Gezurra dirudi, baina mina izan liteke gozagarria. Piperrena denean mina, eta bertakoaren aldekoa apustua eta ahalegina. Mundu bat da minarena, eta piperrena: carolina reaper, ghost, habanero, scotch bonnet, serrano, jalapeño... Urrutiko mundu bat dirudi, eta gutxi batzuen zaletasuna eta (maite)mina, baina Urtzi Berak Orozkon (Bizkaia) landatzen ditu, hartzitzen ditu, eta saltzen ditu botilatxoetan: Cervus saltsa pikanteak. Kakalardo adardun edo arkanbele baten irudia daramate denek: Lucanus cervus. «Itxura hori izan arren, inori kalterik egiten ez dion animalia eder bat delako aukeratu nuen», azaldu du Berak. Saltsen modukoa orduan? Ausartzen ote da norbait?
«Pentsatzen nuen baino askoz pikantezaletasun handiagoa dago gurean. Ez nuen uste horrenbeste zegoenik. Etorri izan zait jendea propio saltsarik pikanteena dastatu nahi duela esanez, eta gero: ‘Ez da hainbesterako’. Argi geratu behar da: pikantearekiko tolerantzia maila ezberdinak daude». Eta argi geratu behar da: Cervus saltsak ez dira tabasko saltsak: «Hori ozpin pikantea hartzea bezala da. Saltsa pikanteek ere zaporea izan behar dute, eta hori lortzea oso zaila da, pikanteak zaporea jan egiten duelako».
Baina nondik nora sartu da ingeniari tekniko bat halako saltsan? «Duela hamar bat urte, Olatz emazteak ortu ekologikoei buruzko ikastaro batean eman zuen izena. Ni landareentzat oso txarra izan naiz beti, baina berarekin joan nintzen. Orozkoko Udalak lursail txiki batzuk jarri zituen gure esku, eta ortua modu ekologikoan lantzen hasi ginen».

Kaiena landareak jartzea otu zitzaion duela sei bat urte. «Eta herri guztiarentzako adina atera zen. Sukaldaritzari oso lotuta egon izan naiz beti. Nire bi amamak oso sukaldari onak ziren, eta ni ere beti aritu izan naiz sukaldean saltsan. Sanblasetan txerri hanken lehiaketa egiten da Laudion, eta aurkeztu egin nintzen. Nire kaienak erabiliz egin nituen, baina pikante gehiegi zeukaten».
Eta hasi zen saltsari neurria hartu nahian Interneten eta liburuetan saltsan. «Ikusi nuen bazegoela modua kaienekin saltsak egiteko, eta hartzidura izan zitekeela modurik egokiena eta antzinakoena. Zaporea aldatu egiten dio, eta, pH-a apalduta, asko irauten du kontserbagarririk gabe». Lagunekin-eta egindako afarietara hasi zen bere saltsak eramaten: «Gustatu egin zitzaizkien. Eta hurrengo urtean hasi nintzen piper minagoak landatzen: habaneroak, jalapeñoak...».
«Pentsatzen nuen baino askoz pikantezaletasun handiagoa dago gurean. Ez nuen uste horrenbeste zegoenik»
URTZI BERACervus saltsa pikanteen sortzailea
Eta apustua egiteko garaia iritsi zitzaion. Tubacexen (Amurrio, Araba) ingeniari gisa zuen lanari eustea, edo aldatzea: «Greba betean geunden, eta hartu beharra neukan erabaki bat. Argazkilaria ere banaizenez, ikastaroak-eta ematen segitzea eta saltsen proiektua abian jartzea zen aukeretako bat. Eta aurrera egin nuen». Ez da damutzen, baina ez da erraza izan. «Pentsatzen nuen baino askoz ere gogorragoa izan da. Lantegia etxe azpian daukat, prozesua jada barneratuta neukan, baina osasun ikuskaritzakoek-eta oso zorrotz jokatu dute. Jende gazte eta hasiberriarentzat ez dute batere erraztasunik ematen, egia esan».
Â
Eta Cervus Saltsak proiektua sortu du, baina Berak dio saltsa horien atzean «filosofia bat» ere badagoela: «Mundu globalizatuaren kontra eta bertokoaren alde egin nahi dut». Landatzen dituen piperrak Kantabriatik (Espainia) ekartzen ditu, eta tipulak ere bai. «Modu ekologikoan lantzen dituen familia bat da. Azoka batean ezagutu nituen. Mota askotako piper pikanteak dituzte». Faltzesko (Nafarroa) berakatzak erabiltzen ditu. «Ekologikoan lantzen dituen mutil bat dago han». Añanako (Araba) gatza erabiltzen du, eta Tologorriko (Bizkaia) sagar ozpina, besteak beste. «Saltsa pikanteak azoketan saltzen ditut, eta inguruko herrietan ere salgai daude: Laudion, Amurrion, Zallan, Areatzan, Artean, Urduñan, Ugaon, Urdulizen...».
Euskal mitologiako izenak
Berak xehetasun guztiei erreparatuz sortu ditu saltsa pikanteak, eta euskal mitologiako izenak jarri dizkie. Basajaun da suabeena: serrano eta jalapeño piper minekin eginda dago, eta su txiki bakarra dauka etiketan —bost gar txikietatik, bakarra dauka argituta, alegia—. «Edonorentzako modukoa da. Pikante oso suabea dauka, eta edozein plateri botatzeko modukoa da». Sugaar da hurrengoa, eta «su gehixeago» dauka —bost garretatik hiru ditu argituak—: fruta tropikalak —Malagako (Espainia) mango ekologikoak, besteak beste—, eta Orozkon landatutako piper minagoak —habanero eta scotch bonnet, besteak beste—. «Jendeari gehien gustatzen zaion saltsa da». Mari da hirugarrena, eta guztietan minena —bost garretatik bostak ditu argituak—: «Saltsaren herena carolina reaper txile piperrarekin dago eginda, munduko txile piperrik pikanteena izendatu zuten duela urte batzuk. Horiez gain, habanero eta ghost piperrak ere badauzka. Hotza kentzeko modukoa da, etiketako bost gar horiek adierazten duten moduan». Izan ere, gezurra dirudi, baina mina ere izan liteke gozagarria.