sufritu egiten du bizkaitarraren ezinbesteko gaztelaniaz mintzatu behar eta ezinez, eta hala azaltzen dio irakurleari. Baina oraingo honetan irakurlea bera da pasarte horretan autoreak berak baino min askoz handiagoz sentitzen duena norberaren hizkuntzaz kanpo mintzatu behar hau, eta ez Puerto Lapicen, ez Gaztelan, norberaren herrian eta euskaldunen artean baizik. Azpeitiko Santxok adinbat gaztelania ikasi zuenerako bai luze joan zitzaiola nik dakidan hari, egunak zehar ordu bakoitza. Eta Azpeitiko Santxok adinbat ikasi zuenean, oraindik ere luzaro mintzatu behar izan zuen «en mala lengua castellana y peor vizcaína», inor askok ezer ulertu nahi ez ziolarik, ez baita Puerto Lapiceko Kixote azkar eta on hura bezalako pertsonaiarik noiznahi gertatzen nonahi.
«Gustura irakurtzen nituen literaturako liburuetan ageri ziren Cervantesen zati guztiak»
Zeure buruaz ari zara, Bitoriano. Bistakoa da...
Utzi ni neure Cervantesekikoetan konpontzen… Bizkaitarraren zenbait akats nabarmendu nahi izan zituen Cervantesek ekinaldi horretan, eta bat edo bestez ohartu nintzen: geure buruarekiko uste onegia dugu, ergelkeriaraino iristen den ustea dugu geure buruetan, geure buruok babesteko beharrezko gauza ditugunen arbuiatzerainokoa, ez ikusterainokoa, axolagabekeriarainokoa. Uste onegia dugu euskaldun izatean, geuk landu dugu ezpata ezin hobean, eta, gehiago gabe, hortzetaraino armaturik datorrenari aurre egiten ausartzen gara. Ez dakigu luzapen bat eskatzen, ala harroegiak gara horretarako. Baina azkenean galdu egiten dugu.
«Irabazi dugu, odolez ta malkoz irabazi dugu» kantatzen genuen garai batean.
Beti galtzen dugu azkenean. Baina ez gara horregatik geure mandora igotzen, ez dugu geure mandorik zalditegitik ateratzen, ez dugu geure mandorik aurretiaz gauzarazten. Ez dugu geure erredolarik ere hartzen, arazorik ez hartzearren haren mailatu zaharren kentzeko, besorik ez nekatzearren. Gero, euskaldun bakoitza aurkitzen gara bat-batera, ustekabean eta nolabait geure buruen alde jokatu beharrean, beti bakarka jokatu beharrean, eta beti «en mala lengua castellana y peor vizcaína», beti ezinbesteko gaztelaniaz mintzatu behar eta beti ezinez eskolan, herriko etxean, edozein sendagile edo auzi-maisuren, dendari nahiz atezainen aurrean, eta geure herri barruan, eta beti inongo babesik gabe gorri eta biloiz jendeki armatu milaren erdian.
«Ezin daiteke Cervantesen liburu hori irakur barru guztiaren asaldakuntza oso eta gozoenik gabe»
Horiek denak esaten dizkiozu Cervantesi Kixote liburua irakurririk eta eraginik?
Liburu horrek poztu egin ninduen eta bultza, eginkizun eta arazo handi eta ohoretsu eta ezbairik gabe zuzenbidezko ageri zitzaidan hamaika handiki, ahaldun eta zaldun gurek bertan behera utzitako gure jende apalaren hain gogokoa den herri ekintzari kemenez heltzera. Herri apalaren aldeko ekintzan gure politiko handi eta ekonomista boteretsuek eman izan diguten hutsaren erdian, gure herriko giza jende lauak —eguneroko ogia irabazteaz gainera—, herritasunari bere izatean eusten egin duen lan izugarri ederraren sutargia ikustera ekarri zuen Kixote-k Jose eta Anastasia Orbelaungoen seme hau, eta gure oinezko jende lauaren titan-ekintzan aurrera jotzera zoratu, eta eskolatik hasita herriko bizimodu guztia zehar euskaldunokiko betiko jokabidearen arrazoirik ezaren eta arrazoirik ez horren arrazoitzeko arrazoia den inperialismo eta kolonialismo nabarmen eta erraldoiaren gutizia irensleari aurka egitera jarri, hego haizearen eraso zoro eta arlotez baino ez bada ere.